LAINO ARTEAN, TONTORRARI SO

2020a COVID-19aren urtea izan bazen, aurtengoa txertoena izango da. Txertaketa kanpaina uste baino azkarrago badoa, ekonomiaren gain diren dudak eta mesfidantzak uxa daitezke; alderantziz, zailtasunak agertzen badira, egungo egoera ekonomiko hauskorra areagotzeko arriskua handia da.

Erreniegatik Pirinioetako tontorren ikuspegia, laino artean. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Nassim Taleb matematikari libanoarrak «zisne beltza» izendatu zituen mundu guztia ustekabean harrapatu eta dena hankaz gora uzteko gai diren gertakariak. Amaitu berri den urtean, metafora hori SARS CoV-2 birusean gorpuztu da. Iazkoa koronabirusaren urtea izan bazen, aurtengoa txertoena izango da, baina, urrunean irtenbidearen tontorra ikusten bada ere, goranzko bide hori «luzea bezain zaila» izango da, NDF Nazioarteko Diru Funtsak urriko azken azterketa ekonomikoan adierazten duen bezala. Izan ere, ugariak dira aurrean antzematen diren lainoak.

Zailtasunak egongo direla jakinik ere, abian diren txertoek bidea egitea eta apurka biztanleria osora hedatzea espero dute aurreikuspen ekonomikoek. Agertoki horren arabera, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako erakundeak kalkulatu du aurten munduko ekonomia %4,25 eta 2022an %3,75 handituko dela. NDFk, antzera, iragarri du %4,5eko hazkundea aurten munduan eta %3,5ekoa 2022an.

Munduko ekonomia handienen artean, pandemiaren sorburu izan zen Txinak ahalmena erakutsi du zulotik burua altxatzeko, eta aurten %8tik gora haztea espero dute nazioarteko erakundeek, aurreko hamarkadan izandako erritmoaren gainetik. Euroaren eremuan eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan jarduera ekonomikoak errebotea joko du: NDFk espero du euroguneko ekonomia %5,2 eta AEBetakoa %3,1eko haztea; OCDE, berriz, apur bat ezkorrago ageri da. Dena den, biak bat datoz ondorioztatzean bi eskualde ekonomiko handiok ez dutela 2021ean berreskuratuko iaz galdutako guztia, eta euroaren eremuaren kasuan, nekez lehengoratuko dela 2023 baino lehen.

Egoera ezegonkorra

Egoera oso ezegonkorra da. Munduan, industriak lortu du lehen atzaparkada gainditzea, eta, Txinak gidatuta, 2021 hasterako industria produkzioa 2020ko abiapuntura itzuli da, baina herrialde askotan enpresak uzkur daude inbertitzeko. Nazioarteko merkataritza iaz %16 beheratu zen, eta jipoia are handiagoa da sektore turistikoan. Pandemiari aurre egiteko neurriek bete-betean eragin dute, halaber, zerbitzu sektorean, batik bat aisialdiarekin erlazionatutako jardueretan eta txikizkako merkataritzan.

Zauriok lan munduan azaleratu dira. NDFren arabera, ezarritako neurrien ondorioz, murriztutako lanordu kopurua 400 milioi lanpostu galtzearen parekoa izan da. Horrek ez du laguntzen kontsumoa suspertzen, nahiz eta banku zentral nagusiek diru politika oldarkorrarekin jarraitu eta gobernuek defizit bidez egoerari eusteko zerga politikak ezarri.

Egoera nahasi horretan eragile ekonomikoen konfiantza pitza dezakeen faktoreak nagusitzen badira, lainoak trinkotu eta ezkortasuna areagotuko da; kontrara, konfiantza hauspotuz gero, lainoak saretu eta benetako errebote bat etor daiteke. Bestela esanda: txertoak uste baino azkarrago zabaltzen badira mundu osoan eta eraginkorrak badira, gaur egun ekonomia baldintzatzen duten zalantzak uxatuko dira; baina, alderantziz, oztopoak agertu eta dena uste baino motelagoa badoa, kontsumoa eta inbertsioa are gehiago ahulduko dira.

Arriskua da, pandemia areagotu ahala, ekonomiaren gaineko kaltea areagotu egin daitekeela. Horregatik, kalte hori leuntzen laguntzen duten heinean, ezarritako neurriei eusteko aholkua eman dute nazioarteko erakundeek. «Herrialde guztien helburua izan behar luke, ekonomia ezegonkor dagoen bitartean, ezarritako pizgarriak goizegi edo bat-batean ez kentzea», gomendatu du OCDEk. Asmo hori guztia hankaz gora geratuko litzateke baldin eta inflazioa nabarmen handituko balitz, baina aurreikuspen guztiek ondorioztatu dute prezioek kontrolpean jarraituko dutela.

Zor merkatuak

Ezinbestean, neurrion ondorioz, herrialde ugaritan zor publikoa nabarmen handituko da, gorabidean diren herrialdeen finantza egoera desorekatzeraino. Herrialde horietako askori turismoaren iturria eta atzerrian bizi diren herritarrek bidalitako diruaren iturria itxi egin zaizkie, eta zorrak gora egin du. Harrigarriki, merkatuetan, nazioarteko inbertitzaileek ez dute ihes egin, neurri handi batean, Europako zein AEBetako zor tituluen interes tasak erakargarriak ez zirelako. Nazioarteko Finantza Institutuaren arabera, gorabidean diren herrialdeei aurten zazpi bilioi dolar itzultzea dagokie, 2020an zegokiena halako lau; kanpo zorraren kasuan ere, amortizatu beharreko diru kopurua iazkoaren bikoitza da.

G-20-koek mekanismo bat sortu dute gobernuen arteko finantzaketan 73 herrialde pobreenei zor horren ordainketa urte eta erdiz atzeratzeko. Dena den, ez da nahikoa izango: lehenik eta behin ez zaielako zorra barkatzen; bigarrenik, krisiak zigortutako estatu ugari kanpoan geratzen direlako eta herrialde txiroen zor gehiena inbertitzaile pribatuen esku dagoelako. Azken horiek konbentzitzea eta zailtasunak dituzten herrialdeei arnasa ematea izango da Joe Biden AEBetako presidentearen erronketako bat.

Alta, urtarrilaren 20tik aurrera Etxe Zuriko maizter berri izango denak beste hainbat buruko min ditu. Ikusteko dago zer norabide emango dion politika ekonomikoari. Begirada guztiak Txinarekiko merkataritza harremanetara zuzenduko dira. Trumpek eragindako zauriak sendatzeko gai izango da? Ikusteko dago ere Europako Batasunak Asiako erraldoiarekin lortu berri duen itunak zer ekarriko duen, edo jada errealitate den brexit-ak azkenean zer dakarren egiazki. Beti legez, galderaz beteta dator urte berria, eta ondorengo hilabeteek ekarriko dute erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.