Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Agur murgiltze ereduari

2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Aste honetan, azkenik, onespena eman diote unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialak erabili eta ikastearen inguruan Kataluniako Parlamentuak egin duen legeari. Uste izatekoa zen bezala, ERCk eta Juntsek PSCrekin eta Comukoekin batu dituzte botoak, eta CUPek, aldiz, kontra bozkatu du. Bitxia da, baina proiektua negoziatu zuen Juntseko diputatuak abstentziora jo du azkenean; azaldu duenez, hizkuntzaren aldeko ekintzaile batek ia bi astez egindako gose grebak bultzatuta.

Lege berriak adostasun politiko zabala lortu du, baina hori besterik ez. Sindikatuak, kultur elkarteak eta hizkuntzaren aldeko elkarteak kontra azaldu dira, Omnium salbu. Legea onartu izana larria da bere hartan, baina are larriagoa kontuan hartzen badugu nola urrundu diren klase politikoa eta ekintzaileak.

Lege hau onartzeak berekin dakar, funtsean, murgiltze linguistikoa bukatzea, ezartzen baitu Kataluniako eskoletan gaztelania ere erabili beharko dela «irakas-hizkuntza eta komunikazio hizkuntza gisa». Egia da murgiltze eredua entelekia bat zela Kataluniako leku askotan eta ez zela betetzen, baina katalanismoak, mende bete pasatxoan, sekula ez zuen lehenago halako pausorik eman, espainiera beren herrialdeko «bertako» hizkuntza gisa onartzekoa.

Guztiok irudipena dugu Kataluniako Gobernuko irakaskuntza kontseilaria edo presidentea bera inhabilita ez dezaten egin dutela urrats hori; alegia, judizialki hertsatuta jokatu dutela. Baina horrek ez du esan nahi urrats asaldagarria eta etsigarria ez denik. Baziren beste aukera eta posibilitate batzuk, baina aldebiko gobernuak ez du horien berri entzun nahi izan.

Eta, zurrunbilo horren guztiaren erdian, Gabriel Rufian TV3en azaldu da esanez Puigdemont presidentea «txoropito bat» izan zela 2017an independentzia aldarrikatzeagatik, eta, pentsatuko duzuen bezala, Martxelo eta Maria, sekulako eskandalua piztu du horrek. Rufianek, derradan bidenabar, 2012ko azaroan harro-harro jakinarazi zuen berak bere eskuz blindatua zuela murgiltze linguistikoa Madrilen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.