Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Monica Oltraren lurrikara

2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Lurrikara politiko izugarria izan da Monica Oltrak Valentziako Gobernuko presidenteorde kargua utzi izana. Judizialki inputatua izan ondoren, argi zegoen Oltrak ezin zuela jarraitu karguan, baina berak ez zuen ikusi nahi. Compromiseko buruzagi batzuek, pribatuan, onartzen zuten Oltrak kargua utzi behar zuela, baina, zeozergatik, koalizioak erabaki zuen publikoki liderra defendatzea, eta zerrendaburu izandakoa goraipatzeko baliatu zuen Valentzian egitekoa zen ekitaldi handi bat.

Larunbatean izan zen hori, eta asteartean Oltrak dimisioa eman zuen. Ximo Puig presidenteak Compromis mehatxatu zuen, esanez gobernutik botako zituela Oltrak dimisioa ematen ez bazuen, eta oso mehatxu serioa da hori tamalez indarrean dugun alderdi politikoen sisteman. Inork ez du galdu nahi kargua; beraz, Oltrak agur esan behar izan du, ezinbestean.

Oltrak ezohiko prentsaurreko batekin alde egin zuen, eta minduta agertu zen Ximo Puigekin eta Alderdi Sozialistarekin, oso minduta. Esan zuen politika neoliberalen alde makurtu ezean haiek zu akabatzen zaituztetela, epaileak eta kazetariak erabiliz; hitz oso gogorrak esan zizkien horiei.

Berehala, Compromisek Aitana Mas izendatu zuen Oltraren ordezko, eta denak ohiko bilakaera izan du, itxuraz. Hala ere, kontua da ikustea Monica Oltrak PSOEren eta Puig presidentearen aurka izan duen jarrera gogor hori haserrealdi moduko bat baino ez den izan, egoera pertsonalarengatik, edo Valentziako nazionalistek PSOErekin duten harremana birplanteatuko duten. Eta, bide batez, PSOErekin duten mendekotasuna, hori baita arazo nagusia, azken finean.

Galizian izan ezik, Maria, non nazionalismoa PSOE baino gorago dabilen eta hura garaitu nahi duen, gure gainerako herrialdeetan nazionalistek, ezkerrekoek batez ere, uste dute alderdi ahulagoak direla, erregimen frankistaren ondorengo alderdi nagusiaren mendekoak, hau da, Alderdi Sozialistaren mendekoak. Ea egunen batean, belarrondoko batzuk hartu eta gero, konturatzen diren PSOE garaitu ezean ez dela inoiz aldaketa demokratikorik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.