Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

'Gerrazibilismoa' Madrilen

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ez dut gogoan, Maria eta Martxelo, nor aditu nuen lehenbizikoz gerrazibilismo hitza erabiltzen, Madrilen elkarren aurka egiteko duten modu ezin bortitzagoaz mintzatzeko. Madrilen lan egiten duten politikariek elkarri erantzuteko duten modu bortitzaz ari naiz, zehazki.

Ez dut gogoan nori aditu nion hitza lehenbizikoz, baina bai hagitz egokia iruditu zitzaidala. Izan ere, aste honetan bezala jokatzen ikusten ditugularik, ematen du zera dugula begien aitzinean, Espainiako Bigarren Errepublikako, hots, altxamendu frankistaren ondorioz odoletan ito zen hartako kronika parlamentarioetan hainbertze aldiz irakurritakoa.

Bistan denez, badakit 1936tik 1939ra gertatutakoa ez zela gerra bat izan, eta are gutxiago gerra zibil bat. Estatu kolpe bat izan zen, inongo zalantzarik gabe, gainera. Baina, halarik ere, gerrazibilismo hitzak ongi adierazten du zer giro zegoen altxamenduaren aitzinetik, eta nola ireki zen bidea Francoren erregimen kriminala justifikatu ahal izateko gerora.

Aste honetan Espainiako Parlamentuan izandako zenbait istiluk modan paratu dute berriz hitz hori. Eta deigarria da ikustea zein antzekoak diren duela ia mende bateko hizpideak eta oraingoak, batez ere eskuin muturrak eta muturreko eskuinak ekarritakoak: komunistak batetik, feministak bertzetik 30eko urteetan oraindik ez zuten kontzeptu hori erabiltzen, baina orduan ere gertatzen ziren orain gertatzen diren zenbait gauza, eta euskaldunen eta katalanen kontrako jarrerak ere tartean. Espainia zatituaren mamuak etekinak ematen ditu oraindik ere.

Eta horrek guziak bere hartan irautea Espainiaren porrot handitzat har dezakegu, hain zuzen. Felipe Gonzalezen garaipenaren ondotik, irudi berri bat saltzeko maniobra abiatu zuen Espainiak, bere iragan ezin ilunagoa ezabatzeko asmoz. Baina hortxe dituzue berriz ere, kide maiteok: gerrazibilismo erakustaldi betean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.