Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Abstentzioa

2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Herrialde Katalanetan, hauteskundeetako protagonista nagusia abstentzioa izan da, abstentzio politikoa. Printzerrian, herritarrak ez daude pozik alderdi independentistekin; ondorioz, Esquerra Republicanak sekulako zartakoa hartu du, zenbat-eta 300.000 boto galdu baititu kolpean, eta Juntsek eta CUPek ere galera txiki baina esanguratsuak izan dituzte. Bestalde, bistakoa da Xavier Triasek Bartzelonan lortutako emaitza bikainek datuak apaintzen lagundu diotela Juntsi; hain zuzen, Triasek bere alde erabili du askok Ada Colau udaletik kanporatzeko zuten beharra, eta, hala, sektore politiko guztietako botoak bereganatu ditu. Valentzian gertatutakoak ez du horrenbesteko oihartzunik izan, baina Kataluniakoa bezain garrantzitsua izan da. Han, Compromisek eta Esquerra Unida del Pais Valenciak 250.000 boto baino gehiago galdu dituzte, eta abstentzioa ere antzera handitu da.

Espainian, interpretazio ia euforikoa egin dute abstentzio horren inguruan. Mugimendu subiranistak indarra galdu duen seinaletzat jo dute boto galera hori. Hemendik begiratuta, ordea, justu kontrakoa dirudi. Jendearentzat, abstentzioa oso bide indartsua da gogaituta dagoela erakusteko, eta agerian uzten du kontzientzia politiko izugarria dagoela. Oinarri independentistak gainjarri egin zaizkie aldarri apokaliptikoei eta xantaiei, eta erabaki dute aski dela, aurrerantzean ez dutela jasango alderdiek haien botoak erabiltzea politika absurdoak martxan jartzeko. Eta, iruditzen zaienez alderdi politiko batzuk konbentzituta daudela edozer gauza egin dezaketela haien botoekin, erabaki dute zuzenean botorik ez ematea.

ERCri dagokionez, hilzorian dago alderdi horrek 2017tik egin duen apustu politikoa, bai udal hauteskundeetan izan dituen emaitzengatik, bai Espainiako presidentetza hauteskundeetarako egin den deialdiagatik. Ez elkarrizketa mahairik, ez argitasun akordiorik, ez Madrilekin negoziatzeko gaitasunik,ez oinarria zabaltzerik, ez ezer. Junquerasenek hura da hondamendiaren errudun nagusia metropolialdean PSCri aurre egiteko aukera gisa planteatu zituzten udal hauteskundeak, eta erabateko porrota izan dute.

Bereziki mingarria da Gabriel Rufiani gertatutakoa. Santa Coloma de Grameneten aurkeztu zen, esanez aldatu egingo zuela hiriaren joera, beti sozialistak izan baitira nagusi han; hain zuzen, PSCk hamazazpi zinegotzi zituen, eta ERCk, hiru. Kanpaina mediatiko erraldoi bat zuen bere alde, alderdiaren eta gobernuaren babes osoa, eta zenbait promes polemikok mesede egin behar zioten. Hala ere, hau izan da lortutako emaitza: PSCk hamazazpi zinegotziei eutsiko die, eta ERCk, hiru izan beharrean, lau izango ditu. Halaxe daude kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.