Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Estrasburgo

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Ostegunean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezezkoa eman zion Jordi Turullek Auzitegi Gorenaren sententziaren kontra aurkeztutako babes errekurtsoari. Helegitea aztertu duten bederatzi magistratuek ez dute aho batez hartu erabakia; izan ere, haietako bik, Juan Antonio Xiol Riosek eta Maria Luisa Balaguerrek, boto partikularra eman zuten. Auzitegi Gorenak hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zion Turulli, sedizioa eta diruaren erabilera bidegabea leporatuta.

Garrantzitsuena zera da: orain, erabaki horren ondorioz, Turullen defentsak Estrasburgora jo dezakeela, Giza Eskubideen Europako Auzitegira. Orain arte, Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen iritzirik emana sedizio delituaren eta bidegabeko erabileraren inguruan, eta hartu berri duen erabakiak Europarako bidea ireki du formalki, presoen defentsek aspalditik espero zuten moduan. Eta bide hori modu egokian ireki da: sententzia baliogabetzea eskatzeko orduan, askoz errazagoa izango da preso politiko katalanak defendatzea.

Lehenik, Konstituzionalean bertan dagoen zatiketagatik; izan ere, bi boto partikular egon izanak esan nahi du erabakia auzitan jarri dela instantziarik gorenetan. Eta horri gehitu behar zaio bi magistratu auzitik kendu zituztela, Puigdemont presidenteak eta Toni Cominek aurkeztutako errekusazio baten ondorioz; bi horietako bat, hain zuzen, auzi horretako magistratu txostengilea zen: Candido Conde-Pumpido.

Irregulartasun horiek, beraz, bidea zabaldu dute Espainiako justiziak egurra jaso dezan, eta are gehiago kontuan izanda abokatuek modua daukatela, izango dutela, Juan Carlos Campo Espainiako Justizia ministroaren deklarazio publikoak erabiltzeko auzitegian. Izan ere, hura Zigor Kodearen erreforma proposamenaren alde azaldu da parlamentuan, argudiatuta ezen sedizio delitua, preso katalanei egotzi zaien delitu nagusia alegia, figura arkaikoa dela, «XIX. mendean ohikoa zena», eta ez daukala baliokiderik Europako gainerako jurisdikzioetan.

Pixkanaka, beraz, irekitzen hasia da hemen «epaiketaren epaiketa» esaten zaion horren atea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.