Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Ihes egin zion Tamamesi

2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Ramon Tamamesen ateraldi batbolo-bolo ibili da hedabideetan, 1934an kokatu baitzuen Francoren gerraren hasiera, eta Largo Caballerori leporatu hura piztu izana. Askok frankismoaren oinarrizko teoria baten onarpentzat jo dute komunista zaharraren adierazpen hori: teoria hori altxamenduaren kriminalitatea arintzen ahalegintzen da, errua era berean egotziz bai errebeldeei, bai demokraziari eta legitimitateari leial izan zitzaien guztiei.

Hala ere, niri Tamamesen beste esaldi batek eman zidan atentzioa, interesgarriagoa baita. Frankismoaren beste mutur kronologikoari dagokio: trantsizio negargarri hori azaltzea otu zitzaion, eta lau aldi marraztu zituen; lehenengoa —eta, hortaz, demokraziari hasiera eman ziona— Erreforma Politikorako Legea izan zen, gorte frankistek onartua. Xehetasun interesgarria da, inondik ere. Aspalditik esaten ari naiz —Tamamesek ordezkatzen duen horren antipodetatik, jakina— 1978ko konstituzioa ez dela gaur egun dugun demokrazia ezinago inperfektu honetako pieza erabakigarria, baizik eta 1977ko Erreforma Politikorako Legea dela giltzarria. Alegia, eta horrek ihes egin zion Tamamesi, frankismoak gidatu zuela gaur egungo konstituzioa, eta erregimen hark moldatu zuela, bere helburuak lortzearren. Beharbada, Martxelo eta Maria, gogoan izango duzue zer erantzuten zuten frankistek zera galdetuz gero: «Eta Francoren ondoren, zer?»; «Francoren ondoren, instituzioak», erantzuten zuten, eta hala izan da.

Kontrol horrek moldatua da Espainiako Konstituzioa, gaur egun oraindik indarrean dagoen hori. Eta hauxe du jatorrizko bekatua, hain zuzen: parlamentu ez-konstituziogile batek idatzi zuela, eta inork ez zuela parlamentu hori aukeratu eginkizun hori bete zezan. Frankismoaren Erreforma Politikorako Legeak ezarri zituen konstituzioaren muina eta oinarririk sakonekoak. Bada nabarmentzeko moduko xehetasun bat ere: Juan Carlosek ez zuela sekula egin 1978ko konstituzioaren zina, ordukoa ez baitzen izan iraganarekiko etenaldi bat, baizik eta iraganaren garabide logikoa, eta Juan Carlosek lehendik zin egina baitzuen leial izango zitzaiola... kaudillo zeritzon hari.

Hori gogoan edukita, jakin nahiko nuke zergatik haserretu den hainbeste jende gerra 1934an hasi zela dioen kontakizun historiko desitxuratuagatik, eta zergatik haserretu den hain jende gutxi demokrazia 1977an hasi zela dioen kontakizunarekin. Konplize direlako? Lotsa ematen dielako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.