Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hizkuntza, oraindik ere

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
CUPeko diputatu Albert Botran eta BNGko diputatu Nestor Rego hitzik gabe geratu dira aste honetan Espainiako Kongresuan, eta ez da esaera bat. Hezkuntzaren legeari buruzko eztabaidan, bata katalanez mintzatu zen, eta bestea galizieraz. Beste bozeramaile batzuk ere halaxe jardun ziren, baina espainierara aldatu ziren Batet ganberako presidente katalanak hala egiteko adierazi orduko. Botran eta Rego, ordea, ez; beren hizkuntzan segitu zuten hizketan, eta, horren ondorioz, tribunatik kanporatu zituzten.

Bitxia bada ere, 2017ko urrian, Batet presidenteari —artean diputatu soila zelarik— utzi egin zioten katalanez hitz egiten, heltzear zen independentzia aldarrikapenari eraso ziezaion. Are gehiago: Ana Pastor bera, ganberako orduko burua, ausartu zen esatera bera ere «lurralde elebidun» batekoa zela izatez. Pastor andrea Bierzo eskualdekoa da: gaztelau-leondarra ofizialki, baina galizieraduna mintzairaz.

Berotasun linguistiko hura salbuespen gisa baino ez zen onartu, Kataluniaren independentziari kontra egitearren, aste honetan ikusi dugunez. Rego eta Botran dira adibide argi eta garbia, hain zuzen, Espainia ez dela inondik ere gai aniztasuna zaintzeko, hainbat gutxiago sustatzeko.

Kontua da aste honetako keinuak berritu egin digula aspaldiko eztabaida: zer gertatuko litzateke Kongresuko diputatuek egunero normal-normal jokatuko balute Botranek eta Regok aste honetako eztabaidan salbuespen gisa jokatu duten moduan?

Diputatuak 350 dira guztira, eta horietatik 140, hain zuzen, probintzia ofizialki elebidunetakoak dira. Bistakoa da guzti-guztiek ez dakitela katalanez, euskaraz, galizieraz edo asturieraz; gainera, batzuk ez lirateke inola ere mintzatuko horietako ezeinetan, politika kontuengatik. Baina, indar subiranistak soilik kontuan hartuta, badira berrogeiren bat, eta egunero-egunero berrogei diputatu hitzik gabe uzteak jasangaitz bihurtuko luke egoera, eta seguru nago arrazoizko modu bakarrean konponduko litzatekeela azkenean: Espainiako Parlamentuan errealitate eleaniztun hori islatuz, errealitate hori ezkutatzeari eta jazartzeari utzirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.