Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Boye

2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun

Joan den asteartean, VilaWeb-en harpidedunek eztabaida bat antolatu zuten Jon Iñarriturekin eta Isabel Elbalekin. Halako eztabaidak egin ohi ditugu, laurehunen bat harpidedun bilduz. Astearteko eztabaidan, ordea, funtsezkoa izan zen beste pertsona bat: Gonzalo Boye, Isabel Elbalen bikotekide eta lankidea —abokatuen bulego profesional bat zuzentzen dute elkarrekin—. Aretoaren barrenean eseri zen, modu ezinago diskretuan, eta adi-adi geratu, mundu guztiak bera hizpide nola hartzen zuen. Ez zen gutxiagorako. Handik ordu gutxira, Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan beharra zeukan, narkotrafikoan aritzeaz akusatuta. Eta eztabaida saioa baino ordu batzuk lehenago, Polizia oldarrean sartua zitzaion etxera, haren telefonoak eman zezakeen edozein informazio bildu nahian. Hura abokatutzaren eskubideen kontrako eraso bat izan zen, Martxelo, zure herrialdean ere aurrekari agerikoak dituena. Eraso horrek esku hartzera behartu du NBEk epaileen eta NBEk letraduen independentziarako duen kontularia bera, bai eta jendaurrean salatzera ere.

Jokaldi ezinago zikin bat izan da, Gonzalo Boye bera eta hark Isabel Elbalekin batean duen bulegoa zikindu nahi zituena, baina are eta urrunago joan da, argi eta garbi. Boye du abokatu Puigdemont presidenteak Belgikan, eta egun gutxi barru izango da hirugarren euroaginduaren inguruko auzi saioa. Boye Belgikako epaitegian ez agertzea lortu nahi al zuten? Defentsarako informazio esanguratsua lapurtu nahi al zuten edozein aitzakiarekin?

Biharamunean, fiskaltzak ez zuen ezertaz ere konbentzitu epailea, baina telefonoa eta haren bidez lorturiko eduki guztiak, horiek bai, berentzat hartu zituzten. Beste egun bat Espainiaren demokrazian, monarkia berezi horretan, non ohorerik handienaz lekualdatzen baitituzte duela berrogei urte hildako diktadoreak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.