Disney Plus katalanez hasi da, apal bada ere

Disney Plus plataformak bi film jarri ditu katalanezko audioarekin. Katalanaren eskubideen alde lanean ari diren mugimenduei esker izan da hori. Gehiago iritsiko direla iragarri du Kataluniako Generalitateak.

Frozen 2 animaziozko filma katalanezko audioarekin ikus daiteke Disney Plus plataforman. BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Eskatu eta borrokatu gabe, nekez lortzen dira helburuak. Eta katalanek gogotik landuta lortu dute Disney Plus ordainko plataforma edukiak katalanez eskaintzen hastea. Aurrenekoz, joan den astean jarri zituen plataformak bi zinta, katalanezko audioarekin: Frozen 2 eta Espies disfressats. Horraino iritsi aurretik, Plataforma per la Llenguak 30.000 sinadura baino gehiago bildu zituen, Disneyri eskatzeko katalanera bikoiztuak dauden lanak katalanez jartzeko.

Edonola ere, hasiera apala izan da, eta Plataforma per la Llenguak ez du ontzat jo. Katalanaren eskubideak defendatzen dituen taldeak salatu du «zazpi hilabete berandu» iritsi dela, eta katalana ez dela hizkuntzen menu nagusian ageri. Gainera, bi filmak katalanez aurkitzeko, Extras atalean egin behar da bilaketa. Horrez gain, taldeak salatu du Espies disfressats filma topatzeko gaztelaniaz egin behar dela bilaketa.

Bi film horiek katalanez jarri aurretik, Plataforma per la Llenguak Generalitateko Hizkuntz Politikarako sailari —Disneyrekin harremanetan egon da prozesuan— eskatu zion egutegi bat, jakiteko noiz gehituko zituzten filmak «eduki gehigarrietan» eta noiz egongo zen katalana hizkuntzen menuan. Baina ez du erantzunik jaso, eta taldeak aitortu du espero zuela lehen fase batean agertuko zirela katalanezko film guztiak, «eta ez tantaka».

Amazonen, bai; HBOn, ez

Disney Plus zerbitzuari ez ezik,beste streaming plataforma batzuei ere galdegin die Plataforma per la Llenguak ea zer asmo duten katalanezko edukiekin. Amazon Prime Videok, adibidez, baditu zenbait eduki katalanez, baina, gehienetan, filmen edo telesailen bilaketa beste hizkuntza batzuetan egin behar da. Harry Potterren sail osoa katalanez ikusteko modua dago, aurreneko filma izan ezik. American Gods telesaila osorik katalanezko azpidatziekin ikus daiteke. Halaber, jatorriz katalanezkoak diren bi telesailkatalogoan daude: Polseres vermelles eta Cites. Plataforma per la Llenguak kexua helarazi zion iazko udaberrian Amazoni, Les 3 bessones animaziozko saioa ez dutelako katalanez jarria. Handik gutxira katalanez jarri zuten, nahiz eta taldeak aitortu duen ez dakiela zein izan den horren arrazoia. Bestalde, Tots els camins de Déu eta El camí més llarg per tornar a casa filmen katalanezko bertsioa ez dute, berez, zerbitzuan, baina ikusleek gaztelaniazko bertsioa aukeratzen baldin badute, katalanezkoa agertzen zaie.

Plataforma per la Llenguak salatu du HBOk ez duela film bakar bat ere katalanez. HBOn kexua azaldu ostean, plataformak birritan erantzun dio teknikoki ez dela posible katalanezko azpidatziak edo audioak jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.