martxelo otamendi
Enbaxada bila

Balizko estatu kontseiluan

2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Gu biok sekula egongo ez garen egoera bat proposatzen dizut. Estatu Kontseiluko bilera batean gaude, Kontseilua, esan gabe doa, Espainiakoa da. Txosten bat egiteko eskatu digute, ezagutzera ematen ez dituzten horietako bat, galdera honekin. «Zer komeni zaio Espainiaren batasunari, Masek gehiengo osoa lortzea edo gehiengo sinplearekin irabaztea?».

Joan gara bilerara, eta hasi da eztabaida. Nik planteatu dut Espainiari Masen gehiengo osoa komeni zaiola, beste independentisten presiotik libre, nahi duen erritmoa ezartzeko; eta Espainiari geratzen zaion aukera bakarra Mas eta inguru sozioekonomikoa seduzitzeko horixe dela, Mas gehiengo osoarekin. Eskuak lotuta eduki gabe.

Zuk bileran egindako galderak eztabaida sutsua piztu du: «Masek atzera egin dezan aukerarik ba al dago jadanik?». Luze jardun dugu eztabaidan, baina nik neureari eutsi diot. Lotu gabeko Mas behar du Espainiak. Eta hala bada, zertara dator azkeneko asteotan horrelako egurra ematea Masi, boto gehiago biltzeko baino balio ez badu? Abantaila handia daukagu Espainiako pasaportea eduki baina espainiarrak ez garenok. Espainian ez dute sedukzioa gustuko. Erraiekin egindako politika atsegin dute, luzera kaltegarria suertatuko zaiena; baina ez die axola, unean unekoa egiten dute, eta atzetik datorrenak konponduko du, ohartu gabe egoera, zuenean behintzat, konpongaitza izateko zorian dela.

Irudikatzen al dituzu Madrilgo metroko seinaleak lau hizkuntzotan? Espainieraz, katalanez, euskaraz eta galegoz? Eta beste horrenbeste Espainia osoko egoitza ofizial guztietan? Ikurrina jarrita Donostiako Loiolako Kuartelean, eta senyera Gobernu Militarrean, Bartzelonako Rambletan? Eta ikasgai hau, derrigorrezko, Espainia osoko eskoletan: «Espainia plurinazionala». Askoz ere zailago izango zitzaigukeen independentziazale izatea, gure bizitzako lehen 40 urteak egoera seduzitzaile horretan bizi izan bagenitu. Baina, gure zorionerako, ez da horrela izan.

Mugitu, Kontseiluko seduzitzaile apurrak ohartu baino lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.