Bilboko Ganberak espero du 2020an 12.000 lanpostu sortzea Bizkaian

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %2,3 haziko da aurten. Nazioarteko egoerak industriaren bilakaera geldotu lezake

Juan Carlos Landeta eta Jose Angel Corres, atzo, Bilbon egindako agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Aurreikuspen ekonomiko positiboa egin zuen atzo Jose Angel Corres Bilboko Ganberako presidenteak. Positiboa, ekonomia bide onean dagoelako, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa haztea espero duelako 2019. eta 2020. urteetarako: %2,3 eta %2, hurrenez hurren. Ekonomiaren hazkunde horren eraginez, datorren urtean langabezia tasa %10etik jaitsiko dela islatu du ganberak egindako txostenak, eta Bizkaian 12.000 lanpostu berri sortuko direla. Halere, Corresek nabarmendu zuen goraldi horrek ahulguneak dituela. Horregatik, zuhurtzia erantsi zion baikortasunari, Bizkaiko enpresarien konfiantza adierazlea iazkoa baino apalagoa baita.

Bilboko Ganberak lurraldeko enpresen artean egiten duen inkestaren datuak aurkeztu zituen Corresek, eta, azaldu zuenez, nazioarteko testuinguru aldakorrak eragina izango du euskal enpresen artean. Brexit-aren, AEBen eta Txinaren arteko gerra komertzialaren, eta autogintza sektorearen erronken garapenei beha daude enpresa asko, zer gertatuko. «Kanpoko eskaera jaisten ari da, eta horrek ezegonkortasuna ekarriko du; ondorioz, aurreko urteetako hazkunde ekonomikoa bultzatu zuen eragilea geldotu egingo da». Horregatik hitz egin zuen hain zuhur, nazioarteko testuinguruak zuzenean eragingo diolako bertako ekonomiari.

Ezegonkortasun horrek zuzenean eragingo lioke industriaren sektorea, azaldu zuenez. Izan ere, «enpresa indartsuenak horiek izan ohi diren arren, kanpoko merkatuen bilakaerarekiko ahulenak ere badira era berean». Sektore horietako enpresek nazioartekotze tasa handiak dituzte, eta kanpoko egoerak lehenago eragiten die eurei. Corresek azaldu zuenez, gainera, euskal ekonomiak esportazioari esker eutsi zion krisialdi ekonomikoaren garaian, baina «gaur egungo dinamismo gabeziak geldotu egingo du goranzko bilakaera hori».

Bilakaera horren lekuko jarri du autogintza sektorea. Izan ere, «orain, etorkizuneko egitura nolakoa izango den definitzen ari da, eta horrek ahulgune hori ekarri du».

Bestalde, txostenak zehaztu du Bilboko Portuko trafikoa iazko zenbatekoetan dagoela. Maiatzera arte bildutako joan-etorriei dagokienez, 14,9 milioi tonako trafikoa izan du portuak. Corresek gogora ekarri zuen, ordea, hilabete hauetan Petronorrek geldialdi teknikoa egin duela, eta hala ere iazko zenbatekoetan jarraitzen duela. Kontuan hartu behar da findegiak portuko trafikoaren heren bat ordezkatzen duela. Hori dela eta, ohartarazi zuen ikusteko dagoela ea zer bilakaera izango duen urteko bigarren seihilekoan.

Turismoa, estrategikoa

Turismoa azken urteetan hartzen ari den indarra ere nabarmenduzuen Bilboko Ganberako presidenteak. Izan ere, Loiuko aireportuko bidaiarien joan-etorriak %5,2 handitu dira maiatzera arte, eta turistek Bizkaian egiten dituzten lo egunak ere %4,9 ugaritu dira. Hala ere, ostalaritza sektorean gehienek uste dute negozioa ez dela hobetuko. «Egia da sektoreko eragile batzuek gehiago irabaztea espero dutela, eta hori begiratu egin beharko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.