Ana Urkiza. Eusko Ikaskuntzako lehendakaria

«Herri ikuspegi bateratua areago lantzea lortu nahiko genuke»

Krisiz krisi doa egungo gizartea, eta horrek eragina izan du Eusko Ikaskuntzaren ikerlanetan ere. Halere, Urkizak azaldu duenez, «ziurgabetasun» testuinguruan ere ez du galdu erakundeak epe luzeko begirada.

JON URBE / FOKU.
Iosu Alberdi.
Donostia
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Irailean bi urte bete ziren Ana Urkizak (Ondarroa, Bizkaia, 1969) Eusko Ikaskuntzako lehendakaritza hartu zuenetik. Bi urte hauetan egindakoez eta dituzten erronkez aritu da BERRIArekin. «Zubi» gisa irudikatu du euren lana, erakundeen eta gizarte zibilaren arteko bitartekari gisa.

Nola definituko zenuke orain arte egin duzuen bidea?

Lan handia egin izanaren sentsazioa daukat. Gizartearentzat oso momentu zailean hartu nuen lehendakari kargua. Halere, elkartea ez da momentu bakar batean ere gelditu, ez da ezer bertan behera gelditu. Moldatu egin behar izan ditugu egin beharrekoak, eta egoerak berak ere galdera gehiago sorrarazi dizkigu. Gainera, 2020an lau urtekorako ezarri genuen programarekin darraigu, eta ondo doala esango nuke.

Egungo testuinguruan non kokatzen du bere burua Eusko Ikaskuntzak?

XVIII. kongresuan, Eusko Ikaskuntzak bere funtzio berrituaren berri eman zuen, eta ibilbide berri batekin hasi zen. Hor jaso zen helburua da herri gisa dugun etorkizuna irudikatzea, eta aurreikustea etorkizun horretarako beharrezkoak zaizkigun eginbeharrak. Gizarte zibilaren ordezkaritza funtzioa da gurea.

Batetik, zazpi probintzietatik eta zazpi probintzietarako lan egiten dugun erakunde gutxietako bat gara, eta hor funtzio bat daukagu. Bestea da agente ezberdinen artean zubi lana egitea. Eusko Ikaskuntzak momentu honetan ez du proiektu bakar bat ere bakarrik egiten. Zubi lana egiten dugu baita ere erabakiak hartu behar dituzten erakundeen eta gainontzekoen artean, lanketak erakunde publikoetara helarazteko.

Lurraldetasunaren alorrean, non ari zarete indar egiten?

Helburu bat litzateke euskal lurraldetasunaren inguruan egiten ari garen lana erakunde publikoek areago indartzea eta sustatzea. Herri oso txikia gara, eta erakunde asko ditugu. Eusko Ikaskuntzak eskaintzen duena herri ikuspegi bateratua da. Eta herri ikuspegi bateratu hori areago lantzea lortu nahiko genuke. Erakunde publiko guztien aldetik.

Egin dituzte urratsak?

Ari dira, eta horretan jarraitu beharra daukagu. Eusko Ikaskuntzak hor badauka zubi lana egitea. Azken bi urte hauetan izugarri indartu dugu irekitzen ditugun proiektuak zazpi lurraldeetarako eta zazpi lurraldeetatik lantzekoak izatea.

Elkarlanari lotuta. Helburu gisa jarri zenuten agenda propio bat ezartzea, eta hura erakunde publikoetara eramatea.

Eusko Ikaskuntzak epe luzerako begirada dauka, eta erakunde publikoek epe ertainean edo laburrean lan egiten dute; lau urtekoari begira. Oso garrantzitsua da ikuspegi luze hori mantentzea eta erakunde publikoetako ordezkariekin partekatzea, eta, aldi berean, erakunde publikoek dituzten premiei ere erantzuten jakitea. Ikuspegi luzekoak diren eta herrigintzarako nahitaezkoak diren proiektuak lantzen dihardugu. Horrek ez du esan nahi epe laburrean dabiltzan erakunde publikoekin ez direla harremanak estutzen.

Eta gainerako agenteekiko harreman sareak?

2020ko abenduan egin genuen lanketa bat zehazteko zeintzuk liratekeen sare horretan egon beharko luketen erakundeak. Horiek dira, hain zuzen ere, esku artean ditugun proiektuak lantzeko beharrezkotzat jotzen ditugunak. Batzuk saretze instituzionalak dira, eta beste batzuk, funtzionalak; proiektu jakin batzuk aurrera eramateko behar direnak. Euskal Herriko unibertsitateekin egindakoa da bat.

Lehenik pandemia izan zen, eta orain, gerraren ondorioak eta energia krisia. Nola definituko zenuke Euskal Herriaren egungo egoera?

Datorkidan lehen ideia da ziurgabetasun sentsazioa. Horrek ez du esan nahi Euskal Herria gaizki ikusten dudanik, baina herritarrok daukagun sentsazioa ziurgabetasunarena da. Gurean, eremu batzuetan areagotu egiten da; txikiak garelako, testuinguru jakin batean bizi garelako. Batez ere, nortasun eta identitate gaiekin. Eta noski, trantsizioen gainean mundu guztiak dituen erronkak ditu Euskal Herriak: digitala, energetikoa, sozioekonomikoa. Zerbitzu publikoen inguruan ere mundu guztiak dituen premiak gurean ere badira.

Euskal nortasunaren gaineko azterketa da esku artean duzuen gai garrantzitsuenetako bat. Zeri erreparatu behar zaio euskal nortasunaz aritzeko?

Nortasun bat baino gehiago ditugu Euskal Herrian. Beraz, aniztasunaren ikuspegitik abiatu beharra dago. Oinarrietako bat da lurralde guztietan amankomunak diren elementuetan egitea lehenbiziko azpimarra. Hain zuzen, Eusko Ikaskuntzaren helburu nagusietako bat, lurraldetasuna lantzeaz gain, lurralde horretan kohesioa lantzea da, eta, kohesioa landuko bada, horrelako gai potente batekin, izan behar du denentzat kohesionagarri den emaitza batekin. Abiaburuetako bat hori izango da: zeintzuk ote diren bateratzen gaituzten elementuak identitate horren definizioan.

Egungo testuinguruak eragina izan du ongizate eta gobernantza sistemetan ere. Eztabaida horien garrantzia areagotu da?

Ongizatearen inguruan, bai. Eskaera handitu egin da gai honen inguruan lanketak egiteko. 2020an bazkide pila batek deitu eta idatzi zuten esanez pandemiaren egoerari erantzuteko unea gurea zela. Eurek ikusten zuten Eusko Ikaskuntzak bazuela gaitasuna hori aztertu eta irteera bat emateko proposamenak egiteko. Niretzat opari bat izan zen hori barrutik bizitzea; ederra da bazkideek horrela ikustea.

Eta aztertu duzue gaia?

Egin genuen hausnarketa propio bat gai horren inguruan, eta 2019an jada hasita zegoen proiektuari segida eman zaio. Orain dela bi aste egin dugu azken topaketa Bilbon. Interes handia sortu du, eta datorren urteari begira ere lankidetzan jarraitzeko asmoa dugu. Bete-betean ari gara.

Herritarren parte hartzea. Nola? Noiz? Zertarako?

Gizarteak eraman duen ibilbideagatik, gaur egun asko delegatzen da erakunde publikoetan. Baina ikusten dugu etorkizuneko gizartean norbanakoaren eta gizarte zibil antolatuaren parte hartzea are eta beharrezkoagoa izango dela herritarren eta erakunde publikoen arteko harreman horretan eta erabakiak hartzean. Uste dut oso beharrezko funtzioa beteko dugula proiektuak eta emaitzak zehaztean, baita harreman horretan zubi lana egiteko edo beharrezkoa den parte hartze hori bermatzeko ere. Benetan esateko erabakiko diren gaiak kontrastatuta datozela.

Horren adibide litzateke EAEko Hezkuntza Legearen eztabaidan izaten ari zareten rola?

Eusko Ikaskuntzak duela bi urte ireki zuen proiektuetako bat da euskal hezkuntza sistemaren ingurukoa. Helburua da euskal hezkuntza sistema bateratu baterantz joateko bidean ekarpenak jasotzea, ikuspegiak bateratzea eta amankomuneko elementuak ateratzea posible egin dezaten.

Ibilbide luzeko bidea egiten ari ginela, premia puntual bat etorri zen. Eusko Ikaskuntzak bere tokia ireki du euskal hezkuntza legearen lanketa horretan, agente ezberdinen arteko topaketa guneak jarri ditu gai konkretu batzuen inguruan eztabaidatzeko eta parte hartzaileen artean amankomuneko ikuspegiak lantzeko.

Etxe barruan ere erreparatu diozue parte hartzeari.

Kontua da ea nola lortu dezakegun sistema bat jendeak bere onena eman dezan, proiektuak ahalik eta aberatsenak izateko. Horrekin batera, demokratikoak izan daitezen hartzen diren erabakiak eta bideratzen diren proposamenak ere. Adibidez, hasieratik erabaki genuen proiektuetan era naturalean sartu behar ditugula gazteak.

Nola sustatzen ari zarete zuen bazkideen parte hartzea?

2021ean bazkideen asebetetze maila neurtzeko inkesta bat egin genuen, eta oso esperientzia ederra izan da. Bazkide gehienek oso bide onean ikusten dute Eusko Ikaskuntzaren funtzio berritua. Gainera, jakinarazi digute areago parte hartu nahiko luketela. Etxeko lanak eman arren, oso ederra da erantzun horrekin topo egitea. Plan bat egituratu dugu 2022tik 2024ra bitarterako.

Oso garrantzitsua da jakitea herritar bakoitzak zer emateko aukera daukan, eta horientzat parte hartzeko maila ezberdinak eskaintzea; bideak egokitzea biek bat egiteko. Bestela ez da hain demokratikoa, edo denen parte hartzea bermatzea ez da posible.

Eta zer dator hemendik aurrera?

Kontseiluak erabaki du 2024ko udazkenean XIX. kongresua antolatzea. Beraz, Eusko Ikaskuntzak mende berriko lehenbiziko kongresua antolatuko du 2024ko udazkenean. Buru belarri ari gara horrekin. Eskura dituen hiru eremuen ingurukoa izango da. Itun sozial bateranzko lanketa: bai nortasunaren inguruko eremuan, bai eremu sozioekonomikoan, bai Euskal Herriaren zazpi probintziak oinarri hartuta egiten den lanketan. Konpromiso handia da, eta horri begira egingo ditugu hurrengo bi urteak; lan lerro berriak irekitzea saihestu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.