Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatu du Egiari Zor-ek

Aldarrikatu dutenez, beharrezkoa da aitortzea eta aintzat hartzea presoek eta haien senideek jasan dituzten biolentzia mota guztiak

Jone Bastida Alzuri
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
2006. urtean, Cuencako kartzelan hil zen Igor Angulo Iturrate euskal presoa, eta Aranjuezko kartzelan, berriz, Roberto Sainz Olmos. Haien heriotza dela eta, ekitaldi bat antolatu zuen atzo Egiari Zor fundazioak Santurtziko (Bizkaia) portuan. Bertan, salbuespenezko espetxe politikak eragindako ondorioak salatu zituzten bildutako jendearen aurrean. Aldarrikatu zutenez, beharrezkoa da aitortzea eta aintzat hartzea presoek eta haien senideek «jasan dituzten biolentzia mota guztiak: zuzenekoak eta zeharkakoak».

Fundazioaren arabera, espetxe barruan giza eskubideen aurkako erasoak etengabeak izan dira urte luzez, eta horiek egun ere jarraitzen dutela. Gogoratu zutenez, azken lau hamarkadetan 35 euskal presok eta hamasei senidek galdu dute bizia, arrazoi ezberdinengatik, «sistematikoki aplikatu diren salbuespen neurrien ondorioz». Eta horrez gain, «beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten kartzelatzea saihestu nahian».

Espetxe politika «ankerra» dela salatu zuten atzoko ekitaldian, eta ekidin zitezkeen heriotzak eragin dituela gogorarazi: «Guztietan erabakigarria izan da salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa». Hainbat neurri zerrendatu zituzten: hala nola presoari osasun arreta ukatu izana, isolamendu neurriak ezartzea, urruntzea edota sakabanaketa politika.

Egia Zor fundazioak azpimarratu zuenez, salbuespenezko espetxe politika gobernuek hartutako erabakien emaitza da, eta, ondorioz, arduradun zuzenak dituela: «Horiek bere gain hartu behar dute daukaten erantzukizuna».

Hala, beharrezkotzat jo dute presoek eta haien senideek jasandako biolentziak aitortzea: «Urraketen egia itzaletik argitara atera behar da; baina, batez ere, ezinbestekoa da behingoz bertan behera uztea oraindik indarrean jarraitzen duten indarkeria instituzionalaren adierazpenak». Oinarria pertsona guztien eskubideak bermatzea izan behar dela nabarmendu zuten.

Hori guztia aintzat hartuta, eskaera zehatza egin zuen fundazioak atzoko agerraldian: «Indarkeria adierazpenari amaiera ematea eskatzen dugu, eta espetxe salbuespenaren aplikazioarekin behingoz amaitzea. Aitortuak izan daitezela hori urte luzez aplikatzeak utzitako ondorio guztiak, baita horrek eragin dituen eskubide urraketa eta sufrimendu guztiak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.