Albistea entzun

Euskara. Hizkuntza gutxituen legea

Biziarazi behar den legea

Hizkuntza gutxituen legea onartu ondoren, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren aplikazio dekretuek emanen dutenaren beha dira hura sustatu duten parlamentariak. Koadro sendoago bat eskainiko badu ere, aurreikusi dute eskaintza garatzeko traba administratiboek segituko dutela.
Euskarazko irakaskuntza proposatzen du Baionako Jules Ferry eskola publikoak.
Euskarazko irakaskuntza proposatzen du Baionako Jules Ferry eskola publikoak. GUIILAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko apirilak 16

Donibane Garaziko Zitadelako kolegio publikoko irakasleek agiri bat bidali zuten joan den larunbatean: Fisika-Kimika ikasgaia euskaraz ematen zuen irakasleak erretiroa hartuko du ikasturte bukaeran, eta irakasle taldearen eta ikastetxeko administrazio kontseiluaren iritziaren kontra, postu hori «mugimenduan» ezartzea erabaki du Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak, euskarazko irakaskuntzarako «atxiki» gabe. Hau da, ez da errana haren ordez hartuko dutena, orain arte bezala, euskalduna izanen denik. «Mespretxua» salatu dute.

Frantziako Asanbleak Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea onartu eta bi egunera bidali zuten agiria irakasleek. Eta, lege proposamenaren ekimena izan zuen Paul Molac Bretainiako diputatuak argi du: legea onartzeak ez die halako egoerei konponbiderik emango berehalakoan. Honela laburbildu du: «Orain arte tolerantzia bazen, orain legez baimendua izanen da. Arazo bera izanen da administratiboki, baina legearen pisuzko argumentua izanen dugu. Legea tresna bat gehiago da hizkuntza politikarako, hautetsiek aitzina egiteko. Hemendik aitzina, legea biziarazi beharko da».

Frantziako Gobernuaren borondatearen kontra, aldeko 247 botorekin onetsi zuten hizkuntza gutxituen aldeko legea. Seinaletika publiko elebiduna eta estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako marka diakritikoak idaztea baimentzeaz gain, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari koadro sendoago bat emanen dio: hizkuntza gutxituak murgiltze ereduan ikasteko aukera ofizialki agertuko da Frantziako Hezkuntza Kodean, ikastetxe guziek proposatu beharko dute lurraldeko hizkuntza gutxituen irakaskuntza eskaintza, eta elkarte kontratupeko ikastetxe pribatuen diruztatzean ere eraginen du, eskola elebakarrak dituzten herriko etxeak behartuak izanen baitira haien herriko haurrak doazen ikastetxeei laguntza ematera.

«Legea baikorki hartu dugu, badelako lege koadro bat orain arte ez zena», esplikatu du Amaia Boloki Euskara Geroan elkarteko irakasleak. Murgiltzearen zabalpen bat ikus litekeela uste du. Hala ere, azken urteetan traba administratiboak «gero eta gehiago» direla adierazi du: «Borondate politikorik ezean, segituko du». Ildo beretik jo du Max Brisson Errepublikanoetako senatariak ere: «Ministerioak borondatea beharko du murgiltzean oinarritzen diren klaseak irekitzeko».

Legea promulgatu ondotik ezarriko dituzten aplikazio dekretuetan ikusiko da borondate hori, Eneritz Zabaleta zuzenbide doktorearen arabera. «Jokoan, badu karta bat eskuan, dekretu bidez definitzeko zer den murgiltze eredua. Gaur egun, inon ez da idatzia zer den murgiltzea. Erran dezake, adibidez, murgiltze eredua hizkuntza gutxituan %75ean egitea dela». Bere esku izanen da, era berean, prozedurak definitzea: noiz eta nola irekiko diren ikasgela berriak. «Erabaki lezake hasiera batean ama eskoletan bakarrik aplikatzea». Baina gobernuak dekreturik ez hartzea ere posible da, eta, ondorioz, praktikak defini dezan. Sail elebidunaren adibidea eman du: Ipar Euskal Herriari dagokionez, 1983an ireki zen lehen sail elebiduna, Sarako eskola publikoan (Lapurdi). 2001ean definitu zuten arau bidez, eta 2013an onartu zuten ofizialki, Peillon legearen baitan. Ondoren iritsi ziren aplikazio dekretuak.

Hizkuntza gutxituen irakaskuntza Frantziako eskualdeen eta Hezkuntza Ministerioaren artean antolatzen da, urtero. Ipar Euskal Herrian EEP Euskararen Erakunde Publikoa da erreferente. EEPk eta Frantziako Estatuak urtero negoziatzen dute zenbat irakasle postu izanen diren eta zer sail irekiko diren. «Hemendik aitzina ere negoziazioekin segitu beharko dute, baina gutxienez ez dute argumentu gisa erabiltzen ahalko ez dela legala, Konstituzioaren aurka doala, iaz Hiriburuko (Lapurdi) esperimentazio proiektuarekin egin zuten gisan», esplikatu du Zabaletak.

Legearen irakurketa eginda, batzuek pentsa lezakete guraso talde esanguratsu batek eskola, kolegio edo lizeo batean murgiltzean oinarritutako sail bat irekitzeko eskaera egiten badu ikastetxe hori behartua izanen dela saila irekitzera. Ez da hain erraza izanen, alta: akademia ikuskariak izanen baitu azken erabakia. «Eta ikuskaria legez ezin da behartu», Zabaletaren hitzetan. «Hori da Frantziako Konstituzio Kontseiluak ematen duen muga: erraten du hizkuntza gutxituen irakaskuntza haizu dela, hautazkoa bada. Ezin da inor derrigortu. Eta hori biziki modu zabalean hartzen du: ezin da derrigortu ikaslea, ezin da derrigortu irakaslea, ezin da derrigortu eskola, eta ezin da derrigortu ikuskaria. Denak ados izan behar dira gela irekitzeko. Gaur egun hori da koadroa oren parekotasunean oinarritutako sail elebidunentzat, eta murgiltzearentzat ere gauza bera izanen da». Hala ere, Ipar Euskal Herrian egituraketa bat badela erran du, eta, beraz, «presio» bat izanen dela. Indar harremanaren araberakoak izanen dira eginen diren urratsak.

Koofizialtasunetik «urrun»

Hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren eragileek «historikotzat» jo dute Frantziako Asanbleak legea onartu izana. 1951n bozkatu zen Deixonne legetik hizkuntza gutxituen aldeko halako legerik ez zela izan azpimarratu zuen Euskal Konfederazioak joan den astean. Lortutako gehiengoa ere esanguratsua da, Frantziako Gobernuaren borondatearen kontra lortu dutelako diputatuek legea pasaraztea.

2020ko otsailean lege proposamena aurkeztu zuenetik bi modutan lan egin dutela kontatu du Molacek. Batetik, talde parlamentarioetan kultura gaiak lantzen dituzten diputatuengana jo zuen, eta talde bakoitzean hizkuntza gutxituen alde direnak ere hartu zituen «jomugan». Lege proposamenak izandako bidea esplikatu eta argudio zerrenda eman zien, lege proposamena Senatutik atera bezala onartua izan zedin. Era berean, eragileek ere lan bera egin zuten. «Paristik ez naiz diputatu guziak ikustera joaten ahal. Bi aldeetako estrategia izan da», esplikatu du. Kontrakoengana ez zuen jo: «Kontra dira. Ez du balio. Betiko argumentuak ateratzen dituzte, Bastien Lachaud Frantzia Intsumisokoak bezala. Erraten dute tokiko hizkuntzek eragozten dutela beste hizkuntzak ikastea, edo hizkuntzek ideia politikoak garraiatzen dituztela». Frantziako goi administrazioan eta klase politikoan «Errepublikaren kontzepzio etniko bat» dagoela dio: «Ez dutela eskubide politikoek egiten gure herritartasuna, hizkuntzak eta kulturak ere egiten dutela. Ez duela herritarrak egiten estatua, baizik eta estatuak egiten duela herritarra. Teknokraziaren tipikoa da, baina baita intsumituena ere».

Hala ere, haren ustez, kontrakoak ez dira anitz, eta gehienek azalpenak eskatzen dituzte. «Murgiltze eredua esplikatzean, batzuek begiak handi irekitzen dituzte. Gero esplikatzen diezu frantses maila hobea dutela. Batzuek sinesten dute, eta besteek trufan hartzen zaituzte. Batzuei murgiltzea azaltzean, ez dute ulertzen. Frantsesa baztertzea dela uste dute; batzuk ez dira jakinean ezta murgiltzea badenik ere. Ikuspegi pedagogikoaren ordez, ikuspegi politikoa dute». Molacek beti pentsatu du «lurraldeetako» diputatuak mobilizatzen baziren gehiengo bat lor zezaketela. «Problema mobilizatzea zen; hori ez zen ebidentea: horregatik nuen elkarteen beharra. Diputatu baten ahotsa ez da aski. Bere eremuko jendeak erraten badio, gehiago ulertuko du».

Brissonek egindako lana goraipatu du, Errepublikanoetako senatarien eta diputatuen bozen bidez atera delako legea, besteak beste. Brisson EEPko lehendakari izan zenetik ezagutzen dute elkar, eta harengana jo zuen lege proposamena Senatura iritsi zenean. Elkarlanean aritu dira: «Nire taldeko beste senatariek ez dute gaia ezagutzen; konfiantza izateko eskatu nien», azaldu du Brissonek: «Erran nien Frantziaren marko errepublikanoen barruan sartuko zela. Taldeko presidenteak entzun ninduen, eta konfiantza izan zuten gugan. Garrantzitsua izan da: Senatuan eragotzi zuen ameskeriazko ateraldi batzuk entzutea». Halaber, lege proposamena «aldarrikatzailea» baino «teknikoa» izateak ere eragina izan du, haren ustez: «Proposatutako neurriak hezkuntza kodean sartzen ziren erabat. Sinesgarritasuna ematen dio gure diskurtsoari».

Bide beretik segituz, gisa bereko lege gehiago onartzea lortzeko aukera ikusten dute, bai Molacek eta baita Brissonek ere, baina koofizialtasuna «urrun» dela diote: «Koofizialtasuna nola eraiki galdetzen dutenei Kanadako adibidea emanen nieke», erran du Molacek. «Lor daiteke, baina hiztun gehiago beharko genituzke: kopurua, borondatea eta kontzientzia. Duela ehun urte euskal eta bretoi hiztunak gehiago ziren, baina galdera ez zen sortu. Seguruenik, gure pentsamenduetan menperatuak ginelako. Gaur egun, ez da gehiago hala».

Brissonen iritziz, Molac legearekin «lanerako ohitura batzuk» hartu dituzte, eta beste batzuetarako baliagarri izanen da: etorkizunean lan egin beharko dute koofizialtasunaren inguruan «kontsentsua» lortzeko: «Ez da adostasunik gaiaren inguruan; ez nukeen tarte bera izanen hori proposatu izan balitz. Estatu antolaketa baten aurrean gaude, aniztasunari leku gutxi uzten diona». Frantziako hedabideetan joan den astekoak izan zuen oihartzun urria aipatu du hizkuntza gutxituen gaiak sortzen duen interes apala erakusteko. «Ministroa gutxiengoan emana izan zen, bere talde parlamentarioko diputatuek haren iritziaren kontra bozkatu zuten. Beste edozein gairekin egunkari guzien azaletan izanen zen. Alta, hizkuntza gutxituen gaiak Frantziako lurralde andana bat ukitzen ditu: departamenduen heren batean mintzo da okzitaniera».

Konstituzio Kontseilua

Asanblean legea onartuta, hamabost eguneko epea du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak legea promulgatzeko. Anartean, Konstituzio Kontseiluan helegitea ezar lezakete legearen kontra. Hiru modu daude horretarako: Frantziako presidenteak edo lehen ministroak egin dezakete, edo, bestela, 60 senatari edo diputatuko taldea osatu behar da helegitea aurkezteko. Ez Molacek, ez Brissonek, ezta Zabaletak ere ez dute uste inork halakorik eginen duenik; are gutxiago ekainean antolatu behar liratekeen departamenduetako eta eskualdeetako hauteskundeen testuinguruan.

Baina, inork helegitea jarriko balu, «arriskua» ikusten du Zabaletak: «Bada eztabaida handi bat, batez ere murgiltzeari begira. Batzuek erraten dute Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren kontra doala. Konstituzio Auzitegiak ez du sekula argiki halakorik erran, baina orain arte epai gehienak hizkuntzen kontrakoak izan dira. Balitzateke ate bat irekia».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Iruñea Zaharra taberna, gaur goizean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Ostalaritza lokalen barruan kontsumitzeko aukera zabaldu dute Nafarroan

Erredakzioa

Gehienezko edukiera %30era mugatu dute, CO2 neurgailu bat erabili ezean.

Euskalgintzako ordezkariak, gaur, Blbon. / ©Kontseilua

Epaiari «batasunaren bidetik» erantzuteko deia egin du Kontseiluak

Gotzon Hermosilla

 

Euskalgintzako eragileek uste dute EAEko Auzitegi Nagusiak Irungo Udalaren hizkuntz eskakizunez plazaratutako ebazpena «politikoa» dela. Joan den astean epaitegiak atzera bota zuen Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturen hizkuntza eskakizuna, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzailea» dela argudiatuta.

Poliziaren

Poliziaren gehiegikeriak eta «arrazakeria instituzionala» salatu dituzte hainbat eragilek Legebiltzarrean

Iñaki Agirre

118 erakundek sinaturiko 29-M Stop Arrazakeria Poliziala izeneko manifestua aurkeztu dute. Besteak beste, profil etnikoan oinarritutako identifikazioekin amaitzeko eta polizien prozedurak gehiago kontrolatzeko eskatu dute.

Jaizkibel konpainia Hondarribian desfilatzen, 2018an. ©Gorka Rubio / FOKU

Jaietan emakumeen parte hartzea bultzatzeko estrategien ikerlan bat aurkeztu du Emakundek

Berria

'Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak' azterlana osatu dute, bederatzi herritako egitasmoak ikertuta.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ekhi Erremundegi Beloki

Informazio osagarria