Gazteen emantzipazioa. Bizipenak

«Mailegua merkeago ateratzen zait»

Donapaleu. Amikuze eskualdean bizi nahi, baina alokatzeko apartamentuen eskaintza zinez eskasa zela ohartu zen Irigoien. Erosteko bidea jorratzen hasi zen, eta, azkenean, iaz atzeman zuen, Donapaleun.

Martta Irigoien. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Hamabost urterekin utzi zuen lehen aldiz gurasoen etxea, lizeoko barnetegian egon baitzen Martta Irigoien (Arberatze, Nafarroa Beherea, 1994). Geroztik, «trantsizio» leku izan du beti, eta, aurten, partitu da. Donapaleun apartamentu bat erosi du, orain arte alokairuan egon ondoan.

Ikusi gehiago:GURASOEN HABIA UTZI EZINDA

Emantzipazioko lehen bizipena ikasketa denboran egin zuen. «Lizeotik landa, Angelun [Lapurdi] eta Baionan bizi izan nintzen; lehenik bakarrik, eta kolokazioan ondotik. Baionako bizitegiak ez ziren batere sanoak: urte berean bi aldiz arratoiak ukan genituen, ez ziren batere arraberrituak, eta hamar hilabeteko kontratua genuen. Gainera, sartzeko hiruzpalau lansariren bermea galdetzen zuen jabeak, eta alokairua aski kario zen».

Ipar Euskal Herritik joan zen gero, Parisen segitu baitzuen ikasten. Han, Euskal Etxean bizi izan zen, baldintza «ez hain sanoetan», baina alokairu «merkearekin». Urte batez egon zen han —hala funtzionatzen du egiturak—, eta, ondotik, Parisen berean apartamentu bat xerkatu behar izan zuen. «Atzeman nuen gauza bakarra ganbara bat zen, pertsona baten etxean, 600 eurotan. Ez nuen sukaldea edo bainugela erabiltzen ahal hor zelarik. Alimalekeria bat zen! Baina hori zen Parisen zen eskaintza. Eta gaur egun, lotura egiten dut Euskal Herrian bizi dugunarekin. Beldurgarria da».

Herrira itzuli nahia

Ikasketak bururaturik, Ipar Euskal Herrira itzuli zen Irigoien. Amikuzeko eskualdean bizi nahi zuen, hain baitu bizi soziala. Apartamentu baten bila hasi zen orduan, alokatzeko. «Amikuzen handitu naiz, eta banekien han bizi nahi nuela. Aski harritua egon nintzen: eskaintza guti zen, eta zen bakarra biziki kario zen zer zen ikusirik. Ez zen egokia enetako».

Orduan, «bilaketa perimetroa» hedatu zuen, eta etxea partekatuta atzeman zuen, Irisarrin (Nafarroa Beherea). «Egokia zen oro har, baina han nintzelarik ikasle bat bezala bizi nintzen; beti Amikuzera sartzen nintzen, eta beti xerkatzen segitzen nuen». Deus atzematen ez zuelako, erosteko ideia jin zitzaion burura. «Kario zen, eta anitzetan obrak egin behar ziren arraberritzeko. Fite beldurtu nintzen, ez bainuen horrelako proiektu batean ikusten ene burua».

Finean, aukera izan zuen Donapaleun, Amikuzeko erdigunean, apartamentu baten erosteko. «Promotore batek eraiki bizitegiak ziren; ximiko bat egiten zidan promotore frantses handi bati erosteak, baina aukera onena zen enetako», nabarmendu du. Bankura jo zuen, eta, «buruhauste» zenbaiten ondotik, mailegua lortu zuen. «Lehen pagatzen nituen alokairuak baino merkeago ateratzen zait azkenean: 480 euro dira hilabetean, 25 urtez». Aurten sartu da bertara, «zinez uros».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.