Noiz sortua: 2020-06-03 00:30:00

Koronabirusa

Hezkuntza digitalean, gabeziak

Konfinamenduarekin areagotu egin da IKT tresnen erabilera, baina adituek azaldu dute irakasleen artean gabeziak daudela oraindik. Educatic kanala jarri dute martxan, laguntzeko asmoz.

Ikasle batzuk tableta batean ariketak egiten.
Ikasle batzuk tableta batean ariketak egiten. ERNESTO ARIAS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2020ko ekainak 3

Egun geroz eta ugariagoak dira hezkuntza digitalaren alde egiten diren urratsak. Klik bat egin, eta irakasleek eta ikasleek eskura izan dezakete IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologia, hala nola ordenagailuetarako programak eta askotariko edukiak eskaintzen dituzten webguneak. Euskararen presentzia ere geroz eta handiagoa da, baina ez da aski. Konfinamendu garaian areagotu egin da tresna horien erabilera, baina adituek adierazi dute hezkuntza digitalean gabezia dagoela. Haien arabera, hezkuntza formalaren parte diren kideek kontsumitzaile huts izateari utzi eta edukiaren sortzaile bihurtu beharko lukete, eta gaitasun digitala izatea jarri dute oinarrian.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Eneko Tejada. IKT eskolak ematen ditu Hezkuntza Fakultatean, eta Weblearner ikerketa taldeko kidea ere bada. Hezkuntza teknologia eta irakasleen eta ikasleen gaitasun digitala lantzen ditu taldeak, eta hezkuntzarako euskarazko eduki digitalak sortzea dute oinarri nagusietako bat. Hutsune bat identifikatu du: «Interneten sartu eta euskarazko eduki digitalak bilatzeko ohitura dugu, baina ez horiek sortzekoa eta partekatzekoa». Haren arabera, irakasleak euskarazko edukien bila sartzen dira sarean, baina ez dute ia deus aurkitzen. Horregatik, azaldu du euskaraz sortutako proiektuak oso interesgarriak iruditzen zaizkiola; esate baterako, Educatic kanala.

Maialen Urbieta eta Mikel Goikoetxea irakasleak daude proiektu horren atzean. Adierazi dute kezka nabaritzen zutela irakasleen artean, batez ere konfinamenduan zailtasunak zituztelako teknologiak eskaintzen dituen tresnak ikasteko eta irakasteko. Youtuben bideo azalpenak oinarri izango zituen kanal bat irekitzeko hautua egin zuten. Gainera, euskaraz eduki gutxi daudela identifikatu, eta hizkuntzari lehentasuna ematea erabaki zuten. «Hezkuntza komunitateak IKT tresnen erabilera ezagutzeko beharra du, eta horregatik ekin genion irabazi asmorik gabeko eta doako proiektu horri», nabarmendu du Urbietak. Tejadak azaldu du horrelako proiektuek «kalitatea» bermatzen dutela, eta baita kontsumitzailearentzako «fidagarritasuna» ere.

Gaitasuna eta erabilera

EHUko irakaslearentzat, beharrezkoa da irakaskuntza prozesuan baliabide teknologikoez baliatzea, baina garrantzitsua iruditzen zaio haietako bakoitzak gaitasun digitala izatea. «Bideo azalpen horiek oso lagungarriak dira, baina uste dut irakasleek perspektiba handiagoa izan beharko luketela; gaituta egon beharko lukete gaitasun digitalean». Haren arabera, batetik, informazioa eta komunikazioa bilatzeko gaitasuna izan beharko lukete, eta baita era digital batean elkarlanean aritzekoa ere. Bestetik, irakasleak hezkuntzarako eduki digitalak sortzeko gai ere izan beharko luke, eta segurtasuna oinarri izan. Tejadaren arabera, zeregin horiek barneratuta dauzkanak gaitasun digitala izango du.

Urbietarentzat ere IKTak baliagarriak dira ikaskuntzarako eta irakaskuntzarako. «Iritsi dira hezkuntzara, eta betiko izango ditugu gure artean; positiboa da, betiere erabilera aproposa egiten bada». Hala ere, tresnak ezagutzeaz gain, adierazi du hausnartzea ere beharrezkoa dela, horietako bakoitza noiz eta nola erabili pentsatzea. Tejadarentzat ere beharrezkoa da hori, eta tresnen osagarritasuna aipatu du: «IKTek irakasleek erabiliko lituzketen teknologien, jardueren eta ekintzen esparrua zabaltzen dute, eta osagarri moduan ulertu behar dira». EHUko irakasleari ere funtsezkoa iruditzen zaio tresnen erabileraren inguruan gogoeta egitea, egoki erabil daitezen.

Izandako erantzuna

Irakasle gehienek Internetera egiten dute jauzi informazioaren bila, eta horren adibide da Educatic kanalaren kasua. Jada 950 harpidedun inguru dituzte, maiatzaren hasieraz geroztik. «Ez genuen halako harrera espero inondik inora ere, eta uste dugu ahoz ahokoa garrantzitsua izan dela», azaldu du Urbietak; eta, nabarmendu duenez, datu horiek irakasle ugariren formakuntza islatu dezakete. Gainera, esan du hartzaileekin hartu-emana ere badagoela, eta une oro dabiltzala gauza berriak ikasten: «Lifelong learning kontzeptua erabiltzen dugu; beti hobetzen, ikasten eta desikasten egin behar dugula aurrera, alegia».

Egoera ez da bera unibertsitateei egindako eskarietan. «Ikastetxeak ez dira gerturatzen unibertsitatera gauzak galdetzera, eta, horren ordez, enpresez eta komertzialez fidatzen dira sarritan, baina horiek ez dakite didaktikaz», azaldu du Tejadak. Haren arabera, ikastetxeetan enpresekin itunak egin eta plataformak instalatzen dituzte, baina gogoan hartu gabe irakaspen prozesuari erantzuten dieten ala ez. «Erabaki batzuen atzean diru asko dago, eta hausnarketa falta». Horri irtenbide bat emateko asmoz, azaldu du eskoletara hurbiltzen saiatzen direla: «Batzuetan teknofiloak izango bagina bezala tratatzen gaituzte, baina ez dugu hitz egiten teknologia onez edo txarrez, baizik eta haien egokitasunaz».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

ENDIKA PORTILLO / FOKU ©Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen.

Hildako bat eta 15 kutsatu gehiago izan dira, datu ofizialen arabera

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du Nekane Murga Jaurlaritzaren Osasun sailburuak. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute Bilbon.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna