Koronabirusa

Eri eta bakartuta, bakardadeaz

Koronabirusaren proban positibo eman duten edo sintomak dituzten zenbait herritar erabat bakartuta daude. Aholkatu dute lasai egoteko eta ingurukoekin harremana izateko.

Pertsona bat komunean eskuak garbitzen eta babes neurrietako bat jantzita, maskara. CABALAR / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Egun ezarritako neurrietan gogorrenetako bat da konfinamendua, baina are gogorragoa izan daiteke erabat bakartuta egonez gero. Dozenaka pertsona daude etxe edo logeletan bakartuta, COVID-19a diagnostikatzeko proban positibo eman dutelako edo sintomak dituztelako. Egoera horretan daudenek adierazi dutenez, hasieran erraza izan daiteke 24 orduz bakarrik egotea, baina, egunak aurrera egin ahala, gogorragoa izaten da.

Sukar baxua, neke «nabarmena» eta giharretako mina sentitzen hasi zen Julen Agirre orain dela ia hilabete. Medikua da, eta gomendatu zioten etxean gelditzeko, logela batean sartuta. Lehen sintomak ageri eta hiru egunera egin zioten COVID-19aren proba. «Positibo eman nuen, eta, ordutik, logelan nago sartuta, irten gabe». Rafael Insausti ere —elkarrizketatuak anonimotasuna gorde nahi izan du; izena asmatua da— sintomak nabaritzen hasi zen. Eusko Jaurlaritzak eskainitako telefonora deika aritu zen, baina adierazi du ez zuela erantzunik jaso. Larrialdietako telefono batera deitu zuen azkenean, eta bertako medikuak esan zion etxean gelditzeko. «Proba egiteko eskatu genuen, baina esan ziguten gauzek ez dutela horrela funtzionatzen». Kasik hiru aste egin ditu bakartuta, erabaki propioz.

Biak jende gehiagorekin batera bizi dira etxean, baina, azaldu dutenez, ez dute harreman zuzenik izan haiekin. Hala ere, etxeko leku komunetan ibiliz gero, esan dute maskarak eta eskularruak erabiltzen dituztela, eta garbitasuna ere zaintzen dutela. «Orain amarekin bakarrik nago, eta sakelakoaren bidez hitz egin ohi dugu», esan du Agirrek. Gaineratu du gosaria berak egiten duela, baina egunaren gainontzeko orduak logelan igarotzen dituela. «Ez daukat errutina finkorik; irakurtzen, lagunekin eta lankideekin hitz egiten edo momentuan egin nahi dudan hori egiten igarotzen dut eguna». Insaustiren kasuan, irakaslea da, eta, beraz, telelana egiten du. Azaldu du lanak egunaren zati handi bat hartzen duela, eta lagungarria egin zaiola birusa ez den beste gauza batzuen inguruan pentsatzeko. Gainontzean, egunkaria irakurri eta telebista ikusi ohi du, besteak beste.

Lola Eslabak ere telelana egiten du, eta aitortu du bakartuta egonda «eskertzekoa» dela. Orain bi aste hasi zen lehen sintomekin; ez zuen usainik hartzen, ez eta zaporerik ere. Hasieran ez zion garrantzirik eman, baina bi egunen buruan erabaki zuen medikuari deitzea. «Protokoloetan sintoma horiek ez zeudela esan zidaten, eta, besterik ezean, ez zidatela probarik eta kontrolik egingo», azaldu du. Hala ere, beste osasun langile batzuekin kontsultatu, eta haiek adierazi zioten anosmia sintoma gisa jasotzen dela zenbait ikerketatan. «Erantzukizuna sentitu nuen, eta erabaki nuen berrogeialdian jartzea, bi pisukideekin batera».

Izandako sentsazioak

Ia hilabete igaro da Agirrek bakartuta egoteari ekin zionetik. Haren arabera, hasieran animoso zegoen; medikua izanik, «interesgarria» iruditzen zitzaion egoera aztertzea. Aitortu du, ordea, egunak geroz eta luzeagoak direla. «Amama ospitaleratu zuten, eta ordutik gogorragoa da egoera; pentsa ezin dudala ama ukitu, ez besarkatu, ez muskatu, ez ezer». Hitz egin ahal izateko, aulki bat jarri dute logelako ateaz beste aldera, eta egunotan era horretan komunikatzen da amarekin.

Insaustik ezjakintasuna izan du ardurarik nagusiena. «Okerrena sentsazio hori izan da, zalantzan egotea ea birusa dudan ala ez, ea inguruan zer eragin eduki dezakedan». Are, erantsi du mugatuta ere sentitu dela, logela batean egin daitezkeen gauzak ere hala direlako eta ezin daitekeelako mugitu. Hala ere, azken egunetan, erizainek baimena eman diote logelatik irten eta etxeko gainontzeko guneetan ibiltzeko, babeseko neurriak soinean.

Nuria Cortadak ere kutsatzea eragozteko neurri guztiak erabiltzen ditu. Medikua da, eta koronabirusa du; bakartzearen lehen egunetan dago. Etxean hiru bizi dira, eta logelan igarotzen du eguna, gosariko ordua izan ezik. «Positibo eman, eta logelan itxi nintzen, eta etxea ere itxi dugu; ez da inor ateratzen». Elkarrekin topo ez egiteko antolatzen saiatu ziren, baina aitortu du ez dela erraza denbora guztian pisukideei gauzak eskatzen aritzea. Hala ere, oraingoz lasai dago, eta funtsezkoa iruditzen zaio lasaitasuna mantentzea. «Pentsatu behar da pasatuko den gripe bat dela».

«Hau ere gainditzen da»

Lasaitasuna eta jarrera positiboa. Horiek dira lekukoek eskainitako bi gomendio nagusiak bakartzeari aurre egiteko. Eslabaren arabera, berrogeialdiak aukera ematen du norbere buruarekin egoteko eta normalean egiten ez diren gauzei ekiteko. «Egokitu egiten zara egoerara». Insaustik ere egokitzapena izan du gogoan, eta gehitu du pazientzia ere beharrezkoa dela.

Cortadak eta Agirrek, berriz, lasaitasuna eta ingurukoekin komunikatzea izan dute gogoan. «Pasatu behar den gauza bat da, eta hau ere gainditzen da. Baina, batez ere, saiatu kontaktuan egoten lagunekin eta senideekin. Bakardade sentsazioa joateko dagoen tresna baliagarriena da», nabarmendu du Agirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.