Kiratsa Gipuzkoako auzitegietan

Gipuzkoako epaitegietako eta ertzain etxeetako garbitzaileek zazpi hilabete daramatzate greban. EAEko Lan Ikuskaritzak osasun arriskuez ohartarazi du, zikinkeria dela eta.

Donostiako auzitegiko korridore bat, zabor poltsak pilatuta daudela. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Agerikoak dira kalteak eta arriskuak. Irailetik sakon garbitu gabe daude Gipuzkoako ertzain etxeak eta epaitegiak, eta nonahi pilatzen ari dira zabor poltsak eta zikinkeria. Izan ere, greban daude garbiketaz arduratzen diren Garbialdi enpresako beharginak. Horren eraginez, kexu dira eraikin horietan egunero aritzen diren bestelako langileak, baita zerbitzu horietara jotzen dutenak ere; eta larrituta daude, osasun baldintzak ez baitira egokienak eraikin publiko batentzat.

Grebalariak ez daude bakarrik. Besteak beste, epaileen, fiskalen eta administratzaileen babesa dute. Garbitzaileek epaitegien aurrean eginiko protestetan izan dira arlo horietako ordezkariak. Haiek ere Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari eskatu diote esku hartzeko, arazoa «lan gatazka bat baino gehiago bihurtu delako».

Zalantzarik ez du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko epaile eta JPD Demokraziarako Epaileak elkarteko bozeramaile Augusto Maesok. «Jaurlaritzako Justizia Sailarena ere bada ardura». Epaitegietako garbiketa zerbitzua azpikontratatua du gobernuak, baina hori ezin da «aitzakia» izan, haren ustez, «erantzukizuna gainetik kendu eta eskuak garbitzeko». Antzera pentsatzen du fiskalen elkarteko ordezkari Belen Martinezek. «[Espainiako] Estatuko langileak gara gu, baina Jaurlaritzaren eraikinetan egiten dugu lan; harena da eraikinak behar bezala edukitzeko ardura».

Iazko irailean hasi zuten greba garbitzaileek; Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarriak ditu —astelehen eta ostegunetan egin behar dituzte garbiketak—, baina ez da nahikoa. Otsailean kaleratu zuen agindu bat Justizia Sailak Garbialdi enpresa eta protestan diren langileak behartuz sakoneko garbiketa egitera. Zazpi hilabeteotan eginiko bakarra izan da. «Ez da aski», ohartarazi du Maesok. Langileek gogoratu dute epaitegietan eta ertzain etxeetan paper pila sortzen dela, batzuek informazio pribatua dutela, eta korridoreetan pilatuta daudela, «inolako kontrolik gabe». Ehunka pertsona pasatzen dira egunero eraikin horietatik.

Langileek eta erabiltzaileek diote zikinen artean lan egitera ohitzen hasiak direla, eta, lanean ez ezik, osasunean ere nabari dutela eragina. Ohartarazi dute baldintzek okerrera egin dezaketela, udaberriarekin eta egun beroekin batera ugaritu egin baitaitezke akaroak eta kutsadurarekin loturiko partikulak.

Jada behargin batzuek jakinarazi dute izan dituztela erreakzio alergikoak, asma krisiak, konjuntibitisak, dermatitisak eta eztarriko narritadurak, besteak beste. Arrisku horiez ohartarazi zuen Lan Ikuskaritzak ere, otsailean eginiko txosten batean. Aurretik, urtarrilean, fiskalek eta epaileek kexa agertu zioten Justizia Sailari.

Sektore «feminizatua»

Kale garbitzaileen aldean jasaten duten soldata arrakala ezabatzea nahi dute epaitegietako eta ertzain etxeetako garbitzaileek. ELAk du gehiengoa Garbialdi enpresako langile batzordean. Sindikatuko ordezkari Amaia Pintadok azaldu duenez, eraikin judizialetako langileek kaleko garbitzaileek baino %7 gutxiago irabazten dute, eta polizia etxeetakoek, %13 gutxiago. Azpimarratu du kalekoen aldean «sektore feminizatuagoa» dela epaitegietakoa eta ertzain etxeetakoa: %95 dira emakumeak —kalean, %80 gizonak—.

Azaroan jaso zuten enpresaren proposamena. Justizia Sailak orduan berritu zuen kontratua Garbialdi enpresarekin, aurrekoaren «baldintza berberetan», eta horrek «nahasi» egin ditu negoziazioak. «Enpresak hori erabili du argudio moduan ezer ez aldatzeko», azaldu du Pintadok.

Urtez urte soldata arrakala hori murriztuz joatea proposatu dute langileek: epaitegietako garbitzaileen kasuan, %1,5 datozen hiru urteetan; ertzain etxeetakoenean, %2,5. «Azken bileran, enpresak argi esan zigun ez duela onartuko arrakala aintzat hartzen duen testurik», salatu du Pintadok.

ELAko ordezkariak azpimarratu du «greba amaitzeko deseatzen» daudela. Justizia Sailak eta Garbialdik ez diete erantzun BERRIAk eginiko galderei. Sindikatuko ordezkariak salatu duenez, Justizia Sailarekin biltzeko hainbat eskaera egin dituzte, baina haiek ere ez dute erantzunik jaso.

Bitartean, pilatzen ari dira paperez eta plastikoz beteriko poltsak epaitegietako korridoreetan, bulegoetan... Eta are okerragoa da komunetako egoera, eta edari eta janari makinentzako espazioetan: zenbait egunetan, gainezka egoten dira zabor ontziak, itsaskor lurrak, eta usain ezatseginak nabari dira. Ez da giro Gipuzkoako epaitegi eta ertzain etxeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.