Hirigintza, betaurreko morez

Hiri antolamenduko plan orokorretan genero ikuspegia txertatzeko diru laguntzak emango ditu Jaurlaritzak. Eremu publikoan ez ezik etxe barruan ere aldaketak egitea proposatzen dute adituek.

Emakume bat, plaza bateko bankuan eserita, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
«Ikusarazi behar dugu ohiko hirigintzan arazo batzuk daudela, eta horiei aterabidea eman behar zaiela genero ikuspegia txertatuta». Patxi Galarraga ari da hizketan; arkitektoa da, eta ikuspegi feminista darabil bere lanetan. Lehenengo pausoa diagnostikoa egitea izaten da, arazoak azaleratzea.

Izan ere, udaletako plangintzan eta hirigintzan genero ikuspegia txertatzeko laguntzak eskatzeko deialdia zabaldu zuen atzo Gobernu Kontseiluak. Zehazki, laguntzak udalentzat dira, eta Jaurlaritzak 200.000 euro jarriko ditu guztira laguntza horietarako.

Galarragak, «positibotzat» jo du HAPO hiri antolamenduko plan orokorretan perspektiba feminista sartzea, baina, hala ere,plan horiek «abstraktuak» direla nabarmendu du: «Plan horiek oso garrantzitsuak dira, eta asko baldintzatzen dute herritarren bizimodua, baina, hala ere, orokorregiak dira genero ikuspegia txertatzeko. Antolaketa horiek egin ondoren idazten diren udal ordenantzak dira eraginkorrenak horretarako».

Baina zer neurri hartu behar dira kaleari eta etxeei —eremu publikoari eta pribatuari— genero ikuspegia txertatzeko? «Ba, adibidez, etxe guztiek bost metroko balkoi bat izango dutela ziurtatzen duen udal ordenantza bat», adierazi du Galarragak. Hiru arrazoi eman ditu arkitektoak neurri hori feminista dela esateko: «Batetik, ongizatea ematen dizu. Baliabide ekonomiko askorik ez daukatenek oso hurbil aurkitu behar dituzte osasun hori eraikitzeko baliabideak: etxe ondoan, edo etxean bertan. Horregatik, hirigintza feministaren ikuspegitik, oso inportantea da etxe ondoko espazioaren kalitatea. Bizitzako fase batzuetan etxeari oso lotuta egongo zarelako».

Segurtasunarekin dauka zerikusia bigarren arrazoiak: «Kanpoan espazioa baldin badago, horrek jendea balkoietan egotea eragingo du». Galarragaren ustez, horrek esan nahi du «begiak» daudela espazio publikoari begira, eta, beraz, «seguruagoa» dela. Hirugarrenak, berriz, kontziliazioarekin dauka zerikusia: «Adineko bat edo haur bat zaintzean, entretenitzeko espazio bizi bat dauka kanpoan, eta zaintzen duen pertsonak beste gauza batzuk egin ditzake bitartean».

Kanpo espazioari dagokionez, segurtasuna lantzeko argiztapenaz gain, kontuan hartzeko beste arlo batzuk ere badaude. Esaterako, kalean egindako lan erreproduktiboa errazteko bitartekoak jartzea: «Adibidez, amona bat plaza batean badago, iloba zaintzen, lanean ari da. Gure espazio publikoei begiratuko bagenie, ikusiko genuke lanean ari den jendez inguratuta gaudela. Lan erreproduktiboa egiten ari gara, eta ez dugu baloratzen. Ez diegu laguntzen. Andre hori hobeto eserita egon liteke, edo jolas parke bat hurbilago izan lezake».

Hala ere, arlo bakoitzari ematen zaion garrantziaren araberakoak izan ohi dira aldaketak ere. Galarragak aparkalekuen adibidea jarri du. Izan ere, horiek arazo garrantzitsua izan ohi dira herri eta hirietako hirigintza planetan: «Zergatik da hori arazo publiko bat? Batzuek badaukate autoa, baina beste batzuek ez. Nola lortu dute haien arazo bat guztion arazo bihurtzea? Zergatik dago hori agendako lehen lerroetan eta zaintza ez? Nork erabaki du zaintza gai pribatu bat dela?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.