Albistea entzun

Nostalgiaren alde eta kontra

Liam Gallagherrek saio gogoangarria egin du BBK Live jaialdiaren lehen egunean, Oasis taldearen kantu mitikoetan oinarrituta. Ordea, Thom Yorkek arriskatu egin du, zale batzuen atsekabegarri.
Liam Gallagher, BBK Live jaialdian Kobetamendin eman zuen kontzertuan, herenegun.
Liam Gallagher, BBK Live jaialdian Kobetamendin eman zuen kontzertuan, herenegun. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Lasa Etura -

2019ko uztailak 13 - Bilbo

Haurtzaroa da gizakiaren aberri bakarra. Hala esan zuen Rainer Marie Rilke poeta ezagunak. Aipua musika mundura estrapolatuz gero, nerabezaroa litzateke musikazalearen benetako aberria. Adin horrekin ezagututako musika taldeak betirako bidaideak dira sarri. Eta 1990eko urteetan Oasisekin hazitako neska-mutikoek gogotik disfrutatu zuten Liam Gallagherren emanaldiarekin, herenegun, Bilboko BBK Live jaialdiaren lehen jardunaldian. Egun erosoa izan zen oro har, ilara handirik gabekoa, eta zailtasun eta pilaketa handirik gabe aurki zitekeen kontzertuak ikusteko txoko aproposa.

Bigarren urtez jarraian jo zuen Gallagher anaietako batek jaialdian, eta bigarren urtez jarraian entzun ziren Oasis taldearen abestiak Kobetamendin, nostalgiaren bidezidorretatik. Noel izango da Manchesterreko taldearen abesti gehientsuenen doinuen eta letren egilea, baina, taula gainera igotzean, Liam da Oasis. Hari katigatuta geratzen da begirada. Horregatik, akaso, kartelburu gisa iritsi zen Bilbora Liam aurten, eta ez anaia iaz.

Rock 'n' Roll Star abestiarekin ekin zion kontzertuari. Bere asmoen adierazpen argia: «Gau honetan, rock & roll izarra naiz». Distira propioa baitu Gallagher anaietan gazteenak; ikaragarria da zein erraz betetzen duen oholtza hain berea duen harropuzkeriarekin eta abesteko duen modu bereziarekin: eskuak atzean jarrita eta gorputza aurrera eramanez mikrofonora hurbiltzeko, gora begira. Bera zen protagonista bakarra, eta pantaila erraldoiek haren aurpegia bilatu zuten une oro.

Jo zituen abestien erdiak baino gehiago izan ziren Oasisenak, eta ez edozein kantu, ereserki hutsak: Morning Glory, Cigarettes & Alcohol, Wonderwall, Supersonic, Champagne Supernova... Abesti berriek mailari eutsi zioten, iraganaz gain abeslari eta gitarristak oraindik ere esateko asko duen erakusle. Egia da errazkeria izan daitekeela nostalgiaren komodina hain lotsagabe erabiltzea, baina, irribarre batek urrea balio duen garaiotan, ederra da Kobetamendi karaoke erraldoi bihurtuta ikustea «and after all, you're my wonderwall» abesten. Askorentzat, kostata ahaztuko den bizipena baita. Oso emanaldi ona egin zuen Gallagherrek, baina bizpahiru abesti falta izan zitzaizkion gaua borobiltzeko.

Geruzetan galduta

Nostalgiatik gutxi izan zuen Thom Yorken Tomorrow's Modern Boxes proposamenak. Ia ariketa fisikoa izan zen hainbeste geruzen artean murgiltzea, Yorken ahotsak gidatuta. Ipurterre hutsa da, inkonformista, doinu berrien bila beti. Kobetamendiko kontzertuan ez zuen erraztasun askorik eman. Elektronika base trinko baten atzean babestu zen, etengabe abestiak eraikitzen eta deseraikitzen ariko balitz bezala; orain malenkoniatsu teklatuetan; orain baxuarekin erritmo hipnotikoak eskainiz...

Oholtza gainean disfrutatzen ari zela nabaritu zen, eta, akaso, hori da musikari bati exijitu dakiokeen gauza bakarra: sortzen ari den musikarekin disfrutatzea, egiazko zerbait eskaintzea. Interesgarria izan zen proposamena, nahiz eta zalantzaren bat eragin: Thom Yorke labeldun musika ez balitz, oharkabean igaroko zen ziurrenik. Zale guztiak ere ez zituen ase, eta neska talde bat aurpegi tristearekin joan zen kontzertu erdialdera, Radioheaden Creep ozen samar kantatuz.

Liam Gallagher eta Thom York izan ziren osteguneko izar nagusiak, baina askoz zabalagoa zen jaialdiaren eskaintza. Frustragarri samarrak izan ziren lehen orduak musika talde gehientsuenentzat; jende jarioa ikusi bai, baina kostata lortu zuten kontzertura erakartzea. Ataka hori bizi izan zuten ordu horretan jo zuten euskal taldeek. Izan ere, zale asko Basoa guneko gerizpean babestu ziren hasieran. Urterik urte indar gehiago hartzen ari da Bilboko BBK Live jaialdiaren eskaintza elektronikoa; arratsalde hasieratik dago jendea han, ez soilik gaueko ordu txikitan. Hala, eguneko lehen aldaka astintzeak iritsi ziren Miravalles disko jartzailearekin, Lasai agertokian.

Vetusta Morlaren kontzertua izan zen osteguneko lehen kontzertu jendetsua. Urteak pasatu dira Un día en el mundo diskoarekin zale andana liluratu zutenetik, eta,ordutik makina bat aldiz aritu dira Bilboko jaialdian. Baina, antza, jarraitzaileek lehen urtean bezala disfrutatzen dute haiekin. Ordu berean jo zuen Khruangbin hirukoteak, oholtza txikiago batean, eta haien eskaintza instrumentalak ikusle askoren arreta bereganatu zuen. Groove handiko riffak eta jazz erritmodun bateria. Eskertzen dira jaialdietako gidoitik ateratzen diren proposamenak.

Topikoak apurtzeaz hitz eginez gero, baina, ezinbestean aipatu behar da Baiuca. Hipnotikoa izan zen Galiziako doinu tradizionalak elektronika dotorearekin uztartzeko izan zuen abilezia: muñeirak, gaitak eta sample-ak. El_Txef_A Oreka TXren abestiekin jolasean ariko balitz bezala, baina galiziar erara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen <em>selfie</em> batekin. ©ANDRES ETA MANOLO

Geroari orainalditik hizketan

Ainhoa Sarasola

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar
Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, atzo, Iruñeko Laba aretoan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Mozorroak gardenak zaizkie

Uxue Rey Gorraiz

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.