Koronabirus

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere probintzian mugitzea libre izango da

Jaurlaritzak asmoa du joan-etorriak baimentzeko astelehenetik aurrera. Nafarroan neurri hori indarrean dago lehenengo fasea hasi zenetik

Ertzaintzaren kontrol bat, Zarautzen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jon O. Urain - Gotzon Hermosilla
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek bizilekua duten udalerrira eta ondokora mugatua zituzten joan-etorriak, baina probintzia osoan mugitu ahal izango dira datorren astelehenetik aurrera. Jaurlaritza dekretu bat argitaratzekoa da gaur Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean, eta astelehenean sartuko da indarrean.

Hego Euskal Herriko lau herrialdeak igaro ziren deskonfinamenduaren lehen fasera joan den astelehenean, baina Jaurlaritzak muga handiagoak ezarri zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Espainiako Gobernuaren arabera, lehen fasean, herritarrak beren probintzian zehar ibil daitezke, eta hala egin dezakete Nafarroan. Baina ibiltzeko aukera hori bizilekuko udalerrira edo albokora mugatu zuen Jaurlaritzak. Astebete geroago, ordea, muga hori kenduko du.

Jaurlaritzak azaldu du koronabirusaren izurriaren bilakaerak erakusten duela positibo kopuruaren beheranzko joera bat, aurreko asteetakoarekin alderatuta. Horregatik, uste dute garaia iritsi dela «mugikortasun arduratsua berreskuratzeko». Ondoko udalerria beste probintzia batean duten kasuetan berdin jarraituko dute; alegia, Eibarko (Gipuzkoa) herritarrak Ermura (Bizkaia) joan ahalko dira, adibidez.

Jaurlaritzak erantsi du lanean jarraitzen duela lehen fasetik bigarrenera igarotzeko. Pauso hori hilaren 25ean egingo luke, Espainiako Gobernuak onartuz gero. Horretarako, hiru parametro aintzat hartuta ari dira lanean: «Osasun agintarien irizpideak zorrotz betetzea, normaltasun esparruak berreskuratzen jarraitzea eta prebentzio neurriekiko konpromiso sozialari eustea, erlaxazioa eragin lezakeen klima sozial bat eragozteko».

Nekane Murga Osasun sailburuak ere esan du lanean ari direla bigarren fasera igarotzeko. Aurreratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bigarren fasera pasatzeko eskatuko duela pandemiaren bilakaera ona bada eta kutsatu kopurua berdin mantentzen bada. Murgak nabarmendu du azken datuak «onak» direla, eta uste du egun dagoen egoerarekin konfinamendua arintzeko modua izango dela.

Hiru hildako

Azken orduetan hiru lagun zendu dira Hego Euskal Herrian, COVID-19aren sintomak zituztela. Bere larrian, aspaldi honetako daturik baikorrena da: martxoaren 19tik egun bakarrean hildako kopuru txikiena da hori. Bezperan, esaterako, hamasei pertsona hil ziren.

Gainerako adierazleek hobera egin dute, nahiz eta zaila izan datuak erkatzea, Jaurlaritzak ez baitu ohiko buletina atera, eta datu gutxi batzuk baino ez ditu eskaini. PCR proben bidez detektatutako positibo berriak, adibidez, 42 izan ziren Hego Euskal Herrian, eta horretan ere hobekuntza dago 49 izan ziren bezperan.

Aste honetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak utzi egin dio orain arte ematen zituen zenbait datu emateari, koronabirusaren bilakaeraren inguruan egunero banatzen duen buletinean. Nekane Murga Osasun sailburuak arrazoitu du aldaketa hori; esan du egoera «aldatu» egin dela, eta orain beste informazio mota bat behar dela pandemiaren bilakaeraren jarraipen zehatza egin ahal izateko. «Hobetzeko asmoz ari gara lanean», esan du sailburuak.

Adibidez, udalerri eta osasun eremuen araberako datuei dagokienez, Murgak esan du datu horiek ematen jarraituko dutela baina «egunez egun banaturik» eta kasu berriekin batera. Datu orokorrak, berriz, astean behin baino ez dituzte emango.

Erietxeetako datuei dagokienez, Murgak esan du datu horiek emango dituztela baina «findu» egin behar direla. Adibide bat jarri du: koronabirusa izan eta sendatu den pertsona bat berriro ospitaleratu behar badute COVID-19arekin zerikusirik ez duen arrazoiren bat dela medio, estatistiketan pertsona hori berriro agertzen zen koronabirus positibo bat balitz bezala. Esan duenez, horrelako okerrak konpondu nahi dituzte datuak jaso eta emateko sistema berriaren bidez.

Murgak erantsi du aldaketa horiek guztiak bat etorri direla denboran «informazioa koordinatzen aritzen den taldearen berritzearekin». Murgak eskerrak eman dizkie «orain arte lanean aritu direnei» eta aurrerantzean taldearen partaide izango direnei, baina ez du horren inguruan xehetasun gehiago eman. «Taldea lanean aritu da hilabete hauetan guztietan, eta aurrerantzean ere hala egingo du, partaide gehiagorekin», esan du.

Beste iturri batzuek, ordea, bertsio zeharo desberdina eman dute taldearen «berriztatze» horren inguruan. El Confidencial agerkariaren arabera, taldean «tentsio handia» dago, lan zama handia delako eta eskura dituzten baliabideak urriak direlako, eta txostenak egiteko ardura zuen epidemiologoak, Imanol Montoia ikerketa zerbitzuko buruak, dimisioa eman du, informazio horien arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.