Zorraren zama ez da desagertu

Burbuilak eztanda egitearekin batera, goia jo zuen Hego Euskal Herriko sendien eta enpresen zor pribatuak: 110.000 milioi euro. Geroztik, hamar urteotan, %28 murriztu da, 79.400 milioi euroraino. Gainera, aurrezkiak gora egin du, eta, 2014tik, aurrezteko ahalmena zorpetzea baino handiago da.

joxerra senar
Iruñea
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Burdinazko bola baten antzera, zor pribatuak indarrean jarraitzen du. Analisi ekonomikoetan zor publikoak bereganatzen du arreta, baina horrek ez du esan nahi enpresen zein familien zorra bat-batean desagertu dela. Azken hamar urteetan Hego Euskal Herriko zor pribatua %28 murriztu da, eta, horrenbestez, zama hori arindu bada ere, errealitate ukigarria izaten jarraitzen du. Espainiako Bankuaren iazko abenduko azken datuen arabera, Hegoaldeko norbanakoek zein konpainiek finantza erakundeei ordaindu beharreko kredituaren zor bizia 79.400 milioi euro zen; hots, iazko barne produktu gordinaren %84.

1990eko hamarkada hasierako krisia iragan ondotik, zor pribatua 20.000 milioi euroren bueltan zegoen. Diru politika merkeak zorpetzea hauspotu zuen, eta, hamalau urte geroago, krisia lehertzear zenean, 110.000 milioi euroren bueltan zegoen zor pribatua. Burbuilaren eztandarekin, beherantz egin zuen, baina itsasbehera horrek ondorio latzak utzi zituen 2009tik 2014ra bitartean.

Europako Banku Zentralak interes tasak apal mantendu bazituen ere, langabeziaren igoerak eta lan baldintzen okertzeak ataka estuan utzi zituen familia eta norbanako ugari. Bankuen balantzeetan tentsioak eragin zituen, baina gizartean arrasto lazgarriagoa eragin zuen. Hipoteken kuotari aurre egin ezinik, epaitegietan hipoteken utzarazpen prozedurak nabarmen egin zuten gora: 2009 eta 2013 bitartean, urtero, 1.400 eta 2.000 artean prozedura jarri ziren abian Hego Euskal Herrian. Egun, azken datuen arabera, 2007ko mailara itzuli da, eta iaz 787 prozedura abiatu ziren.

Azken urteetan, zorpetzea jaistearekin batera, aurrezteko ahalmena handitu da. Printzipioz, interes tasa apalek zordunen zama arintzea lortzen badute ere, ez dute aurrezkia sustatzen. Hala ere, Espainiako Bankuko datuen arabera, Hegoaldean enpresek zein norbanakoek 96.500 milioi euro dituzte gordailuetan, mailegu kopuruaren nabarmen gainetik. Orain gutxira arte kontrako joera zegoen indarrean, eta hori haustea lortu da: 2002tik 2014ra, hamabi urtez, sektore pribatuak ez zuen estali aurrezkiaren bidez bankuek ematen zioten kreditu guztia. Lau urteotan egoera irauli da: zorra jaisten ari den bezala, aurrezkia handitzen ari da.

Bitartekaritza zerbitzuak

2012an, Hegoaldeko bi gobernuek zorrari aurre egiteko familientzako bitartekaritza zerbitzuak abian jarri zituzten. «Hipoteka kasuei lotutako arazo ugari sortu ziren; ordura arte, kasu puntualak baino ez ziren. Oso denbora gutxian, oso azkar, kasu ugari azaleratu ziren», azaldu du Sandra de la Fuentek, Nafarroako zerbitzu horretako teknikariak. De la Fuenteren arabera, zerbitzua doakoa eta borondatezkoa da, eta «kasurik zailenak» ailegatzen zaizkie.

Egoerak behartuta, 2012an, Espainiako Gobernuak errege dekretu bat kaleratu zuen, etxe kaleratzeen ondorioei aurre egin nahirik. Praktika onen kode bat ezarri zuen, eta harekin bat egiten zuten bankuak behartuta zauden, kasu zehatzetan, maileguaren baldintzak leuntzera. De la Fuenteren arabera, Hegoaldeko erakunde nagusiek bat egin dute, eta bost urtean, arazoak egon badira ere, egoera argitzeko balio izan du.

Zein baldintza bete behar ditu zordunak? Besteak beste, diru sarreren %60 baino gehiago hipoteka ordaintzeko erabiltzea edo lau urteren buruan diru sarrerak nabarmen murriztea. «Kasu horretan finantza erakundeak behartuta daude mailegua berriz negoziatzera», azaldu du De la Fuentek: lau urtez zorra ordaintzeari uztea, epeak luzatzea eta interes tasak apaltzea. Moldaketa plan hori nahikoa ez bada, zorra murriztea eska liteke, baina hori betetzea ez dute derrigorrezko bankuek, eta azken aukera da etxea ordainean ematea.

Hala ere, De la Fuenteren arabera, arazoak sortu ohi dira. «Bankuek batzuetan ez dute garaiz informazioa ematen. Bezero gisa, hipotekari aurre egin ezin badiot eta informaziorik ematen ez badidate, gerta daiteke orain baldintzak betetzea, baina sei hilabete barru ez». Dena den, hipoteken plataformen lanari esker, informazio hori badute herritarrek.

De la Fuentek dioenez, gehienetan kasuak bere kabuz bideratzen dira. Ez denak, ordea. «Guregana bideraezinak diren kasuak iristen dira. Utzarazpen prozedura edota etxebizitza ordainean ematea ezin bada bideratu, gure zeregina da lortzea bankuak etxearen alokairu soziala egitea, ez daitezen etxetik joan. Etxea ordainetan emanda ere, oraindik ere zorraren zati bat geratzen bada, bederen haren zati bat murriztea ere bilatzen dugu». Muturreko egoera horietan, bankuek jarrera desberdinak dituzte. «Batzuek guztiei ematen diete alokairu soziala, beste batzuei ez, baina ez dituzte botatzen ere. Linbo egoera moduko bat da». Alokairu soziala, gainera, behin-behineko konponbidea izan ohi da.

Kasu zail horien artean, profil jakinik ez dagoela gaineratu du. «Krisiak mundu guztia harrapatu du. Oso egoera gogorrak dira: jende nagusia, bere bizitzan enplegua lortu ezingo duena, emakume asko bakarrik, genero indarkeriaren kasu ugari...».

«Gure klase politikoa ilargian dago, guztiz galduta»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.