HDP alderdia gaur da izendatzekoa buruzagi berriak

Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Pervin Buldan eta Sezai Temelli izango dira HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko presidenteak Selahattin Demirtas eta Figen Yuksekdagen ordez. Alderdiak gaur Ankaran egitekoa duen kongresuan egingo dituzte izendapenak, nahiz eta aste honetan bertan eman dituzten ezagutzera alderdi kurduko buruzagi berriak. Turkiak, hala ere, errepresioa handitu du kongresuaren atarian, besteak beste, alderdiko hainbat kide atxilotuz eta bulegoak miatuz. Serpil Kemalbayk, HDPk Turkiako Parlamentuan duen bozeramaileak, ostegunean iragarri zituen buruzagi berrien izenak, prentsaurreko batean, eta biharamunean bertan atxilotu zuten beste hamazazpi alderdikiderekin batera.

Kemalbayk berak bezperan zehaztu zuen Turkiak Siriako Afrin kantonamendu kurduaren kontrako operazioa abiatu zuenetik, otsailaren 20an, jazarpena areagotzen ari dela, eta, azken astean, 500 lagun atxilotu dituztela sare sozialetan gerraren kontrako aldarriak egiteagatik. Kemalbayk jakinarazi zuenez, «bakearen alde borrokatzen diren» politikari eta ekintzaile kurdu ugari ere atxilotu dituzte egunotan, baina, haren hitzetan, ezingo dute herri oso bat isilarazi: «HDP herria da, eta ezin dugu herri oso bat kartzelatu. Ezin da geldiarazi askatasunaren aldeko herri baten borroka. Ezin da HDP isilarazi, hain zuzen, isilarazi nahi dituzten guztien ahotsa delako».

Demirtas, kartzelan

Buldanek eta Temellik kartzelan dauden bi buruzagien lekukoa hartuko dute. Demirtas eta Yuksekdag 2016ko azaroan atxilotu zituzten, kargua hartu eta bi urtera, PKKrekin kolaboratzeaz akusatuta. Demirtasek urtarrilaren hasieran iragarri zuen uko egin ziola presidente kargua berriz betetzeari, bere aurkako epaiketa hasi eta hilabetera. Fiskaltzak 142 urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat. Buruzagiari, baina, ez zioten epaiketara joateko aukerarik eman, defentsarako eskubidea ukatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.