Auzoko borroken lekukoa

Helena Bengoetxeak liburu bat idatziko du Iruñeko Alde Zaharreko auzo mugimenduak azken 50 urteetan izandako ibilbidearen kronika kontatzeko. Hausnarketa bultzatu nahi dute, norabide egokia atzera begiratuta aurkituko dutelakoan. Dirua biltzeko kanpaina bat abiatu dute liburua argitaratzeko.

Lokal eske. Protesta Iruñeko udaletxearen aurrean. AZ EKIMENA.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun

Historia herriek egin, baina kontrabandistek idazten dutela kantatzen zuen Fermin Valentziak. Badira inork idazten ez dituen gertakariak ere, ez bada norberak hartzen duela horretarako ekimena. Horretaz oharturik, Iruñeko Alde Zaharreko auzo mugimenduaren ibilera idatziz eta irudien bidez jasotzea erabaki dute bertako bizilagunek. Atzera begira paratu dira aurrera egiteko asmoz. Lekuko bat da, liburu forma duena, orain auzoan lanean ari direnek hartu dezaten. Liburu bat, gertatutakoaren lekuko.

Euskal Jai gaztetxea hustu zuteneko irudi bat: bi gazte, teilatuan lotuta.AZ EKIMENA

Auzolanean aritzen dira Iruñeko Alde Zaharreko herritarren mugimenduak, eta haien ibileren kronika ere denen artean osatu dute. Helena Bengoetxea arduratuko da Auzolanean, historia idatziz liburua egiteaz, baina aurretik auzokoek parte hartzeko aukera izan dute. Argazki erakusketa ireki zuten Plazara zentro komunitarioan, eta denbora lerro bat paratu zuten, jendeak proposamenak eta zuzenketak egin zitzan. Argazkiak eta dokumentazioa eramateko aukera ere izan zuten. Orain, liburua argitaratzeko, dirua biltzeko kanpaina bat abiatu dute goteo.org webgunean.

Informazio bilketa hutsa baino gehiago da duela bi urte auzoko mugimenduak biltzen dituen AZ Ekimenak martxan paratu zuen proiektua: «Ez da historia liburu bat edo argazki liburu bat; batez ere da hausnarketa edo kronika bat kontatzeko azken 50 urtetan auzoko mugimenduak izan duen garrantzia», azaldu du Bengoetxeak. Ez hori bakarrik: «Etorkizunari begira, tresna bat da amesten dugun auzoa lortzeko bidean». Atzera begiratu behar baita gaur egungo auzoaren egoera ulertzeko: «Konfinamendu garaian elkartasun mugimendua sortu zen egun batetik bestera. Hori ez zen bat-bateko gauza izan; urtetako lanaren emaitza da».

Alde Zaharreko auzo elkartea 1990ko hamarkadan.AZ EKIMENA

Txutxin Almingol 1980ko hamarkadatik ari da modu aktiboan parte hartzen Alde Zaharreko auzo mugimenduan, eta ez du zalantzarik: «Ezinbestekoak dira auzo mugimenduak. Batik bat erakundeek esku hartzen dute, baina auzokideak dira aurretik doazenak eta beharrizanez ohartzen direnak». Auzoen bilakaera oso motela dela uste du; beraz, etorkizuneko auzoa irudikatu behar da: «Horretarako, garrantzitsua da auzo identitatea, bertan parte hartzen duzula sentitzea, eta proposamenak aintzat hartzen direla ikustea. Azken finean, herritarrak dira auzoko bizitzaren adituak». Herritarren ezagutza eta erakundeetako teknikariena uztartzearen alde egin du.

Auzoaren bilakaerari so

Liburuan askotariko gaiak bilduko dituzte: auzoko protestak, aldarrikapenak, borrokak, lorpenak... baita gabeziak eta porrotak ere. Eta, noski, ekitaldi zehatzetatik harago, eraldaketa prozesuek toki nabarmena izanen dute. Izan ere, eraldaketa prozesu etengabean izaten dira auzoak. «Urte hauetako analisia eginda argi ikusten da duela hamabost urte egin zenaren emaitza dela orain gertatzen dena, eta orain egiten denak baldintzatuko duela hemendik hamabost urterako Alde Zaharra», esan du Almingolek.

Lokal eske, protesta Iruñeko udaletxearen aurrean.AZ EKIMENA

Esaterako, duela 25 urte San Frantzisko eskola publikoan D eredua ezartzea lortu zuten gurasoek eta auzokoek. Ordura arte, auzoan ezin zen euskaraz ikasi, eta hori ere bazen bizilekua aldatzeko motibo. «Gisa horretako lorpenek eragina dute auzo bizi bat lortzeko», azaldu du Bengoetxeak. Beste adibide bat eman du: «Duela 20-25 urte ez genekien zer zen aurrekontu parte hartzaile bat. Hemen saiakera batzuk egin ziren hori lortzeko; egitasmo abangoardistak egin ziren».

Almingolek ere halako prozesuetan paratu du arreta. Gazteluko plazako aparkalekuaren kontrako borroka edo Euskal Jai edo Maravillas gaztetxeen husteak, besteak beste, oihartzun mediatiko handiko gertakariak izan ziren; baina badira, oihartzun txikiagokoak izan arren, garrantzi bera duten beste batzuk. Azpimarra egin du 1998ko 55 proposamen 2005erako jardunaldietan. «Auzo elkartea frankismoan sortu zen, egoera eta behar batzuekin. 1990eko hamarkadara arte antzeko bidea jarraitu zuen, normalki udalaren erabaki askoren kontra eginez. Jardunaldi horietan aldaketa bat izan zen: beti protestan eta pankartarekin egon beharrean, izan gaitezen gu auzoaren ardura hartzen dugunak, aurreratu gaitezen administrazioari, aztertu ditzagun auzoak dituen beharrak, eta eskaini ditzagun konponbideak». Jardunaldi horietan auzokoak, udal teknikariak, unibertsitateko irakasleak, ostalariak eta merkatariak aritu ziren. Aritzeko modu hori dago oraindik ere. Auzoaren ekimenez sortu zen Piparrika hiri baratzea, utzita zegoen Santa Ana plazan, adibidez.

1998ko jardunaldien aurkezpena.AZ EKIMENA

Lokalak ere garrantzitsuak izan dira, eta behin baino gehiagotan atera dira karrikara horien eske. «Herri mugimendu guziek behar dute biltzeko toki bat, baina baita jendeak nora jo jakin dezan ere», kontatu du Almingolek. Kale Nagusiko Mariano zentroan hasi ziren, eta, zenbait lokaletatik pasatu ondoren, 2003an Auzoenea zentro komunitarioa ireki zuten. «Auzoak dituen beharrei erantzuteko ireki zen. Proiektu defizitarioa da berez, erabiltzaileek ez dutelako deus ordaindu behar, baina auzoarentzat oso garrantzitsua da: AZ Ekimena han sortu zen, edo jai batzordeko bilerak han izan dira momentu latzak bizi izan ditugunean ere. Irri eta negar asko egin dugu; sekulako lana dago pareta horien artean», azaldu du Nor Rodriguez Aldezar elkarteko kideak. Geroago etorri zen Plazara, udalaren eta elkarteen artean kudeatzen den udal espazio komunitarioa.

Auzoaren etorkizuna

Auzoa eraldatu zuen beste elkarte bat Aldezar da. Horretan bat datoz hiru auzokideak. «Etengabeko etorkizuna da Aldezar», azaldu du Rodriguezek. Izan ere, erabiltzen duten haur eta nerabeak hezitzaile bihurtzen dira 17-18 urte betetzean, «jasotakoa bueltatzeko». Auzoan integratzeko modua da. «Guretzat inportantea da gazteri kritikoa zaintzea, beharrezkoa baita gazteri mugitua. Horrek auzoa elikatzen du».

Gaztelu plazako aparkalekuaren kontrako protestaren irudi bat.AZ EKIMENA

Auzokoek haien neurriko auzoa eraikitzea da kontua. Eta hor, porrotak ere bildu dituzte. Porrotak-edo: «Batzuetan nahiko zorrotzak gara; dena ez da beltz edo zuri», esan du Bengoetxeak. Gazteluko plazan aparkalekua eraiki bazuten ere, ez zen alferrik izan borroka: «Lortutako batasuna eta herritarrek irtenbideak martxan jarri izana aintzat hartu behar dira. Porrotik handienetik ere, beti ikasten da zerbait». Rodriguezek argi du zer ikasi duen: unerik zailenetan auzokoak dituztela ondoan. Liburuan jasotzeko moduko beste hausnarketa bat bota du: «Erakundeek zerbait ukitzen duten momentuan, bat-batean, auzo oso bat ateratzen da kalera: berdin gaztetxeekin edo San Fermin Txikirekin. Auzo honek zerbait badu, izpiritu borrokalaria da. Ez du inoiz etsitzen».

San Fermin Txiki bestak, 1970. urtean.AZ EKIMENA

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.