Jaurlaritzak ohartarazi du «klima larrialdia» iritsi dela

Adierazpen instituzional bat onartu du gobernuak, eta klima aldaketaren gaiari heltzeko deia egin. Emisioak ugaritu egin dira azken urteetan

Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, sailburuak alboan dituela, adierazpen instituzionala irakurtzen. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Klima aldaketaren auzia agenda politikora eramateko urrats bat egin du Eusko Jaurlaritzak. Adierazpen instituzional bat onartu du gobernu kontseiluan, eta «klimaren eta ingurumenaren larrialdi egoera» deklaratu du. Iñigo Urkullu lehendakariak irakurri zuen agiria atzo, sailburuak alboan zituela. Testuan ohartarazi dute klima aldaketarena «errealitate ukaezina» dela, «frogatua», eta neurriak hartzeko garaia dela. Neurri zehatz bat iragarri du: urteko aurrekontuaren zati bat klima aldaketa «arintzeko» neurrietara bideratzea, eta aldaketara «egokitzeko» neurrietara.

Klimaren egoera «larrialdi» gisara izendatzeak ez du zuzeneko eragin praktikorik ekarriko; ez du lege izaerarik eta horrelakorik izango. Keinu sinbolikoa da, beraz. Kontuan izatekoa da Frantziako Asanblea Nazionalak ere oraintsu deklaratu duela «klima larrialdia» lege batean, hitzaurrean. Keinu sinbolikoa izan zen.

Urrats horrekin, klima aldaketaren auzia agendan jarri nahi du Jaurlaritzak: «Asmoa ez da inolako alarmismo inkontzienterik anplifikatzea, baizik eta erronka honi behar duen dimentsioa eta arreta ematea». Klimaren auzia «gure herriaren helburu nagusi gisa» hartu nahi du Jaurlaritzak. Haren ustetan, izan ere, nahiz eta klima aldaketaren arazoak mundu osoari eragin, tokiko erakundeen bidez ekin behar zaio bereziki, «herritarrengandik hurbilen» dauden instituzioen bidez.

Jaurlaritzak gogora ekarri du azken urteetan erakundeek zer konpromiso sinatu dituzten klima aldaketari aurre egiteko, eta bere egin ditu; besteak beste, Parisko Itunean jarritako helburua, industrializazio aurreko tenperatura baino 2 gradu handiagoa ez izatea planetaren tenperatura.

«Klima larrialdia» izendatzeko pauso sinbolikoaren alboan, Jaurlaritza ari da lege aldetik aldaketak prestatzen. Besteak beste, klima aldaketaren aurkako legea. Aurreproiektuan jaso dute zein izango duen helburua: 2050ean, karbonoan neutroa izatea. Hots, berotegi efektuko gasen isuriak ez izatea atmosferatik kendutakoak baino gehiago —landareen bidez ken daitezke, esate batera—.

Oposizioa, neurri eske

Urkulluk aurreratu du helburu hori betetzeko neurri gehiago ere hartuko dituela Jaurlaritzak. Zehazki, asmoa dute politika publikoak ezartzerakoan zehatz aztertzeko kliman zer eragin daukaten, eta aurrekontuetan diru sail bat gordetzeko klima aldaketari aurre egiteko eta «aldaketa horri egokitzeko». EH Bilduk, hain zuzen, ohartarazi du neurri zehatzik ezean «hutsa» izango dela Jaurlaritzaren adierazpena, eta gas isurien kantitate handia salatu du. Equok ere ohar bera egin du, eta igotzen ari direla isuriak. Hori diote Eustaten datuek: behea 2014an jo zuten isuriek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (19,3 milioi tona karbono dioxido baliokide), eta gora ari da ordutik (2017an, 20 milioi tona). Berotegi efektuko gasek 2002an hartu zuten goia: 26,6 milioi tona.

Jaurlaritzak bakarrik ez, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ere izendatu du «klima larrialdia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.