Ekhi Erremundegi Beloki.
Herriko bozak Ipar Euskal Herrian. Bigarren itzulia. ANALISIA

Frogatzeko aukera

2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Herriko bozen lehen itzuliak abertzaleek eta euskaltzaleek bultzatutako zerrenda herritarren aitzinamendu bat erakutsi du. Hiriburun, Baigorrin eta Aiherran herriko etxeak atxiki dituzte. Donapaleun, Barthelemy Agerre kanporatu eta gehiengoan sartu dira, Massondoren gibelean osatu zerrenda zabalean; baita Biriatun ere, Mixel Hiriart kanpoan utzita. Lakarrin, Dominika Bosquen lekua hartu du Dorothe Nabarrak, azken momentuan sorpresa emanez. Azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian pisu politiko nabarmena izan duten jauntto horiek paisaia politikotik desagertu dira, momentuko behintzat.

Bigarren itzulian ere ezkertiar eta abertzaleek joera horrekin segituko dutela espero da. Uztaritzen, herriko etxea atxikiko dute sorpresarik ezean; Ziburun eta Urruñan, irabazteko puntuan dira, eta Itsasun ere aukerak izan litzakete. Hendaian, Ezenarro gaur egungo auzapez sozialistak, ezkertiar abertzaleek eta intsumituek egindako aliantzak du irabazteko aukera gehien, eta Senperen ere, Dominique Idiarten zerrenda euskaltzaleak gailendu beharko luke, ezkertiar eta abertzaleekin aliatuta. 2014an, aliantza bera ukatu zuen Idiartek,eta Pierre Marie Nousbaum eskuineko hautagaia gailendu zen.

Baina batzuen arrakastak ezin du gorde besteen porrota. Aturri aldeko eremu batzuetan ez dute inolako presentziarik ezkertiar eta abertzaleek; Maulen eta Donibane Garazin ez dute lortzen koxka gainditzea. Eta bada Baiona-Angelu-Miarritze eremua; Ipar Euskal Herrian biztanle gehien duena. Angelun ez dira gai izan zerrenda bat aurkezteko ere —2014an %5,8 lortu zuen Hemen Angeluk-; Miarritzen eta Baionan, ekologistekin eta insumituen zati batekin batuta,%12-13ra iritsi dira, esperotako emaitzetatik urrun. Baionan, gainera, bigarren itzuliko aliantzen eztabaidak pitzadurak eragin ditu taldean, eta sei urtez instituzioetatik kanpo izanen dira ezkertiar eta abertzaleak.

Lehen itzulian lortutako emaitza onak berretsiko balituzte, inoiz baino hedapen zabalagoa lor lezakete ezkertiar eta abertzaleek bultzatutako zerrendek. Botere publikoak kudeatzeko gai direla erakutsi eta Ipar Euskal Herri mailan sinesgarritasuna lortzeaz gain, abertzaleen aldarrikapen historiko batzuk aitzinarazteko aukera izanen dute. Usu erran da gaur egungo esparru juridikoan borondate politikoarekin gauza anitz egin zitekeela, hizkuntza politikan, besteak beste. Frogatzeko aukera dute orain; frogatzeko tenorea heldu da. Errugbiko hiztegia erabiliz, elektoralki lortutako entsegua politikoki emendatzeko aukera dute.

Elkargotik harago

Euskal Elkargoaren lehen agintaldi osoa izanen da hau. 2017ko urtarrilean sortu zenetik, instituzioaren hiru urteko antolatze eta eraikitze fasearen ondotik, ekintza politikora pasatuko da. Hainbat arlotan aitzinamendu nabarmenak izateko aukera egon daiteke; instituzioak dituen mugak ere agerian geldituko dira. Erabakitzeko eskubidearen izenean, ahalmen politiko handiagoaren beharra mahaigaineratzeko aukera izan liteke, hala nahi duenarentzat. Eta oraindik konpondu ez den gatazka bat plazaratzekoa: Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritarrek ez dute beren egunerokoaz eta etorkizunaz libreki erabakitzeko eskubiderik, ahalik.

Gaurko emaitzek eragin zuzena izanen dute Euskal Elkargoaren bilakaeran. Baionako bozetan Jean Rene Etxegaraik irabazten badu lehendakarigai izanen dela pentsa daiteke, baina galtzen badu, zer eginen du? Baionak dituen 22 ordezkarietatik bat harena izanen da, berez; auzapez izan gabe Euskal Elkargoko lehendakari izatera aurkeztuko da? Auzapez eta lehendakari karguak batera eramatea leporatu dio batek baino gehiagok; osoki elkargora dedikatzeko aukera izan liteke aldi honetan. Baina ez du Lapurdiko eta Ipar Euskal Herriko auzapez izatearen pisu politikoa izanen.

Era berean, 2014ko herriko bozen ondotik Euskal Elkargoaren kontra osatu zen Claude Olive eta Emmanuel Alzuriren taldearen indarrak nolakoak izanen dira? Lehen itzulian Barthelemy Agerre galdu zuten Donapaleun, eta bigarren honetan Francis Gonzalez gal lezakete Bokalen. Miarritzeko eta Baionako emaitzek ere pisua izanen dute balantzan. Talde horrek hautagairik aurkeztuko du? Zer helbururekin?

Eta zer eginen dute ezkertiar eta abertzaleek? Elkargoan zinezko talde politiko bat sortzen saiatuko dira? EH Baiko kideekin? Ala zabalago, hauteskundeetako aliantza estrategia berarekin? Eta lehendakarigairik aurkeztuko dute Etxegarairen parean? EH Baiko iturriei elkargoan hartuko duten jarreraz galdetutako bakoitzean, erantzun bera eman izan dute orain arte: «Ez dugu erabakirik hartu».

Baina, aste honetan, bi elkarrizketa eskaini ditu Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariordeak, «prest» dela eta «pentsatzen ari dela» errateko; hau da, aski argi ez bada: EH Baiko hautetsia hautagai izanen da lehendakaritzarako. Ondoko egunetan hautetsi eta auzapezekin mintzatuko dela erran du; hasi da kanpainan. Bigarren itzulirako, Etxegarairen aldeko kanpainan aritu da abertzale bat baino gehiago, publikoan zein pribatuan, aldarrikapen abertzaleak eraman litzakeen bakarra izanen balitz bezala. Beharbada heldu da garaia, elkargoan ere, aldarrikapen horiek abertzaleek berek eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.