urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Aberriak

2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Amerikako Estatu Batuak lehen lekura iritsi ziren atzo. Astea Espainia aurreratzen hasi zuten, eta Italia gaindituta, koronabirusak hildako gehien eragin dituen herrialdea da dagoeneko. Duela hamar egun New Yorken hobi komunetan dozenaka lagun ehortziko zituztela esan baliete, film apokaliptiko bati buruz ari zirela pentsatuko zuten. Marka da hau guztia Bernie Sandersek hautagai demokrata izateko kanpaina bertan behera utzi duen astean gertatzea, Vermonteko senatariak esaten eta aldarrikatzen duenak berebiziko garrantzia daukanean hain zuzen ere, MedicareForAll edo osasun zerbitzu publikoa, esaterako. Inor atzean ez uztearen beharra inoiz baino nabarmenagoa da mundu osoan.

Joe Biden eta Donald Trump izango dira, beraz, AEBko bi hautagai nagusiak azaroko hauteskundeetan, kataklismo historiko honek gidoia goitik behera aldatu ezean eta kataklismo historiko hau gidoi guztiak ari da goitik behera aldatzen, idatzitakoak ezabatzen eta orri zuri asko uzten. Ezkerreko boto emaileak hautagai zentristaren eta Trumpen eskuinaren artean hautatu beharko du. Horretaz jakitun, diskurtsoa ezkerrerantz ari da eroaten Biden azkenaldian, noski, eta Sandersek ere agindu zuen konbentzioak erabakitzen zuen hautagaiaren alde batu behar zirela indarrak. Aldaketa iraultzailea agintzen zion mugimendu eraldatzaileari establishment-aren alde egitea eskatu beharko dio.

Trumpek, berriz, irabazteko karta onenak zituen, jardunean diren presidente ia guztiek ohi bezala. Baina esan dugu zeinen garai ezegonkorra den, ezta? Egia-ostearen sasoian herrialdea erdibitzeko gai izan da, auzi ekonomiko, sozial zein nazioarteko politikan. Baina gaitzak denon ateak jotzen dituenean, zailagoa da sinetsaraztea «nik esan nuen bezala» ari direla gertatzen gauzak. Eta hala ere, maskarak ere munduko beste puntan egiten diren globalizazioaren aurrean jarrera protekzionista aldarrikatu dezake Etxe Zuriko bizilagunak.

Europa mendebaldean ere triskantza itzela da egunez egun. Italiaren eta Espainiaren ostean, Frantzian, Erresuma Batuan zein Belgikan ehunka hildako dituzte egunik egun. Suedian ere geroz eta egoera larriagoa daukate; herrialde gehienen kontrara egin du igeri aste honetara arte, etxeko konfinamendu zorrotzik gabe. Ikusi beharko da horrela segi dezaketen, baina azpimarratzekoa izan da orain arteko jarrera. Herritarrek zintzo bete omen dute agintariek esandakoa, beharrezko distantzia gordez kalean, pilaketarik gabe, noski, haur-eskolak itxiz baina gainontzeko eremuei zabalik eutsiz. Hainbat gako omen daude: osasun sistema indartsua, oso gazterik etxetik joaten den biztanleria, etxeen ia erdietan pertsona bakarra bizitzea, gaitza zahar-etxeetatik kanpo mantendu izana... Osasunean edo etxebizitza eskubidean oinarritzen den babes sozial handiko sistema dago alde batetik, baina baita beste elementu garrantzitsu bat ere: herritarrek erakundeekiko daukaten konfiantza (ehuneko 60 inguru azken hamarkadetan, AEBetan halako bi), eta alderantziz, estatuek herritarrek zuzen jokatuko duten sinesmena.

Identifikazio arazoa dakar Aberri Egunak azken urteotan, data finkorik gabe, kristau egutegira lotuta eta askoren opor sasoian izanik. Etorkizunean hala behar duen pentsatzeko egun egokiak izan litezke hauek, baina aurtengoa aspaldiko berezienetakoa izango da, besteak beste inoiz baino euskal herritar gehiago egongo direlako etxean. Aberri Egun honetan Euskal Herriko milagarren hildakoa ere izango dugu. Penintsulako naziorik txikienetakoa gara, baina Portugalen heriotzen bikoitzak ditugu. Antonio Costa lehen ministroak argi esan die bankuei portugesek krisi finantzarioan emandako dirua itzultzeko unea dutela. Zer nolako autonomia gura dugun galdetzen digutenean beti erantzun beharrekoa da «Portugalek bestekoa».

Gure planetako kontinenteetan ez dago koronabirusik gabeko lurralderik ia-ia. Hego Sudanen eta Yemenen agertu dira azken kasuak; lehen ere kolerak odolustutako herrialdeetan gaitzak aurrera egiten badu, sarraskia itzela izango da. Ozeaniako estatu txikiak dira COVID-19rik ez duten ia bakarrak. Polinesia, Melanesia eta Mikronesiako uharteek sarritan oztopo izan duten isolamendua aldeko faktore bihurtu zaie orain. Salbuespena Frantziaren menpeko Polinesia eta Kaledonia Berria dira, kolonialismoaren kalte-ordainak horiek ere.

Portugalen autonomia, Suediaren nortasun demokratikoa, uharte txikien subiranotasuna edo Bernie Sandersek antolatu duen mugimendu zibil eraldatzailea, denetatik pixka bat lukeen aberri bat irudikatzen dut. Inor atzean ez uzteko babes soziala daukan herria. Enpresa handien alde eta herritarren osasunaren aurka egiten duten agintarien aurrean etxetik ere mobilizatzen dakien herria, esaterako, nekazarien, saltoki txikien zein elikaduraren alde. Gobernu eskuindarrek atzera egin eta azokak berriz irekitzea lortu duen herria. Beharginak berriz kutsatzera agindu beharrean, Amazon eta konpainia handiak sustatu beharrean, sasoi berria kulturan sakontzeko eta herriko liburu-dendak zabaltzeko baliatzen duen herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.