Eusko Jaurlaritzak tabernak itxi, eta etxeratzea 22:00etara aurreratu du

Farmaziek eta gasolindegiek izan ezik, gainerako merkataritza establezimenduak 21:00etan itxi beharko dira. Neurri berriak bihar sartuko dira indarrean, eta azaro osora zabaldu ahal izango dira

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua, atzo, Eusko Jaurlaritzak ezarriko dituen neurrien berri ematen. IREKIA.
Lander Muñagorri Garmendia Andoni Imaz
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun

Gabonetara ahalik eta baldintza onenetan iristea, eta udaberrian bezalako etxeko itxialdia saihestea. Horiek dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren oraingo lehentasunak, eta, horretarako, COVID-19 gaitzari aurre egiteko orain arteko murrizketak are gehiago zorroztu ditu Jaurlaritzak. Ostalaritzako lokal denak ixteko agindua eman dute, eta orain indarrean dagoen etxeratze agindua 22:00etatik 06:00etara mugatuko dute. Jarduera sozioekonomikoarentzako ordutegia ere txikitu egingo da, eta 21:00etatik aurrera itxita egon beharko dute merkataritza establezimendu guztiek —farmaziek eta gasolindegiek izan ezik—. Neurriak bihar sartuko dira indarrean, eta azaro osora zabaltzea aurreikusten du Jaurlaritzak. Hamabostean behin aztertuko dute hartutako neurriak zenbaterainoko eragina izaten ari diren.

LABIren batzorde teknikoa atzo arratsaldean elkartu zen Osasun sailarekin eta Lurralde arteko Osasun Kontseiluarekin, eta bertan hartu zituzten neurri nagusi horiek. Diagnostiko bat ere partekatu zuten denen artean: ospitaleetan, oraingoz, berehalako kolapsoa izateko arriskurik ez dagoen arren, saturazioa «mehatxu bat» dela. Ez hori bakarrik: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «gero eta handiagoa eta kezkagarriagoa» dela birusaren transmisio komunitarioa. Horregatik, LABIren osteko bileran esan zuen Urkulluk «neurri berriak orain hartu behar direla, transmisio kateak irmo hautsi daitezen». Herritarrentzako deia ere egin zuen, eta «zorroztasun eta erantzunkidetasun handiena» eskatu zien neurri hauek betetzerakoan.

Lehendakariak egindako agerraldian zortzi neurri zehatz aurkeztu zituen. Lehena izan zen pertsonen zirkulazio askatasuna murriztea, eta bigarrena jarduera sozioekonomikoak mugatzearena. Ondoren iritsi ziren gainerakoak: kultur jardueretako aforoa %50ekoa izango da bihartik aurrera eta kultu jarduerena %35ekoa; ostalaritzako establezimendu oro itxi egingo da, baina jatekoa etxez etxe banatzeko aukera egongo da, betiere 21:00ak arte; gasolindegietan, osasun zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola jantokietan zein lantegi eta jantoki sozialetako zerbitzuguneetan dauden jatetxe zerbitzuek lan egiten jarraitu ahal izango dute; kultura jarduera edo ikuskizun ororen emanaldiek 21:00etarako amaitu beharko dute, eta profesionalak ez diren entsegu kolektibo denak debekatuta egongo dira; kirolari dagokionez, taldeko edozein jarduera eten egingo da, ez bada kirol profesionala edo erdi profesionala; debekatuta egongo da kirol jarduera horiek ikustera joatea; gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan ikastaroak egin ahal izango dira, betiere maskararekin egiten badira, gehienez sei laguneko taldeetan eta %40ko aforoarekin; joko eta apustu etxeak itxi egingo dira; azkenik, garraio publikoan mugitzeko ordutegia 22:30ean etengo da.

Neurri horiek guztiek albo kalte ugari izango dituztela jakinda, Urkulluk esan zuen LABIren bileran pandemiak eragindako sektoreentzako laguntzak banatzeko balorazioa egin zela. «Zehazki, merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren arloko laguntzak aztertu dira; Eusko Jaurlaritzak laguntza programa guztiak indarrean mantentzen ditu, eta kaltetutako sektoreekin zuzeneko harremanetan jarraituko dugu, planteatzen diren beharrei hobeto erantzun ahal izateko».

Ostalaritza dena ixteko agindua eman arren, Urkulluk esan zuen sektorea ez dela egoeraren erantzulea, eta ez dela estigmatizatu behar. «Egia da arrisku gehien lokal horietan egon ohi dela, harreman sozial gehien dagoen lekuak direlako; baina ez sektorearen errua delako, gutako bakoitzaren jardunagatik baizik». Lehendakariak esan zuen «oso jakitun» dela hartutako neurri horiek ostalaritzari zuzenean eragingo diola, baina azpimarratu zuen ez direla bakarrak, eta aurretik beste sektore batzuei eragin dien neurri murriztaileak hartu izan dituztela ere gogorarazi zuen agerraldian.

Urritik, neurriak gogortzen

Pandemiaren bigarren olatuan, urrian hasi ziren datuak atzera makurtzen, eta horrek ekarri du neurriak zorroztea. Ipar Euskal Herrian, konfinatuta daude urriaren 29az geroztik, eta ezinbesteko jardueretarako soilik atera ahal dira etxetik. Eskolak, kolegioak eta lizeoak irekita daude, baina unibertsitateko klaseak online dira. Nafarroan, bestalde, gobernuak duela bi aste pasa ezarri zituen neurri murriztaileak, eta beste bi asterako luzatu zituzten herenegun. Herritarrei aholkatzen diete etxe bereko kideekin elkartzeko soilik; bilkurek gehienez sei lagunekoak izan behar dute nahitaez, ezin dira Nafarroatik irten, eta tabernak itxita daude. Pixkanaka bada ere, beheratzen ari da gaitzaren transmisioa. Aste honetan, intzidentzia tasa apaltzen ari da egunez egun, eta aurreko asteetan baino positibo gutxiago atzematen dituzte, nahiz eta atzotik gaur arte gorakada bat egon den.

Horiek ikusita, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak atzo esan zuen gobernuak lehen mailako arreta zerbitzua hobetzeko ekintza plan bat proposatuko duela «berehala». Helburu argia edukiko luke ekintza plan horrek: zerbitzua hobetu eta egiturazko aldaketak egitea. Izan ere, ahulgune ugari dituela onartu zuen, eta horietako asko agerian geratu direla pandemia garaian. Ildo horretan, lehen mailako arreta indartzeko garaia dela nabarmendu zuen, eta horretarako oinarri legala eta ekonomikoa dagoela gogorarazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.