Puigdemonten atxiloketa

Europaren eta Espainiaren bertsio kontrajarriak auziaren muinean

Europako Justizia Auzitegiaren esanetan, etenda dago euroagindua; Espainiaren arabera, ez

Gonzalo Boye abokatua eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi erbesteratua, artxiboko irudi batean. JAVIER ALBISU / AGENTZIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun

Galdera marka handi bat jarri du mahai gainean Carles Puigdemonten atzoko atxiloketak. Indarrean al dago haren kontrako euroagindua? Galdera horri erantzun beharko dio Sardiniako Sassari hiriko Apelazio Auzitegiak hurrengo asteetan. Hark erabakiko du euroaginduaren prozedurari jarraitu eta Puigdemont Espainiaren esku uztea aztertuko duen ala Espainiaratze agindua baztertuko duen. Eta, horretarako, kontraesanezko bi bertsio alderatu beharko ditu. Batetik, Espainiako Auzitegi Gorenarena; euroagindua indarrean dela ziurtatu zuen atzo Pablo Llarena epaileak. Bestetik, Europako Justizia Auzitegiak Puigdemonten kontrako euroagindua etena dagoela jaso zuen uztailaren 30ean argitaratu zuen autoan.

 

Puigdemonten defentsak argi du Luxenburgoko auzitegiak esandakoa aintzat hartuz gero ez dagoela zalantzarik. Gonzalo Boye abokatuaren iritziz, euroagindua etenda dago Llarena epaileak Luxenburgoko auzitegiari euroaginduen gaineko arazo aurrejudizial bat aurkeztu zionetik. Europako Justizia Auzitegiaren uztaileko autoak horrela baieztatzen du uztaileko autoaren 53. paragrafoan.

Ez hori bakarrik. Europako Justizia Auzitegiaren esanetan, «Espainiako agintariek berariaz» adierazi dute EB Europako Batasuneko auzitegiek ezin izango dituztela euroaginduak betearazi «Justizia Auzitegiak [arazo aurrejudizialari buruzko] epai bat eman arte».

Hain justu, auzitegiaren baieztapen horiek izan ziren Luxenburgoren arrazoi nagusia Puigdemonti eurodiputatu gisa EBko lurralde osoan dagokion immunitatea eteteko. Arrazoitu zuen eurodiputatu kataluniarrak ez zuela EBn atxilotua izateko arriskurik. Auzitegiak zehaztu zuen, behin euroaginduari buruzko arazo aurrejudiziala argituta, egoera hori aldatuko balitz, immunitatea berriz ere indarrean jartzea aztertuko lukeela.

Horretan oinarrituta, Boyek iragarri du kautela neurriak eskatuko dizkiola Europako Justizia Auzitegiari, ahalik eta azkarren, Puigdemonti immunitatea berrezar diezaion, Espainiak ez dituelako euroaginduak indargabetu.

Espainiako Auzitegi Gorenak atzo adierazi zuen Puigdemonten kontrako Espainiaratze eskaria «indarrean» dagoela. Ohar bidez jakinarazi zuen bidalia diola euroagindua Sassariko Apelazio Auzitegiari. Harekin batera bidali dio Luxenburgoko auzitegian aurkeztu zuen arazo aurrejudiziala ere. Azken horri buruz, gaineratu du «haren tramitazioak ez duela aldatzen [Puigdemonten kontrako] prozeduraren egungo egoera».

Boyeren iritziz, Espainiako Auzitegi Gorenak «ez du argi jokatu» Europako Justizia Auzitegiarekin. Haren esanetan, Luxenburgok euroaginduak indargabetuta daudela baieztatu du Espainiako justiziak idatziz hala ziurtatu diolako. «Engainatuta sentituko dira. Immunitatea kendu zuten pentsatuz alde guztiek egia ziotela. Ikusi da ez dela hala izan».

Ezusteko atxiloketa

Puigdemontek ez du immunitatea erabat etena. Europako Parlamentuak Espainiako justiziaren eskariz indargabetu zion aurrena, eta defentsak erabaki horren kontra aurkeztu zuen helegitea aztertu bitartean, behin-behinean indarrean mantendu zion Luxenburgok, uztaileko auto horretan atzera mugatu zion arte. Auzitegiak immunitatea aitortu zion, baina, Europako Parlamentura joan-etorrian aritzeko, eurodiputatu funtzioa bete dezan. Hori dela eta, Boyek nabarmendu du Puigdemontek europdiputatu jardunerako bidaiatu duela Sardiniara, aurretik Frantziako Asanblea Nazionalera eta Perpinyara joan den modu berean. «Bidaia horietan ere polizia kontrol ugari pasatu ditugu, eta inori ez zaio otu Puigdemont jauna atxilotzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.