Emakumeen Nazioarteko Eguna. Mundu Martxa

Zubiak ez daitezen murru izan

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren V. Nazioarteko Ekintzaren amaierako ekitaldia egin dute Hendaia eta Irun artean. Feminismoa, antirrazismoa eta dekolonitatea aldarrikatu dituzte, transnazionalak, mugak eta migrazio politikak salatuz.

Mugei eta transnazionalei ezetz esan zieten atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Hendaia-Irun
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Feminismotik, antirrazismotik eta dekolonialitatetik abiatuta, «sistema arrakalatzea». Helburu horrekin, ehunka emakumek hartu zituzten atzo Hendaiako (Lapurdi) eta Irungo (Gipuzkoa) kaleak, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren V. Nazioarteko Ekintzaren itxiera ekitaldiaren harira. Baina, batez ere, bi herriak banatzen dituen mugako zubian jarri zuten arreta: zubiak batzeko izan behar direla aldarrikatu zuten, eta ez oztopo izateko.

Baiona izan zen feministen lehen topalekua. Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez! zioen pankartaren atzean jende andana elkartu zen, kolore guztietako oihalak eskuetan hartuta. Euskal Herriko hamaika txokotatik jaso zituzten, mezuz gainezka: Deseraikiz, zubiak eraikitzen zioen batek, Feministak atzerritar legearen aurka beste batek edo Emazte bat inon loturik deino ez gara libre izango. Oihal horietako bat eusten ari zen Cecilia Themme, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareko kidea. Santiago zubikoa «inposatutako muga politikotzat» du Themmek, eta gogoan izan zuen hainbat emakumek ez zutela aukerarik izan bertan egoteko: «Hemen emakume asko falta dira talde feministetan eta antirrazistetan lanean aritu direnak, eta ezin izan dutenak etorri egoera administratibo irregularrean daudelako».

Dantzan, mezu eta musika aldarrikatzaile artean, iritsi ziren Santiago zubira, iazko urrian ekintza abiatu zuten lekura. Alde batean, jendarmeak; aurrerago, ertzainak. Baina ez zuten pasatzeko arazorik izan. Beste kasu batzuetan ez dela horrela izaten salatu zuten bertanAinhoa Olasok eta Aura Vasquezek irakurri zuten adierazpenean: «Muga hau nazio estatuek inposatutako muga politikoa da, gure lurren kudeaketa patriarkal eta arrazista sendotzen duen egitura militarra». Azpimarratu zutenez, 2017an legez kanpoko egoera administratiboan zeuden 9.175 pertsona migraturi ukatu zieten sarbidea, iritsi ahala itzuliz. Egoera horri konponbidea jarri behar zaiolakoan daude, eta uste dute ez dela nahikoa «bidegabeak» diren legeak salatzearekin: «Konpromiso pertsonalei ere heldu behar diegu, migrazio politikekin, deportazioekin, polizia indarkeriarekin, seme-alaben zaintza eskubideen kentzearekin eta bizilagun migratuen esku uzten diren ogibideen lan baldintza prekarioekin bukatzeko».

«Ez, ez, ez, mugarik ez» eta «gora feminismo antirrazista» oihu artean egin zuten Irungo udaletxera arteko bidea, aurrean zihoan kamioian hainbat musikarik kantu batzuk jotzen zituzten bitartean. Bidean, txalekoa jantzita, antolatzaile lanetan zebilen Maddalen Irastorza. Horrela azaldu zuen atzoko protesta Irun eta Hendaia arteko mugan egin izana:«Batez ere, pandemia garaian —eta lehen ere bai— polizien kristoren kontrola dago, arrazista dena. Irudikatu nahi genuen muga horien gainetik, alternatiba desberdinekin eraldatzen dugula errealitate bortitz hori».

Ez da bukaera

Ia hiru orduko ibilbidearen ondoren, Avenida zubira iritsi ziren. Hesiz itxita zegoen, baina parte hartzaile batzuk Santiago zubitik pasa ziren, eta hesiaren beste aldean jarri. Oihalak bata besteari lotu, eta horiek astinduz, dantzan eta kantuan amaitu zuten. Zarys Falconek performance bat ere egin zuen, migratzailea izatea zer den irudikatuz, eta Sahararen aldeko aldarria zabaldu zuen Falta Galiak, saharar denek, baina bereziki emakumeek, bizi dutena azalduz: «Saharako emakumeen egoera kritikoa da».

Itxiera ekitaldia izaki, bidean lagun izandakoak ere gogoan eduki zituzten adierazpenean, eta Emakume Feministak Soziosanitaria, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sarea, Feministas por Nikaragua eta Munduko Emakumeak taldeek egindako lana azpimarratu zuten: «Beraiek izan dira ekintza honetako eduki politikoak garatu dituztenak. Horiek gabe ezinezkoa zatekeen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialean arrakalak sortzeko ekintza hau burutzea».

Halere, Olasok eta Vasquezek gogorarazi zuten, atzokoa ez zela amaiera izan: «Ekintza hau ez da gaur, martxoaren 6an, bukatzen: konpromiso kolektibo feministak eraikitzeko lanean jarraituko dugu, Euskal Herrian bere bizitza proiektua garatzen duten pertsona migratuek bizitza duina izan dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.