maddi ane txoperena iribarren
Kongoko Errepublika Demokratikoa. ANALISIA

Kantatzen duen herria

2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Emakume guztiak kantuan eta dantzan hasi ziren mzunguak—swahiliz, zuriak— gelara sartu ginenean. Irribarrea ezpainetan, zapi koloretsuak soinean, eskala maiorretako doinu alaiak hiru ahotsetan kantatzen ari ziren, gerri eta esku mugimendu zoliz lagunduta, irrintzika. «Karibu, karibu» erraten ziguten begietara begira: «Ongi etorri». Guri, mzunguei.

Ikuskizunak berak aski hunkidura sor zezakeen, baina kontatuko zigutenaren aurreikuspena buruan izateak ezin ulertuzkoa egiten zuen alaitasun hura. Bagenekien indarkeria sexualak pairatu zituzten emakumeen aitzinean ginela. Gu, mzunguak, geldirik; haien beha.

Egun batzuk lehenago Rita Laura Segato antropologoari irakurritakoa errepasatu nuen buruko koadernoan. «Espazio ireki eta publiko batean emakumearen gorputza bere egiten duen erasotzaileak hala egin dezakeela erakutsi behar duelako egiten du hori. Menperatzeko gaitasunaren exhibizionismoa da». Alegia, eta Kongoko Errepublika Demokratikoko emakume aktibistek dioten gisan, gizonek ez dituztela emakumeak bortxatzen plazer sexuala lortzeko; boterea erakutsi nahi dutelako baizik. «Feminizidioaren hizkuntzan, emakumeen gorputzak lurraldea erran nahi du. Emakumearen gorputza konkistaturiko lurraren parte gisa beretzen dute». Andreen gorputza gerrako arma gisa erabilia, alegia: lurralde baten kontrola hartu, eta, Kongon behintzat, jendea bere komunitatetik kanporatu eta mineralak nahieran ustiatzeko. Elisa Garcia Mingok Caddy Adzubari buruz eginiko liburuan berretsia: «Bortxaketak metahizkuntza gisara funtzionatzen du: emakumea suntsitzen du, eta haren komunitatea ere bai harekin». Baina emakumeak dantzan eta kantuan ari ziren, eta ikasten, eta lanean. Ez genuen deus ulertzen.

Haien ahotsak entzun genituen ondotik. Bezperan bortxatua izanagatik gertatua kontatu nahi zuenarena. Irratiko uhinen bidez azken egunetako eraso sexualak zabaldu zituenarena. Lehen aldiz idazten ikasi zuenarena. Adreiluak sortu eta garraiatzen zituenarena.

Bazekiten hori dena guri kontatzeak ez ziela justiziarik ekarriko. Ez genuela iraultzarik ekarriko. Baina kontatu nahi zuten. Garcia Mingo: «Kongoko gizarte zibila estatuak okupatzen ez dituen espazioak okupatzeko antolatzen ari da».

Berriro hasi ziren irrintzika handik atera ginenean. Eta orduan aurkitu nuen buruko koaderno zaharrago batean Mari Luz Estebanen Gorputzaren antropologia liburuko aipua: «Emakumeen ahalduntze soziala gorputzaren bidezkoa da eta izango da beti, ala ez da izango». Ez diezaiotela, otoi, sekula utzi kantatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.