Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Mezu koloretsuak, errealitatetik pauso bat urrunago

2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Bi Koreen arteko mugan dago alde batetik bestera korearrak eramaten zituen trenbide puskatua. Koloreko paperez beteta dago alboan pareta, eta milaka mezutan bi herrialde bizilagunen arteko bakea eta bateratzea eskatzen dute hego korearrek.

Zortzi misil erantzun gisa

Aste honetan albiste batek muga hartan egon gineneko oroitzapenak ekarri dizkit gogora: asteburuan Piongiangek zortzi misil Japoniako itsasora jaurti eta astelehenean armada estatubatuarrak eta hego korearrak koordinatuta beste zortzi misil jaurti dituzte; zortzi, argi gera dadin mehatxuari erantzun egin nahi izan diotela. Maiatzean Yoon Suk-yeol presidente kontserbadorea boterera iritsi eta hauteskunde kanpainan agindu zuena egiten ari da: Ipar Korearekin gogorragoa izaten hasi da; ez da azken lau urteotan Seulek egin duen bezala misil jaurtiketen aurrean geldi geratu.

Niretzat Hego Korea Estatu Batuekin batera modu oldarkor honetan erantzuten ikustea sorpresa izan bada, ez dut imajinatu nahi zer pentsatzen duten bi Koreen arteko mugan bizi diren aitona-amonek.

Jong-jeul

Ez dakit Jong-jeul bizirik ote dagoen. Ezin dut kontaktatu, berak ez du emailik ez telefonorik, orain 90 urte baino gehiago izango ditu. 2018an ezagutu nuen Hego Korean egin genuen kobertura hartan. Neguan izan zen, Olinpiar Jokoetan: bi Koreetako atletek sortu zutenhockey talde mistoa izan zen komunikabide guztietan titularretako bat. Goi bileran Kim Jong-un eta Moon Jae-in elkarri eskua ematen ikusi eta hego korearrak emozionatuta txalo egiten ikusi genituen.

Jong-jeul bi Koreen arteko mugan dagoen herrixka batean aurkitu genuen: jubilatuen elkartean eserita, beste hogei bat aitona-amonaren artean. Giro ona zuten, lasaia, baina Jong-jeul-ek berak esan zigun hainbeste urte pasatuta gerrak utzi zion zauria barnean zeramala: «Ez daukat hitzik sentitzen dudana azaltzeko, bi Koreen arteko gerrak nire bizitza erabat suntsitu du».

Den baino gazteagoa dirudi Jong-jeulek: motor zahar txiki batean joaten da egunero jubilatuen elkartera, ikusi dudan bi aldietan (2017 eta 2018an) jertse bera zeraman, kirola egiteko estilokoa, berde argia; bisera urdin iluna, zapatillak... Ipar Korean jaioa da bera. 18 urte zituela gerra hasi zenean iparraldetik ihes egin zuen: «Banekien armadan sartuko nindutela eta ez nituen hegoaldeko nire anaiak hil nahi». Baina hegoaldean harrapatu eta Hego Korearen alde borrokatzera behartu zuten. Hiru urtetako borroketan soldadua izan zen, bere jaioterriaren aurka. Gerra amaitu eta Ipar Korea mundutik isolatu zenez, ezin izan du inoiz berriz iparraldera itzuli, bertan galdu ditu haurtzaroko lagunak eta senideak.

2018an bi Koreak gerturatzen ari zirela kontatzeko bidaia egin genuenean berriz aurkitu genuen Jong-jeul: jubilatuen elkartera gerturatu eta etxean zegoela esan ziguten, herrixka txikia izanik bertatik gertu. Bere lagun batek Jong-jeulen atera eraman gintuen eta hantxe aurkitu genuen baratzean, bere jertse berde eta biserarekin. Irribarre egin zuen ikusi gintuenean, eta, ondoren, hil baino lehen bere ametsa bi Koreek bat egitea zela gogorarazi nahi izan zigun.

THAADaren kontra beren makilekin: Soseongri

Bidaia hartan ezagutu genuen beste herritxo bat ere ekarri dit gogora aste honetako albisteak: Soseongri, Seuletik 150 bat kilometrora mendien artean ezkutatuta dagoen herrixka. 70 etxek osatzen duten Soseongrin biztanle gehienek 80 urtetik gora dute eta lasai bizi nahi dute, ez dute inolaz ere Ipar Koreako misilei aurre egiteko base militarrik gertu nahi. Horregatik, Soseongriko aitona-amonak protestan atera ziren, 2017an, misilen aurkako THAAD sistema bertan instalatu zutenean estatubatuarrek. 2018an hara bidaiatu genuenean ikusi genituen 1,50 metrora ere iristen ez diren amonak beren kartelekin errepidean eserita. Abesti bakezaleak kantatu, eta mendiaren beste alderantz THAAD sistemarentzat baliabideak eramateko behin eta berriz pasatzen ziren helikoptero militarrei garrasi egin eta makilak zerura begira astintzen zituzten.

Soseongri dokumental hego korearraren azalean agertzen den amona ondo dut gogoan: txiki-txikia, arropa koloretsuekin, haserre. Elkarrizketa laburra egin genion; behin eta berriz bere makila astindu eta salto egiten zuen oinekin lurra haserre kolpatuz: «Ez ditugu soldadu estatubatuarrak gure herrian nahi, joan daitezela beren herrira, jan dezatela beren herriko janaria, joan daitezela komunera beren herrian, egin ditzatela beren txerrikeriak beren herri horretan, ez hemen!». Ingurukoek barre egiten zuten amonak zioena entzunda, lasaitzeko esaten zioten. Baina ezin zuen inork lasaitu, eta gaur ere, segur aski, Soseongrin egongo da helikopteroak pasatzen ikusita haserre. THAAD sistemak bertan jarraitzen du eta baita soldadu estatubatuarrek ere.

Ez dut ulertzen ondo nola, baina beste behin hor dago armada estatubatuarra bere mugetatik oso urrun, beste gatazka baten erdi-erdian sartuta. Eta orain Hego Koreako gobernu berriak errazago onartuko ditu entsegu militarrak, armada estatubatuarraren esku hartzea... Piongiangek bere jarrera mehatxagarria behingoz alde batera utzi dezala lortzeko bidea oraingoz ez du inork aurkitu, baina isun eta presio handiagoen bidetik ikusi da ez direla bi Koreak elkartuko. Eta orain Seulen Alderdi Kontserbadorea egonda, mugako mezu koloretsuen ametsak zertxobait urrunago geratu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.