Zaldibarko zabortegia. Amiltzearen 3. urteurrena

Zabor azpiko 124 igerilekuak

Verter Recyclingek eskaturiko txosten baten arabera, amildu zenean 300.000 metro kubo ur zeuden zabortegiaren barruan. Egileen ustez, baina, ez zuen eraginik izan hondamendian.

Zaldibarko zabortegia amildu ostean bertan egin zituzten bilatze eta egonkortze lanen irudi bat. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Amildu zenean, Zaldibarko zabortegiak 300.000 metro kubo ur inguru zituen barnean. Jakina zen ur asko zuela, Cedex institutuak hala ondorioztatu baitzuen bere txostenean, eta hondamendiaren ondoren zabortegi inguruko zelaiak lokatz lodiz bete baitziren. Verter Recyclingek eskaturiko txosten batek, baina, egon zitekeen ur kantitatea neurtu du. Eta zenbat zegoen? 312 milioi litro; alegia, 124 olinpiar igerileku betetzeko adina. Edo beste modu batera esanda, 68 metro luze, zabal eta garai den kubo erraldoi bat, urez betea.

Ura zabortegien etsai natural handienetako bat da. Gehiegizko hezetasunak kalte egin diezaioke egonkortasunari, eta hura drainatzea da kudeatzaileen buruhauste handietako bat. Besteak beste, urak zabortegi barruko presioak handitu ditzake, hondakinen dentsitatea aldatu, zabortegi barneko maila freatikoak igoarazi eta zabortegiko zati batzuetako parametro geomekanikoak aldatu. Verterrek Soningeo ingeniaritza bulegoari amiltzearen arrazoien inguruan eskaturiko txostenean ageri dira ondorio horiek.

Hark egin du, hain zuzen, ur kantitatearen kalkulua, modelizazio programa bat erabiliz eta hainbat agertoki aurkeztuz, eta guztietan 250.000 metro kubotik gorakoa da ur kantitatea. Hala ere, txostenaren egileen ustez, barnean pilaturiko urak ez zuen eraginik izan hondamendian. Urari buruzko ikerketak zati handia du txostenean, eta, besteak beste, egileen ustez, urak zaborren dentsitatean eta pisuan izandako eragina ez zen izan erabakigarria. Egileen arabera, zabortegiko hirugarren eta laugarren faseak eraiki zirenean geomintz aproposa jarri izan balitz —alegia, lakarra bi aldeetatik— zabortegia ez zen eroriko. Are gehiago, Soningeoren arabera, hori izan zen hondamendiaren arrazoi nagusia.

Ikusi gehiago:Ertzaintzak lurralde antolaketaren aurkako delitua ikusi du Zaldibarren

Enpresak eskaturiko txostena da, eta ondorio horrek amiltzearen arduraren zati bat urrunduko luke Verterrengandik. Ikerketa 2022ko urtarrilean egin zen, eta dagoeneko Ingurumenaren aurkako kalteak ikertzen ari den epailearen esku dago. CEDEX Espainiako Gobernuko Herri Lanetako Ministerioaren esperimentazio zentroa, baina, ez da iritzi berekoa. Hark ere geomintz desegokiaren eragina nabarmendu zuen bere ikerketan, baina ondorioztatu zuen hondamendia hainbat arrazoirengatik gertatu zela, eta, besteak beste, urak «eragin handia» izan zuela.

Cedexek salatu zuen «ez zegoela hondakin masaren barneko uraren kontrolik, nahiz eta aurreko urteetako balantze hidrikoek zalantzak sortu». 2019an, Verterrek ez zuen ur neurketarik egin, 2017an eta 2018an balantze hidrikoa negatiboa zela jakin arren. Alegia, ura pilatzen ari zela. Baina nola pilatu zen hainbeste ur? Besteak beste, zabortegiaren zati handiena zigilatu gabe zegoelako. 2018ko azken lau hilabeteetan, 60.000 metro koadrotik gora zeuden estali gabe —hamabi futbol zelai—. Cedexen ustez, zigilatze faltak «eragin nabarmena» eduki zuen zabortegian sarturiko ur kantitatean.

Lohien arrastoa

Ura ez zegoen zabortegi guztian barreiatuta, «lixibiatu poltsetan» baizik. Poltsa horiek hezetasun handiko materialetan ager daitezke, edota iragazkortasun txikiagoko hondakinez inguratuta. Zein hondakin ziren horiek? Esaterako, papertegi lohiak, hezetasun handikoak (%47koa): «Lohi horiek bi ondorio dituzte: lehena uraren erretentzioa da, higroskopikoak baitira. Bigarrena iragazkortasuna murriztea da, eta horrek erraztu egiten du zabortegiaren barruan atxikitako ur poltsak eratzea». Azalpen hori txostenean ageri da.

2018an eta 2019an zabortegian sartutako hondakinen %15 lohiak izan ziren. Soningeok dio, baina, 2014az geroztik paper lohiek tratamendu berezi bat jasotzen zutela, eskoriekin nahastuz, eta nahasketa horrek errazago uzten ziola urari pasatzen. Era berean, dioenez, zabortegiko 319. metrotik aurrera zainduagoa izan da lohi horien kokapenaren aukeraketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.