Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa. IRITZIA

Ahal izatetik nahi izatera

PSNko hautagaiak, Maria Txibite erdian dutela, hauteskunde gauean.
PSNko hautagaiak, Maria Txibite erdian dutela, hauteskunde gauean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Bixente Serrano Izko - Historialaria

2015eko maiatzak 27

Erregimeneko indarrek hesi sasi-foralez babestu zuten Nafarroa, herritarrok haur izanen bagina bezala. Bada, haur-parkea desagerrarazi ahal dugula frogatu dugu. Orain benetan desagerrarazi nahi dugula frogatu behar.

Ez dakit zer zuen buruan Ivan Gimenezek El corralito foral erramoldearekin: baserri bateko eskortatxo bat ote? Gaur egungo irakurleoi corralito hitzak Argentina ekartzen digu burura lehen adiera batean, hango gobernuak herritarren banku-deposituak bahitu zituenean. Bistan da, nafar erregimeneko indarrek ez dute eskumenik horrelakorik egiteko. Baina oso esanguratsu zaigu corralito foral izena, berau nafar erdal hizkeran hain txikigarri ezohikoa, bazter hauetako jatorkeriatik hain urrunekoa, izan arren. Argentinako hizkeran, haur-parkea, haurrak babesteko hesiz itxitako parkea da corralito, eta horretaz baliatu zen hango kazetari bat diru-bahiketa hura izendatzeko. Dena delakoa Ivan Gimenezek buruan izan duena, eskortatxoaren irudia edo haur-parkearena, biek ala biek definitzen dute bikain nafar erregimeneko indarrek hamarkada luzetan eraiki eta zaindu duten eremu hau, foru totema burdin hesi bihurturik nafar haurtzaindegia edo azienda otzana euren erara gobernatze aldera.

Baina harira. Berriro diot, ahal dugula frogaturik, benetan nahi dugula frogatu behar dugu orain. Ezinbertzeko baldintza zen PSNri giltza kentzea, berau gabe 26 foru-eserleku eta Iruñean 14 zinegotzi-akta lortzea (gutxietsi gabe bertze udaletan batzuen eta bertzeen meritu handiz lorturikoa, denok gara kontziente Iruñeko lorpenaren garrantzia bereziaz). Denok ikusten genuen zaila ezinbertzeko baldintza hori betearaztea, eta ni neu zuhur, esperantzari irekirik baina zuhur, agertu naiz kanpainan zehar. Orain arteko zailena lorturik, errazena lortu dugula erran behar, Santi Leone parafraseatuz.

Aitortu behar dut ene zuhurtasunaren barneko itxaropena sendotzen joan zaidala, ikusirik nola, kanpainan lehen aldiz, aldakuntza aldeko indarrek ez dioten elkarri eraso berezirik egin ohiko alderdikerien legez: elkarrekiko begirunea eta lankidetza nahia agertu da nagusi, heldutasun politiko maila berri bat adieraziz, ongi jabeturik, itxuraz, benetan non dauden aurkariak. Aurrekari ona, zer erranik ez, orain datorrena bide onetik eramateko gai izanen direlako itxaropenak pizteko.

Baina orain elkarrizketak, programak, indar bakoitzaren lehentasunak elkarrekiko konpromisoak adosterakoan, bakoitzarentzat zeharkatu ezinezkoak omen diren ditxosozko marra gorriei kolore ñabardurak emateko gaitasuna, pertsonak... kontu horiek guztiak sartuko dira saskian sukalde errezeta goxoen, orekatuen eta iraungitze datarik luzeenekoa mahairatze aldera.

Matematikek aukera asko ematen dute. Gehiegi, bai horixe: zenbat eta aukera gehiago egon hainbat eta gehiago kostatzen zaigu bat hartu eta bertzeak alboan uztea. Kasurako, gobernu hiper-minoritario baina gaitzespen gutxien jasotzen duen formula batetik, aldakuntza aldekoek guztiek osaturiko gobernu pluralista bateraino, tarteko aukera-sortan dauden gobernu ez hain minoritario eta ez hain pluraletatik pasatzen. Eta tartean ere, erregimenaren hanka ahulena (PSN) konprometitzeko saioarena, orain arteko eskortatxoaren benetako jabeengandik etorriko diren eraso gupidagabeen aurrean hala holako babesgailuak jarri nahian.

Ongi, bai, formula guztiak saiatzeko prest eta irekirik egotea, betiere eskortatxoko giroa aldatzeko bide egonkorra xede izanik, lana luzera doana jakinik. Baina PSNrenak aldakuntzaren aldekoen artean sor ditzakeen arazoez gain (guztiak dira nola edo hala dena delako bidea ontzat hartu beharko luketenak), ez ote litzateke horrelako formula PSNri berriro ere giltza ematea? Sinesgarritasun maila baxua du PSNk horrelako formula bati leial izateko, kontuan harturik bere interesak nafar eskortatxoan eta Estatuko bipartidismoan, kontuan harturik, bide horretan sartu ondoren une batean erabakiko balu formula leherraraztea, kostu gutxi ekarriko liokeela horrek berari baina hondamendi sakon luzea aldakuntza prozesuari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

PSNko eta UPNko kideen arteko bilera, atzo. ©IÑIGO URIZ / FOKU

PSNk ez du UPNrekin akordiorik egingo, eta EH Bildurekin bilduko da

Iosu Alberdi

Esan dute EH Bildurekin ere ez dutela gobernua negoziatuko. Geroa Baik EH Bilduren hautagaia babestuko du Eguesibarren. Ortuzarrek dio Iriartek Gipuzkoarako egindako proposamena ez dela «arrazoizkoa»
 ©IñIGO URIZ / @FOKU

«Batez ere Bilduri dagokio gehiengo aurrerakoia lortzea»

Joxerra Senar

Ekainaren 17ko Iruñeko udalbatzarrari begira, kezkatuta dago. Martinezek ukatu egin du bere hautagaitza planteatu duela, korapiloa askatzeko. Ardura EH Bildurena eta PSNrena dela dio.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko saio batean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Legegintza egutegiak estututa

Edurne Begiristain

Urtebete falta da Jaurlaritzak legealdia amaitu dezan. Gobernu programan jasotako lege egitasmoen erdiak onartu ditu orain arte; beste 11 proiektu tramitatzen ari dira.
ERCko eta EH Bilduko senatariak. ©EH Bildu

EH Bildu eta ERC batera aurkeztuko dira Espainiako Senaturako bozetara

Iosu Alberdi

Azken urteetako akordioak indartzeko urratsa dela adierazi dute bi aldeek. Batzarrek onartu du Sumarrekin batera aurkeztea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.