Helduen alfabetatze eta euskalduntzea. Testigantzak

Aditzak, trago artean

Zio politikoengatik ikasi zuen euskara batak, Euskal Herriko kulturara hurbiltzeko bertzeak, baina biek barneratu dute hobekien harremanen bidez. Ikasleen bi belaunaldi elkartu ditu BERRIAk, Josu Aldamak eta Alba Rodak gorpuztuak.

Josu Aldama eta Alba Roda, asteartean, Gasteizko Arana euskaltegiaren atarian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Gasteiz
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Gasteizen jarri dute hitzordua, Arana kaleko AEKren euskaltegian. Nafarroa iparraldetik dator Alba Roda Calvo (Figueres, Herrialde Katalanak, 1988), jatorriz katalana da, baina Lesaka du azken urteotako bizilekua; eta zalantzarik egin gabe onartu du kazetariaren proposamena: «Gasteizera, arratsalde-pasa?». Aurpegia alderik alde zeharkatzen dion irribarrez eman dio erantzuna: baiezkoa baino ezin zuen izan. Barnean dute zain Josu Aldama Larena arabarra (Amurrio, 1959): gaur egun euskaltegiko irakaslea, baina 1970eko hamarkadan ikasle izana, eta horretaz mintzatzera etorria. Azal horitua duen koaderno eta liburu ugari dakartza besazpian, eta liburuxka batean hamaika ohar eta istorio apuntatuta, «badaezpada, ez ahazteko». Ez baitira ahazteko modukoak.

BERRIAk elkartu ditu biak: 1977an euskara ikasten hasitakoa bata, 2018an bertzea; euskararen ikaskuntzaren bilakaeraren berri euren ahotik jasotzeko. Eta ia galderarik egin gabe hasi da Aldama bere esperientziaz solasean, grinatsu: «Amurrion jaio nintzen, eta guztiz erdalduna zen garai hartan». Kontatu du nola politika kontuetan sartuta zeukan anaia zaharragoa, eta nola sartu ziren haren bidez etxera euskarazko lehen liburuak: «Hark markatu zuen bidea politikoki, liburuak erosten zituen, eta etxean bagenituen Euskalduntzen 1, 2 eta 3, eta Alfabetatzen». Horietako bat da besazpian dakarrena: betaurreko borobildun irakasle bat ageri da liburuaren azal urdin-ilunean, klariona gorantz zuzenduta, eta Ikasle Talde Batek sinatua da, literalki. «Lau liburu ziren, urdina, berdea eta marroia, eta banekien hori zela, baina ni, kontzientzia aldetik, euskaraz ikasteko pausoa emateko moduan ez nengoen. Anaia ikusten nuen bere mobidetan: atxilotu zuten 1975ean, Franco hil aurretik, eta torturatu egin zuten».

Aldama Bilbora joan zen orduan enpresa ikasketak egitera, eta han zuen lagun galiziar batek animatu zuen euskaraz ikastera: «Aipatu zidan haiek hasiak zirela Amurrion bertan batekin euskara ikasten. Asko ez zekien batekin egiten zuten, eta oso pozik ez zeuden: gehienak ziren euskal kantak-eta». Hasiera batean ezetz erran zion: «Baina, gero, etxera joanda, hasi nintzen hausnarketa egiten, eta esan nuen: 'Zergatik ez? Etxean baditut 1, 2, eta 3, eta, orduan, nik hiru urtean ikasiko dut euskara'». Erran eta egin. 1976an hasi ziren lehendabiziko klaseak Amurrion, eta 1977an batu zitzaizkien Aldama: «Hasi ginen bi apaizekin, eta uste dut izenak esan behar direla: Iñaki Urtaran Kixki eta Periko Larrea». «Gauez izaten zen?», bota dio galdera azalpenak adi-adi entzun dituen Rodak. «Bai, bai, gauez». Eta jarraitu du azalpenekin: «Metodologia horrela zen: galdera-erantzunak, besterik gabe: 'Hau mahaia da?' 'Ez, hau ez da mahaia', eta horrela». Irriz hasi zaio Roda: «Gurea ez zen horrela». Anitz aldatu dela, Aldamak: «Hiru urte egin nituen, baina ez ziren urte beteak: egiten genuen hiru egunez, gero mozten zen, gero irakaslea ez zegoen...».

«Ni hasi nintzen Lazkaon», segitu du katalanak, berea azaltzen. «Bueno, etorri nintzen Lesakara, eta banekien ikasi nahi nuela, baina ez nekien nola. Lagun batek erran zidan: 'Badago barnetegia'. Ez nekien zer zen barnetegi bat». Baina ez zuen bi aldiz pentsatu: «Joan nintzen harat, eta hasi nintzen ikasten hutsetik. Ez ziren galderak eta horrela, baizik 'ni naiz', 'zu zara', eta hala hasi ginen». Asteburuetan Lesakara itzultzen zen, eta lagunek harriturik entzuten zioten: «Hori guztia aste batez ikasi duzu?». Esplikatu du hasieran asmoa zuela barnetegian hilabetez baino ez gelditzea, «baina ikusi nuen ongi moldatzen nintzela, eta ongi ikasteko modu bat zela». Herrian integratzeko bide gisa ikusi zuen hizkuntza: «Pentsatu nuen: 'Nahi dut sartu Euskal Herriko kulturara'. Baina ez nuen pentsatu gaur egun horrela mintzatuko nintzenik». Horren ongi.

Harremanak lagun

Biek ala biek euskararen erabilera izan dute hasiera-hasieratik helburu, eta bide horretan harremanek lagundu diete, batez ere. Aldamak azaldu du euskalduntzeko lehen urratsak egin ondotik Bilbora joan zela alfabetatzera. «Oso gaizki pasatu nuen: hasieran denak ziren emakumezkoak, irakaslea ere bai, eta ni gizonezko bakarra nintzen, gainera euskaldun berria, eta beste guztiak euskaldun zaharrak». Ez zien ezer ulertzen. Baina atzeman zuen soluzioa: «Eguerdian joaten ziren kafe bat hartzera, eta esan nuen: 'Josu, joan eta ea egiten duzun belarria'. Joan nintzen, eta kafesnea, hau, bestea...». Ordutik mila txango, poteo eta asteburu-pasa egina da. Roda irriz ari zaio: «Lazkaon ostegunero zegoen pintxo-potea, eta egun horretan ez genuen etxeko lanik: derrigortua zen pintxo-potera joatea belarria egiteko». Belarria eta mingaina egin zituen: «Lehen egunean buruko minez bukatu nuen, baina ikasi nuen hagitz azkar».

Aldamak dio aldatu egin dela: Roda ez dela euskaltegietako egungo tipologiaren eredua. «Gehienak datoz titulua lortzera». Rodak ere ikusten du hori, Lesakako IKAren euskaltegian segitzen baitu. Baina helburuak non jartzen diren. Aldama: «Guk nahi genuen Euskal Herria euskaldundu, baina esan behar dugu ez dugula lortu». Roda: «Nik nahi nuen ulertu, eta gai izan kafesne bat euskaraz eskatzeko. Azkenean, gehiago lortu dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.