EAko Berme Batzordeak primarioen prozesua eten du behin behinean

Datu baserako sarbidearen inguruko desadostasunengatik ebatzi dute geldiaraztea. Asteartean bilduko da Gezuraga Berme Batzordearekin

Maider Galardi
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
EAko Berme Batzordeak bertan behera utzi du behin-behinean primarioen prozesua, alderdiko zuzendaritzako iturriek jakinarazi dutenez. Afiliatuen datuak eskuratzeko dagoen prozeduraren inguruko desadostasunak direla-eta ebatzi dute prozesua geldiaraztea, Donostiako EAren Twitter kontuak argitaratu duenez. Alderdiaren zuzendaritzako iturriek baieztatu dute informazioa. Herenegun, Joseba Gezuraga EAko jarduneko idazkari nagusi izendatu zuten egun berean jakinarazi zuen Berme Batzordeak ebazpena; Gezuraga bera asteartean bilduko da batzordearekin.

EAko zuzendaritzako iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, orain zenbait hilabete zuzendaritzako lurraldeetako hainbat ordezkarik sarbidea eskatu zuten afiliatuen datu base osora sartzeko —lurralde bakoitzeko datu basera soilik sar daitezke «pribatutasuna bermatzeko»—. Donostiako EAk dio «gardentasun falta» dagoela, eta, are, salatu dute Berme Batzordearen ebazpena «ezkutatzen ahalegindu» direla, horrek eztabaida «zikintzen» duelakoan.

Alderdiko zuzendaritzak, berriz, argudiatu du datuen babeserako legea dela eta, Espainiako datuen babeserako agentziari eskatu diotela txosten bat gaiaren inguruko xehetasunak izateko. Hori guztia argitu bitartean eten dute primarioen prozesua.

EAren estatutuetan, ordea, ageri da jarduneko idazkari nagusi bat izendatu ostean abiatzen dela prozesua, eta Hauteskunde Batzordeak bi hilabete dituela primarioetarako —abuztua ez denez lan aldia, urrira arte luzatu daiteke—. Pello Urizarrek joan den astean dimititu zuen, eta ostegunean izendatu zuen Batzar Nazionalak Gezuraga, behin-behinean.

EAko zuzendaritzako iturriek aitortu dute «interes diferenteak» daudela alderdi barruan, baina zuzendaritzaren asmoa dela «ahalik eta bizkorren» argitzea kontua. Astelehenean bilduko da alderdiko zuzendaritza, eta asteartean, berriz, Gezuraga eta Berme Batzordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.