Albistea entzun

Energia trantsizioaren lema berreskuratuz

Izaro Basurko eta Olatz Azurza - Ekopol ikertaldeko kideak

2021eko abenduak 2

Bada garaia herritarrak gure trantsizio energetikoaren erdigunean jartzeko. Glasgown berriki egindako COP26aren elkarrizketak bukatu eta klima larrialdia aintzat hartzen ez dela nabaria da nazioarteko agintariengan. Ez dugu zientzialari adituak izan beharrik tenperatura globalaren igoera mugatzeko helburura (+1,5 gradu) iristeko bide nagusia energia gutxiago (eta garbiagoa) xahutzea dela ikusteko, hori baita negutegi gasen iturri nagusia. Hala ere, nazioarteko erakundeek egiten dituzten aurreikuspenetan energia beharrek gora eta gora egiten dute etengabe.

Erregai fosilak alde batera utziko dituen energia trantsizioa beharrezkoa dugu gizarte bezala biziraun nahi badugu, eta, iraultza teknologikoak lagun badezake ere, gizartearen eta haren energia ohituren baitan egongo da trantsizio horren muina. Energia eredu justuago eta demokratikoago bat bermatu nahi badugu, lehentasuna eman behar zaie norbanako eta komunitateen parte-hartzeari. Horiek baitira pertsona ahulenen beharrak eta lurraldearen defentsan ezaguera eta konpromiso gehien duten eragileak.

Testuinguru honetan, energia-komunitateak azaltzen zaizkigu gero eta maizago. Baina, zer dira zehazki? Duela hogei bat urte, ingurugiro eta energia arloko arazo lokalei aurre egiteko bertako jendea eta eragileak elkarrekintzan hasi ziren: Ingalaterran, Hego Korean, Patagonian, Europako beste hainbat puntutan... Pixkanaka, horrelako elkarrekintzei jarritako izenak bateratzen joan ziren energia-komunitate edo energia-elkargo izenpean. Azken hogei urteetako esperientziak frogatu duenaren arabera, energia-komunitateek berebiziko garrantzia dute energia-trantsizioaren azelerazio eta demokratizazioan.

Hain da honela, ezen Europako Batasunak esparrua arautzea erabaki baitzuen, 2018/2001 eta 2019/944 zuzentarauen bidez. Batetik, era askotariko eragileak arazoaren aurrean elkarrekin pentsatzen jartzen dituelako, protagonismoa eta ardura (hein batean) bereganatuz. Bestetik, norberak sustatu/adostutako ekintzei babesa emateko erresistentzia gutxiago jartzen dugulako: diruz lagunduz, denbora eskainiz, edo informazioa zabalduz. Azkenik, arazoaren aurrean jarriz, kontzientziazio maila altuak lortzen direlako, eta horrek askotariko ondorioak dakarzkigu: energia sortzeak duen benetako kostuaz jabetzen gara (bai ekonomikoki, baita ingurugiro aldetik ere), horretarako dauden aukera teknologiko desberdinen abantaila eta desabantailak gertuko egiten ditugu, errealitatearen eraldatze prozesuetako subjektu aktibo egiten gara eta gure energia beharrei lehentasunak esleitzeko tenorean jartzen gaitu.

Funtsean energiaren gai korapilatsuari tokian-tokian parte-hartze bidezko talde-lanaren bidez, egoerak hobetzeko urratsak egiten dituzten komunitateak (taldeak) dira. Forma eta motibazio askotakoak daude, hala nola energia berriztagarrietan bakarrik oinarritzen direnak batzuk, energia alorreko enpresa handiek sustatutakoak besteak, udalek sustatutakoak beste hainbat, edota herritar kooperatibek bultzatutakoak.

Izan ere, bistakoa da egungo eredu energetikoa enpresa gutxi batzuen esku dagoela, eta haiek beren mozkinak hazteko edozer egiteko prest daudela: urtegiak bat-batean hustu, merkatuak aztoratu, txirotutako herrialdeetako pertsonen eskubideak urratu... Tamalez, aipatutako europar zuzentarauak ez daude oraindik Hego Euskal Herriko legedian barneraturik. Eta enpresa horiek, gaiaren inguruko erregulazio falta dela medio, atez ate erasokor saltzen dizkiguten hainbat produktuen artean, hasi dira energia-komunitateak ere eskaintzen, kasu batzuetan, gainera, agintarien babes eta dirulaguntzekin.

Energia-komunitateak herritarrek, beste eragile batzuekin batera, antolatutako eta gobernatutako bideak irekitzeko giltza dira, gure ustez trantsizioaren lema berreskuratzeko gakoetako bat; herritarrei prozesu osoan zehar protagonismoa (parte-hartze eta erabakitze gaitasun eraginkorra) bermatzeko aukera. Eskaintzen zaizkigun energia-komunitateetan sartu aurretik, azter dezagun, ongi, nolako joko-arauak eskaintzen diren herritarren erabakitze gaitasunaren inguruan, energia-komunitateak iraungo duen urrats guztietan zehar. Azter dezagun zein diru ekarpen eta lotura eskatzen duten, eta haiekin inor bazterrean utziko ote duten. Azter dezagun zein energia kontsumo maila duten eredu, eta kontsumo maila hori planetako pertsona guztiek izatea posible ote den. Ez ditzagun energia-komunitateak aspektu hauek batere axola ez zaizkien eragileen esku utzi. Egin ditzagun geure, eta sor ditzagun helburu nagusitzat onura ekologiko nahiz ekosozialak lortzeko irabazi asmorik gabeko antolaketak, herritar-sareei dagokien erritmo eta moduak errespetatuko dituztenak. Herritar sare horiek aldi berean jardun berriekin berrindartuko dituztenak.

Ez dezagun amore eman. Oraindik badugu aukera klima larrialdia ekiditen gure ekarpena egiteko, tokian-tokian hasiz, baina mundu mailako ikuspegia izanik. Berreskura dezagun antiglobalizazio mugimenduaren lelo ezaguna: Lokalki ekin, baina globalki pentsatu!.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...