Lizarraldek, Lertxundik eta Elosegik irabazi dituzte Euskadi sariak

Pello Lizarralderen 'Argiantza' saritu dute narratiban, Anjel Lertxundiren 'Haltzaren muinoa' haur eta gazte literaturan, eta Joxan Elosegiren 'Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak' itzulpengintzan

Lertxundi, Lizarralde eta Elosegi, erdian, Zupiria Kultura sailburuaren (ezkerrean) eta Andoni Iturbe Kultura sailburuordearen (eskuinean) artean, atzo, Donostiako San Telmo museoan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun

Pello Lizarralderen Argiantza nobelako «atmosfera harrigarriak», Anjel Lertxundiren Haltzaren muinoa liburuaren «aberastasunak» eta Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak liburuaren Joxan Elosegiren euskarazko itzulpenaren «estilo joriak» harrapatu dituzte Euskadi literatura sarietako epaimahaikideak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak atzo adierazi zuenez. Aurtengo lehen irabazleak dira hirurak, egungo euskal literaturako «aniztasunaren eta oparotasunaren» isla, Zupiriaren esanetan.

Ikusi gehiago: Pello Lizarralde:  «Literaturan barnera begiratu behar da, eta dena kanpora begira dago».

Lizarraldek iazko ekainean atera zuen Argiantza, Erein argitaletxearekin. 1980ko hamarkadan girotuta dago, eta bideogintzaren agerpenaren ostean zinemagintzak izaniko beherakadaren hasiera kontatzen du. Epaimahaikideen iritziz, «maisutasunez» sortu du nobelako kontakizuna, «ahots narratiboari dagozkionak trebeki erabiliz, eta indar handiko deskribapenak baliatuz».

Idazleak 1978an argitaratu zuen bere lehen poesia bilduma, eta zazpi eleberri eta bi ipuin liburu kaleratu ditu geroztik. Bere ibilbideko bigarren Euskadi saria irabazi du orain; 2003an, Larrepetit eleberria saritu zuten.

Argiantza-k bide oparoa egin du azken hilabeteetan, eta satisfazio handiak ekarri dizkio idazleari: Euskadi sariaren aurretik, 111 Akademiaren saria eta Espainiako Kritika Saria irabazi ditu. Lizarraldek irakurleen hitzak eskertu ditu guztiaren gainetik.

Lertxundik hitzez sortu zuen Haltzaren muinoa, eta Antton Olariagak marrazkiz lagundu zion. Elkar etxearekin eman zuten argitara. Epaimahaikideek uste dute «kalitate literario handiko» obra bat dela: «Esaldi eta kapitulu laburrez osaturik dago; aberatsa da tradizioari eginiko erreferentziengatik, eta aberatsa da, halaber, kontatzeko modu arin, poetiko eta zainduagatik», esan dute. Arbola bat da liburuko protagonista, ikusten eta entzuten duen arbola bat. Bera bizi den muinoan gertatzen dena kontatzen du, eta baita bere ametsak ere. Egun batean, baina, uholde handi batek errotik aterako du zuhaitza, eta ibaian behera eraman. Berak itsasora iritsi nahi luke, baina ametsak ez dira betetzen errazak izaten.

Denetariko literatur lanak idatzi ditu azken mende erdian: besteak beste, hamabost eleberri eta hamabi saiakera; Gilles de Rais (2020) eta Itzuliz usu begiak (2019) dira berrienak. Bi Euskadi sari irabazi ditu lehenago, biak narratibakoak: 1982an, Hamaseigarrenean, aidanez nobelagatik; eta 1999an, Argizariaren egunak eleberriagatik.

Ikusi gehiago: Anjel Lertxundi: «Umeei dena pure bat bezala egina ematea astakeria bat iruditzen zait».

Elosegik katalanetik itzuli du Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak, eta Alberdania argitaletxearekin kaleratu du. Irene Solak urtebete lehenago atera zuen jatorrizko lana: Canto jo i la muntanya balla. Epaimahaikideen ustez, Elosegik asmatu du haren «jario orobat bitxi eta magikoa euskarara isurtzen». Nabarmentzekoak dira haientzat «itzultzaileak erakutsitako irudimena eta sormena Solaren estiloak eta testuaren tonuak jarritako erronkei erantzuterakoan».

Elosegik frantsesetik euskaratutako lanak argitaratu ditu batez ere azken hamarkadetan: Lydia Flemenen lau liburu eta Amelie Nothomben bi, besteak beste.

Ikusi gehiago: Joxan Elosegi: «Liburukoa izan liteke bide bat guretzat: nola errekuperatu galdutako hori».

Datorren astean beste lau

Azken urte eta erdian, itxialdiak eta ondorengo ezohiko egoerak irakurzaletasuna «piztu eta elikatu» dute, Zupiriaren hitzetan. «Nahi genuke sariek ere horretan laguntzea». Zazpi Euskadi sari dira denera; datorren astean emango dute beste lau irabazleen berri —narratiba gaztelaniaz, ilustrazioa, saiakera euskaraz eta saiakera gaztelaniaz—. Sariak azaroaren 18an emango dizkiete denei, Gasteizko Artium museoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.