Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala. Kritika

Gatz gabeko pintxoa

Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun
'Club Sandwich'

Zuzendaria: Fernando Eimbcke. Aktoreak: Maria Renee Prudencio, Lucio Gimenez. Herrialdea: Mexiko. Iraupena: 80 minutu.

Zinemaldian luzatutako filmen kategoriaren bat existituko balitz, film honek Urrezko Maskorra irabaziko luke. Eta luzatutako film laburren beste kategoria balego, maisulana izango litzateke. Meritu izugarria da 80 minutuko pelikula bat amaiezina egitea. Ez gaizki ulertu, istorio minimoen subgenero hori maitagarria da. Carlos Sorin eta Sofia Coppola jaun eta jabe diren eremu emankor horrek film gomutagarri ugari eman ditu. Osagarriak asko ekonomizatu arren, ikuslearen arreta bereganatzea lortzen dute, eta ez dira zertan aspergarri izan. Haien filmek arnasten dute, badituzte azpiko korronte batzuk bizitza ematen dietenak. Gidoitik harago sortzen diren azpitestu iheskorrak azaleratzea lortzen dute euren film minimalistetan. Baina ahalegin honek huts egiten du; sandwich hau gatzgabea da.

Haur baten esnatze sexualari buruzko istorio onanista honi —istorio hitza erabiltzea eskuzabala izatea da— modernitoen kiratsa dario. Finean, diseinuzko kritikoek maite duten jaialdietako film etiketa daraman produktu tipikoa. Erlojuari begira, lehen 40 minutuak —filmaren erdia— ezereza dira. Nihilismo burgesa islatzeko erabili ditu zuzendariak, eta printzipioz hori ez zen ezaugarri txar bat izan behar. Hilda jaio den filmaren bigarren zatia berpizten hasten da pixkanaka, arnasa emanez ikusleari. Baina horretarako lehendabizi asperduraz hiltzen ditu ikusleak, eta ordu erdiko torturaren ondorioz, edozer gauza iruditzen zaizu ona eta balekoa. Gosez hiltzen ari den preso bati pipa pakete bat ematea bezala da. Luxuzko platerkada irudituko zaio. Postmodernismoa hau bada, borratu ni, arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.