Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Jaurlaritzak luiziko hondakinak jasotzera behartuko ditu beste zabortegiak

Instalazio baimenduak dituzten hainbat herritako alkateek uko egin diote Zaldibarko zaborrak jasotzeari. Baliteke hondakinak ateratzeak 80-100 milioi euroko kostua izatea

Verter Recycling enpresaren kanpoaldea. LUIS TEJIDO / EFE.
inaki petxarroman
2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun

Zaldibarko krisiari aurre egiteko hainbat neurri iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Batetik, Herbehereetako Afvalzorg enpresa kontratatu du aholkua eman diezaion amildegian behera erori diren dozenaka milaka tona hondakin kudeatzeko —tartean milaka tona amianto—. Bestetik, ikusita hondakin horiek jasotzeko hainbat herritan azaldu diren oztopoak, beste neurri bat hartu du, baimena duten zabortegiek erantzun diezaieten «istripuak sortu dituen presazko beharrei». Hau da, instalazioak ireki behar dituzte Zaldibarko zabortegian zeuden hondakinak jasotzeko.

Izan ere, Jaurlaritzak arazo bat dauka gai horretan, Zaldibarko milaka tona hondakinen artean zehaztu gabeko material toxiko ugari daudelako; besteak beste, amiantoa. Gauzak hala, zabortegi industrial baimenduak dauden hainbat herritako alkateek, besteak beste Lemoakoak eta Zallakoak, espresuki adierazi dute ez dutela hango hondakinik jaso nahi. Jaurlaritzak jakinarazi du Mallabiko Beteartera eta Zallako zabortegira eraman nahi dituela Zaldibarko hondakinak. Zallan, baina, herritarrak erabaki horren aurka manifestatu dira azken egunotan. Balizko eragozpenen ingruan, hauxe ebatzi du Ingurumen Sailak: «Instalazioei jakinarazten zaie ingurumen organo honek dagozkion presazko neurriak har ditzakeela, arrazoitutako ebazpenen bidez, azpiegitura horiek hondakin horiek jasotzeko, beharrekoa balitz».

Halaber, airean eta uretan dagoen kutsadura neurtzeko neurriak agindu ditu, besteak beste, dioxina, furano eta beste metal astun batzuen presentzia neurtzeko, bereziki Ermuan (Bizkaia) eta Eibarren(Gipuzkoa). Aixolako urtegiko uraren kalitatea ere neurtuko dute.

Irakurri gehiago: Zer gertatu da Zaldibarko zabortegian?

Bestalde, atzo Eusko Jaurlaritzak eta zabortegiko kudeatzaile Verter Recycling 2002 enpresako ordezkariek bilera egin zuten. Bezperan, Jaurlaritzak ohartarazi zuen enpresa ez zela behar bezala laguntzen ari ikerketan. Atzo, berriz, Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak zuzendu egin zuen bezperako adierazpena, eta enpresak «erreakzionatu» duela nabarmendu.

Enpresak datorren asterako plan bat aurkeztu behar du maldan behera erori diren hondakin horiek nola kudeatuko dituen zehazteko. Oraindik goiz da jakiteko zer kostu izango duten lanek, baina, BERRIAk jakin duenez, 80 eta 100 milioi euro arteko kostua aipatzen ari dira prozesuari gertutik erreparatzen ari zaizkionek. Bestalde, epaileak diligentziak zabaldu ditu Zaldibarren ingurumen eta lan arloko deliturik izan ote den ikertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.