Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu

EH Bilduk lau eserleku irabazi ditu, eta alternatiba gisa sendotu da

Botoetan hazi den alderdi bakarra izan da koalizio subiranista. Eserleku bat irabazi du Araban, beste bat Gipuzkoan, eta bi Bizkaian. 2012ko emaitza historikoak hobetzea lortu du koalizioak

EH Bilduk lau eserleku irabazi ditu, eta alternatiba gisa sendotu da.
Edurne Begiristain.
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
ESERLEKUAK: 22

BOTOAK: 248.688

LEGEBILTZARKIDEAK

Araba:Mikel Otero, Eva Blanco de Angulo, Josu Estarrona, Maria Garde, Unai Fernandez de Betoño, Itxaso Etxebarria.

Bizkaia: Jasone Agirre, Iker Casanova, Pazis Garcia, Leire Pinedo, Julen Arzuaga, Ikoitz Arrese, Diana Urrea.

Gipuzkoa: Maddalen Iriarte, Nerea Kortajarena, Arkaitz Rodriguez, Lore Martinez, Andres Rodriguez, Ibai Iriarte, Oihana Etxebarrieta, Eraitz Saez de Egilaz, Rebeka Ubera.

Emaitza historikoak lortu ditu EH Bilduk, eta oso indartuta irten daigandeko hauteskundeetatik. Lau eserleku irabazi ditu, eta 22 ordezkari izango ditu legebiltzarrean. Azken urteotako hauteskunde deialdietako goranzko joerari eutsi dio koalizio subiranistak, eta EAJren alternatiba gisa sendotzea lortu du. Azpimarratzekoa da EH Bildu izan dela botoetan hazi den alderdi bakarra: duela lau urteko bozekin alderatuta, 23.000 boto inguru irabazi ditu, eta boto portzentajean %6 igo da. Hori horrela, Eusko Legebiltzarreko bigarren indarra izango da berriro EH Bildu, baina joan den legealdian baino indar handiagoa izango du.

Hauteskundeetako parte hartzea nabarmen jaitsi bada ere, botoetan gora egitea lortu du koalizio subiranistak: 248.688 boto bildu ditu, botoen %27,84. 2016an baino 23.000 gehiago izan ditu orain. Eserlekuetan hiru herrialdeetan egin du gora koalizioak: Araban sei izango ditu (+1), Bizkaian zazpi (+2) eta Gipuzkoan bederatzi (+1).

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde batzuetan ezkerreko koalizio subiranista batek inoiz lortu duen emaitza onenetarikoa erdietsi du Maddalen Iriarteren hautagaitzak. 2012ko hauteskundeetan eta Laura Mintegi lehendakarigai zenean erdietsitako marka hobetzea lortu du, orduan21 eserleku lortu baitzuen koalizioak. Lau urte geroago hiru eserleku galdu zituen koalizioak; orain lau irabazi ditu.

Hiru lurraldeetan gora

Bigarren indarra da EH Bildu hiru lurraldeetan. Araban, 30.886 boto eskuratu ditu (%24,88), duela lau urteko emaitzak nabarmen hobetuta. 2016an hirugarren indarra izan zen EH Bildu PPren atzetik, botoen %17,93rekin. Bizkaian, berriz, gorakada handiagoa izan da: botoen %23,94 lortu ditu, 112.443 boto eta 2016an baino 12.833 gehiago. Gipuzkoan eregorakada handia izan du koalizio subiranistak, eta EAJtik lau mila botora geratu da. 105.359 boto eskuratu ditu EH Bilduk Gipuzkoan, botoen %35,18. Duela lau urteko emaitzak hobetu ditu lurralde horretan ere, 6.696 boto gehiago lortuta.

Arabako eta Gipuzkoako azken eserlekua lortzeko lehia estua izan da, eta, hasieran, boto zenbaketa nahiko aurreratuta egon denean, bi eserleku galdu ditu EH Bilduk. Haatik, emaitzen zenbaketa ixterako eserleku bat berreskuratu du, Bizkaitik. Nolanahi ere, hauteskunde emaitzen behin betiko emaitzak ostiralean jakingo dira, atzerrian bizi diren egoiliarren botoak zenbatzea falta delako. Azken eserlekua lortzeko lehia estua da oraindik ere Araban eta Bizkaian, eta boto horiek balantza alde batera edo bestera makurtu dezakete. Izan ere, azken aulkia lortzeko lehian 200 botoren aldea atera dio EAJk EH Bilduri Araban, eta 137 botoren aldea dago EH Bilduren eta PP eta Ciudadanos koalizioaren artean Bizkaian.

Lortutako emaitzekin «oso pozik» agertu zen atzo Iriarte EH Bilduko lehendakarigaia: «Inoizko emaitzarik hoberenak izan ditugu, kontuan izanda parte hartzea txikia izan dela». Iriartek eskua luzatu zien Euskal Herria «ezkerretik eta burujabetzatik» eraiki nahi duen orori, eta honako mezua helerazi zien: «Aldaketa hasi baino ez da egin. EH Bildu gero eta zabalagoa eta handiagoa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.