Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak

Ardoaren gerra eta abertzaleen hegemonia

Arabako Mahastiak zigiluak ardoaren inguruan azaleratu duen auziak eragina izango du Arabako Errioxan maiatzaren 28ko bozetan. Alderdi politikoak desberdin posizionatu dira Errioxako erkidegoaren jarrera oldarkorrak sortu duen joko zelaian.
Bastidako Asuncion eta Santo Kristo elizak, udaletxeko balkoitik begiratuta, herriko plazan.
Bastidako Asuncion eta Santo Kristo elizak, udaletxeko balkoitik begiratuta, herriko plazan. XABIER MARTIN Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko maiatzak 14

Aspaldiko erreibindikazioa izanagatik, azken lau urteotan azaleratu da argien Arabako Errioxako upategi gehienen nahia Errioxako sor-markaren «inposizioak» atzean uzteko. Hala, hauteskundeen emaitzetan isla izango dute bai Arabako Mahastiak zigilu berriaren sorrerak eta bai Ebroren beste aldetik hura «ahalegin guztiekin» azpiratzeko iritsitako erreakzioak. Alderdi politikoek uste dute ardoaren gerrak batzuen eta besteen botoak baldintzatu ditzakeela, eta EAJ eta PP testuinguru horretan ariko dira berriro eskualdean hegemonia lortzeko lehian.

Toloño mendilerrotik Ebrora doan Arabako eskualdean, asko aldatu dira gauzak azken urteetan PPrentzat. 2011n, esaterako, hamabost udalerrietatik seitan lortu zuen alkatetza, eta eskualdeko udalerririk handienak izan ziren horietako hiru, tartean hiriburua: Guardia. Bastidan eta Oionen —herririk populatuena— ere PP gailendu zen. Baina hori iragana da. Izan ere, PP gainbehera handi bati aurre egin ezinik dago azken urteotan. EH Bilduk Arabako Errioxan izan duen gorakadak eta koalizioak udal gobernu abertzaleak eta euskaldunak eratzeko erabakia hartu izanak ia alkate makilarik gabe utzi du Espainiako alderdi eskuindarra.

EAJren nagusitasuna

Gaur egun, Mañuetan eta Navaridasen baizik ez du agintzen PPk, 250 eta 200 biztanle inguruko udalerri txikietan. Kontrara, EAJk uzta ederra jaso zuen azken udal hauteskundeetan, 2019an, EH Bildurekin egindako aliantzei esker. Hala, Arabako Errioxako hiru udalerririk populatuenetan agintzen du: Oionen, Bastidan eta Guardian, azken bi horietan EH Bildurekin batera; eta EAJk du aginte makila Elvillarren, Kripanen, Lantziegon, Lezan, Villabuenan eta Ekoran ere.

EH Bilduk badu alkate bat upategi garrantzitsuak dituen udalerri batean, PSEren babesari esker: Samaniegon. Han daude Ostatu, Amaren, Baigorri, Remirez de Ganuza, eta kanpoko inbertsio erraldoi batek Euskal Herriratu duen proiektu handinahi bat: Benjamin de Rothschild & Vega Sicilia (Macan). PSE, berriz, oso zokoraturik geratu da, eta soilik Moredan agintzen du, olibondoen herrian. Lapuebla de Labarcak eta Eltziegok osatzen dute eskualdeko hamabostekoa, eta Lapuebla Aurrerantz eta Zieko Bai zerrenda herritarren esku daude.

Nola eragin dezake orain ABRA Arabako Errioxako upategi eta mahastizain txikien elkarteak sustatutako zigilu berriaren auziak? Ez da erraza aurreikusten, baina alderdi bakoitzak posizio desberdina hartu du eskualdearen geroarekin lotzen duten auzi garrantzitsuan. EH Bilduk argi eta garbi babestu ditu Errioxako markatik atera eta zigilu propioa egiteko erabakia hartu dutenak. EAJ, berriz, Errioxako kontseiluaren eragina apaltzeko beste bide baten alde ari da, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusi eta egungo hautagaia buru delarik. Espainiako Kongresuan lege aldaketa bat bultzatu zuten jeltzaleek iaz, Errioxako kontseiluaren ordezkaritza bat egin ahal izateko Arabako Errioxan, betiere Euskal Herriko upategiak ez daitezen Logroñoren erabakien hain mendeko izan. Errioxaren itsaso zabalean Arabako ardoa desberdindu ahal izatea «hil ala bizikoa» baita upategi gehienentzat, sarritan azaldu dutenez.

Errioxako erkidegoa

Jeltzaleen Madrilgo ekinaldia ezerezean utzi zuten, ordea, PSOEk eta PPk, ardoaren auzia garrantzitsua bihurtu baita haientzat ere, Errioxako erkidegoari begira. PSOEko Concha Andreu da Errioxako presidentea: enologoa da, eta familia loturak ditu Ramon Bilbao upategi handiarekin. Erkidegoko hauteskundeak ere egingo dituzte han maiatzaren 28an, eta, gaur egun, PPren eta PSOEren arteko lehiaren arloetako bat da «Arabako traidoreekin» nor den gogorragoa. Esaldi hori eta «Errioxa gurea da» moduko beste hainbat ohiko bihurtu dira Ebroren hegoaldean, alderdien eta hedabideen artean.

Iparraldean, ordea, nekea eta etsipena oso agerikoak dira, urte askoan nozitu baitute Errioxako upategi handien interesen harlauza, eta zigiluen auzia azken legegintzaldian bizi-bizi azaleratu izana beste bultzada bat izan daiteke abertzaleen azken urteotako goraldirako. Arabako Errioxarentzat, oraina eta geroa da ardogintza, eta beste interes batzuk dituzte han Errioxako enpresa handien aldean: kalitatea lehenetsi nahi dute Araban, eta ez kantitatea. Alderdiek oso kontuan dute Errioxako PPk eta PSOEk Arabako eragile askori egindako gutxiespenak erreakzio bat eragin dezakeela bozetan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Arkaitz Rodriguez, atzo, Arrasateko Uarkape frontoian eginiko hitzaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sortuk abagunea baliatu nahi du Madrilen nazio auzia jorratzeko

Iosu Alberdi

Alderdi independentistak VI. Nazio Konferentzia egin du, eta militanteek aurrera begirako plan politikoa onartu dute. EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi dute

Josu Urrutikoetxea, 'No me llame Ternera' dokumentalaren une batean. ©

Auzi bat, ikuspegi desberdinak

Enekoitz Esnaola

Josu Urrutikoetxeak gehienbat ETAren hilketei buruzko galderak erantzun behar izan ditu 'No me llame Ternera' dokumentalean; maiz aipatu du «sentitzen» duela. Gainetik jorratu dute «gatazka».

 ©BERRIA

Torturak blaitutako irail hura

Gotzon Hermosilla

Egunotan 30 urte beteko dira Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro Espainiako polizia indarren eskuetan zeudela hil zirenetik. Haien kasuek argitu gabe jarraitzen dute.

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Sanchezek lortuko du inbestidura aurrera ateratzea»

Gurutze Izagirre Intxauspe

Erronka nagusiak gizarte gaietan daudela uste du Anduezak, eta horretarako politikak garatzea da Alderdi Sozialistaren lehentasuna. Nazio auzia ez dago gizartearen kezken artean, haren aburuz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.