urtzi urkizu
Donostiako 68. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Langile auzoak

2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Zinemaldiko hasierako galan eman zuten bideo bat Donostiako auzoei eskainitakoa izan zen, Rafa Berrio zenaren No pienso bajar más al centro kantarekin. Iruñeko Txantrea auzoa funtsezkoa da Enrique Villareal Drogas-en bizitzan. Hala kontatzen du Barricadako musikari ohiak Natxo Leuzak egin duen dokumentalean. Barricadaren kantak ez ziren izango izan direna Drogas hiri bateko erdialdean jaio izan balitz. Musikariak oroitzen du nolako arrakasta zuen bere talde ohiak Madrilgo Vallecas auzoan. Dokumental indartsu eta sentibera da El Drogas, eta oso adierazgarria da Gorka Urbizuk hari buruz esaten duena: «Egiten duen gauza bakoitzean jartzen duen maitasuna lezio bat da, eta begiratzeko ispilu bat da». Urbizuk Berri Txarrak-ekin kantatu zuen Beude, eta abesti horretan aipatzen diren txokoek eman dezakete dokumental indartsuetarako. «Ez dadila haria eten». Ez daude auzoetan Beude-ko txoko guztiak, baina auzo mugimenduen espiritua dago haietan.

Gasteizko auzoetako bizitza osagai inportantea da David Perez Sañudoren Ane euskarazko filmean —momentu batean Errekaleor ere agertzen da—. Abiadura handiko trenaren obretan zaintzaile lanetan dabil ama sufritu bat, eta trenaren kontrako mugimenduan sartuta dago haren alaba. Amaren pertsonaia mamitsua da, indarrez eraikia, baina ahuldade zantzuak eta sakontasun eza nabari dira gainontzeko pertsonaia gehienetan. Falta zaio gidoia borobiltzea. Edonola ere, eskaintza interesgarria da Ane, eta badaude arrazoiak pentsatzeko Perez Sañudok etorkizun oparoa izan dezakeela.

Gauza bera esan daiteke Ekain Irigoieni buruz: Hijos de Dios lanean, kalean bizi diren bi lagun grabatu ditu, etxegabeen erretratu gordin eta bizia eraikiz.

Langile auzoetako kalerik gabe, ez ginateke ezer.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.