Gerra Ukrainan. Errefuxiatuen krisia

Munduan errefuxiatu gehien jaso dituzten herrialdeetan bigarrena bilakatu da Polonia

Hiru miloi lagun baino gehiago irten dira Ukrainatik, eta horietatik erdiak baino gehiago Poloniara joan dira babes bila, UNHCR-ren arabera

Ukrainatik irten diren zenbait iheslari, Budomierz (Polonia) errefuxiatuen kanpamentura bidean. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun

Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerraren eraginez, herrialdea uzten duten pertsonen kopurua goraka doa etengabe. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako azken datuen arabera, hiru milioik baino gehiagok Ukraina utzi dute hiru aste baino gutxiagoan, eta horietatik 1,8 milioi Poloniara joan dira. Hain zuzen ere, iheslarien erdiak baino gehiago. Hala, munduan errefuxiatu gehien jaso dituzten herrialdeetan bigarrena bilakatu da Polonia.

Ikusi gehiago:Korridore humanitario bat zabaltzeko eskatu dute Txernobylgo umeen elkarteek eta Jaurlaritzak

Ukrainatik kanpo ez ezik, barruan ere egon dira lekualdaketak: 1,85 milioi pertsona desplazatu dira herrialdearen mugen barruan. Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkaren ondorioz, Errumania da errefuxiatu gehien hartu dituzten estatuetan bigarrena: 459.000 lagun hartu ditu; atzetik, Moldavia da hirugarren, 337.000 lagun hartu ditu; Hungariara ia 268.000 iritsi dira; Eslovakiak 213.000 hartu ditu; Errusiak, 143.000; eta Bielorrusiak, 1.500 inguru.

NBE Nazio Batuen Erakundeak aurreikusi du gerrak bere horretan jarraitzen badu errefuxiatuen kopurua lau milioitik gorakoa izango dela, eta Ukrainan barne desplazatuen kopurua 6,7 milioira irits daitekeela. Halaber, 220.000 errefuxiatu baino gehiago dira Errusiara alde egin dutenak Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketatik.

Horietatik erdiek Errusiaren inbasioa baino lehenago alde egin zuten. Errusiako Gobernuak, ordea, baieztatu du Donbassko herri errepubliketatik Moskura alde egindakoen kopurua 250.000tik gorakoa dela. 2014tik 800.000 barne desplazatu zeuden Ukrainan.

Polonia, ukrainarren aterpe

Ukrainatik ihesi doazen errefuxiatu gehienen babeslekua da Polonia. Hori horrela izatearen arrazoi nagusietako bat da Polonian milioi bat ukrainar baino gehiago bizi zirela lehenagotik. Batez ere, soldata hobeak, bisa lortzeko erraztasunak eta antzeko hizkuntza batek erakarrita migratu zuten Poloniara. Horrez gain, Poloniak harrera ordenatua eman ahal izan du, neurri handi batean, beste helmuga batzuetara igarotzeko herrialdea delako, hala nola Alemaniara, Italiara, Espainiara edo Erresuma Batura.

Poloniako Gobernuak ere baditu arrazoi ekonomikoak errefuxiatuak hartzeko. Izan ere, herrialdeak EB Europako Batasuneko ekonomiarik indartsuenetan seigarrena du, eta, hazkunde ekonomikoari eusteko, beharrezkoa du eskulana. Eurostaten arabera, joan den urtean Polonia izan zen EBko bloketik kanpoko herritarrei bizileku baimen gehien onartu zizkien Europako herrialdea.

Guztira, 598.000 iheslariri eskaini zien babesa. Alemaniak edota Espainiak jaso zituztenen bikoitza, alegia. Errefuxiatuen gehiengoari lan arrazoiengatik eman zitzaien bizileku baimena; gehienbat, eraikuntzan eta teknologia berrietan lan egiten zutenei.

Poloniako Gobernu ultrakontserbadoreak jarrera kontraesanezkoak izan ditu errefuxiatuen kudeaketan. Izan ere, Bielorrusiaren eta Poloniaren arteko mugan dauden milaka migratzaileekin jarrera gogorra erakutsi zuen aurreko urtean.

Migratzaile gehienak Iraketik, Siriatik eta Afganistandik joandakoak dira, eta EBko beste herrialderen batera joatea dute helburu. Baina Poloniak ateak itxi zizkien, eta milaka soldadu ditu muga zaintzen.

Hori gutxi ez, eta urte hasieran murru bat eraikiko zuela iragarri zuen Poloniako Gobernuak. Eta hori ez da adibide bakarra, 2015ean ere, EBk Mediterraneoko krisiari irtenbidea emateko, errefuxiatuak banatzeko kuota sistema bat ezarri zuen, eta Poloniak uko egin zion —Hungaria eta Txekiarekin batera— bere zatia hartzeari.

Beste herrialdeak

Turkia da munduan errefuxiatu gehien hartzen dituen herrialdea. Guztira, 3,7 milioi iheslari ditu.

Horietatik gehienak Siriatik datoz. Baxar al-Assad Siriako presidentearen erregimenaren aurka hasitako herri matxinada gerra zibilean amaitu zen, eta horrek eragin zuen milioika lagunek herrialdea utzi behar izana. Horrez gain, Ekialde Hurbileko herrialdeetatik Europara sartzeko bidea da Turkia.

Hirugarren, Kolonbia dago. 1.700.000 milioi iheslari daude herrialdean, Venezuelatik joan dira Karibeko herrialdean duten krisi sozial, politiko eta humanitarioaren ondorioz.

Laugarrena da Uganda, 1,5 milioi iheslarirekin. Afrikako herrialdeak Kongoko Errepublika Demokratikoarekin eta Hego Sudanekin egiten du muga; eta bi herrialde horiek denbora luzeko krisi humanitario batean daude murgilduta gaur egun. Pakistan da bosgarrena, 1,4 milioi errefuxiatu baititu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.