Errefuxiatuen Krisia

Korridore humanitario bat zabaltzeko eskatu dute Txernobylgo umeen elkarteek eta Jaurlaritzak

Orain arte Txernobyl inguruan bizi ziren umeei harrera egiten zieten familiek egin dute eskaera; ohartarazi dute haurren egoera «jasanezina» dela gaur egun. Eusko Jaurlaritzak, gaur-gaurkoz, 262 errefuxiaturi eman die arreta.

Ukrainako migranteen karabana bat, Getxoko hondartza iristen. MARISOL RAMIREZ/FOKU
jone arruabarrena
2022ko martxoaren 16a
12:50
Entzun

«Ebakuazio segurua Poloniara edo Ukrainaren mugakide den Europako Batasuneko beste estatu kide batera, guk hartu ahal izateko, eta, betiere, nahi badute, gure familiekin batu ahal izateko». Hori eskatu dute gaur Chernobileko Umeak, Chernobil elkartea, Chernobilen Lagunak eta Ukrainia Gaztea elkarteek.

Agerraldia egin dute Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, eta sailburuak ere adierazi du Jaurlaritzak bat egiten duela eskaera horrekin: «Berrehun adingabe baino gehiago atera nahi ditugu, gure harrerako seme-alaba diren gazteak; haiek, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, gure herriaren zati dira». Jakinarazi dute horretarako Iñigo Urkullu lehendakariak korridore humanitario bat zabaltzeko eskaera egin diola Espainiako Gobernuari.

Ikusi gehiago:Nafarroak Ukrainako 374 errefuxiatu hartu ditu

Agerraldia egin duten lau elkarteek urteak daramatzate Txernobylgo eremutik hurbil bizi diren umeei harrera egiten, eta, orain, etxean izan dituzten haur horiek berriro Euskal Herriratzeko eskatu dute, bizi duten egoera «jasanezina» dela eta. «Ume horiek, dagoeneko, osasun, heldutasun eta garapen egoera larriak dituzte. EAEko familiek adingabe horiek hazten ikusi dituzte, eta senitartekotzat dauzkate», adierazi du Artolazabalek.

Gainera, elkarteetako kideek adierazpen baten bidez azaldu dute korridorea zabaltzea «koherentea» dela familia berriro elkartzeko printzipioarekin: «Gure familiak haienak ere badirela sentitzen baitute, eta geuk ere beraienak garela sentitzen baitugu».

Antolatu beharreko elkartasuna

Era berean, Artolazabalek herritarrei eskertu die Ukrainarekiko adierazitako elkartasuna, baina laguntza hori antolatzeko beharraz ohartarazi du: «Elkartasun hori bideratzen jarraitu behar da, eta antolatzen, eraginkorra izan dadin; izan ere, borondaterik onenak eragin kaltegarriak ekar ditzake». Beraz, dei egin du elkartasun keinu guztiak Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak gaitutako eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteak horretarako kudeatutako buzoiaren bidez edo Gurutze Gorrira deituz kudeatzera. Oraingoz, 3.000 mezu baino gehiago jaso dituzte buzoian errefuxiatuei harrera egiteko eskaintzekin.

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria, berriz, kezkatuta agertu da gaur Onda Vasca irratian eman duen elkarrizketa batean: «Gaur egun ez dakigu honek ze dimentsio hartuko duen». Horregatik, nabarmendu du garrantzitsua dela administrazioak «prest» egotea edozein egoerari aurre egiteko. Bide horretan, Donostian eta Hondarribian errefuxiatuentzat egokitu dituzten aterpetxeez aritu da.

Hala ere, azaldu duenez, «zaila» da Araba, Bizkai eta Gipuzkoara heltzen ari diren errefuxiatuak zenbatzea, modu «ordenatuan» heltzen direnez gain, beste asko «migrazio fluxu arrunten bidez» iristen ari direlako—hemen senitartekoak edo lagunak dituztenek hartzen dute bide hori, batez ere—. Oraingoz, Eusko Jaurlaritzak antolatutako baliabideen bitartez 262 errefuxiaturi eman diete arreta. Nafarroan, berriz, 417 pertsonari egin diete harrera; horietatik 192 adingabeak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.