Koronabirusa

Trazabilitatea: gainditu gabeko ikasgaia

Kutsatzeen jatorria detektatzeko prozedurak hutsuneak dituela salatu dute hainbat adituk eta ordezkari politikok. Jaurlaritzak dio kasuen %50 identifikatzen dituela, baina ez du datu zehatzik ematen. Nafarroan, jatorri ezaguna dute lau kasutik hiruk.

Jendea pasieran, Donostiako Parte Zaharreko kaleetan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Misterio bat da, oraindik orain. Izurria zabaldu zenetik urtebete luzera, jendea COVID-19az non kutsatzen den jakitea auzi konplexua izan daiteke Euskal Herriko eremu administratiboaren arabera: Frantziako Gobernuak eta Eskualdeko Osasun Agentziak ez dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako kasuei buruzko datu bereizirik ematen; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, datu gordina eman bai —kasuen %50,5 jatorri ezagunekoak dira, Osasun Sailaren arabera—, baina Eusko Jaurlaritzak ez du zehaztu pertsona horiek non hartu zuten birusa; Nafarroako Gobernua da, Euskal Herriko administrazioen artean, informaziorik zehatzena eskaintzen duena: identifikatuak ditu kutsatzeen %75etik gora, eta astero argitaratzen ditu datu horiek, zaintza epidemiologikoari buruzko txostenean.

Eta zertarako da hain garrantzitsua kutsatzeen jatorria ezagutzea? Bada, egoeraren diagnostiko hobea egin eta izurriaren aurkako estrategia eraginkorrak diseinatzeko. Trazabilitate on bati esker, neurri zehatzagoak ezar litezke, kutsatze foku nagusietan eragiteko. Eta kontrara: trazabilitate txar batek antzu bihur ditzake izurriaren aurkako estrategiak. «Argazki osoago bat behar dugu», laburbildu du Ugo Mayorrek, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerbasque fundazioko ikerlariak: «Nafarroan edo Errioxan duten trazabilitate maila beharko genuke Euskal Autonomia Erkidegoan ere: %75-80 ingurukoa, alegia. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, identifikatutako kasuen ehunekoa %40ren bueltan ibili da hainbat hilabetez, eta orain, %50era igo da, baina gutxi da hori. Kutsatzeen erdiak nondik datozen ez jakitea larria da. Informazio asko galtzen ari gara horrela».

Nafarroan argitaratutako azken txostenaren arabera —martxoaren 22 eta 28 artekoa—, aste horretan gaitza hartu zutenen %42 etxean infektatu ziren, senide edo bizikide batek kutsatuta. Bigarren multzorik handiena da harreman sozialena: %21. Lagunarteko bilkuretan, ostalaritzan eta bestelako harremanen bidez gertatutako kutsatzeak erregistratzen dira epigrafe horren pean. Birusa lantokian hartu dute kasuen %5,9k, eta eskolan, berriz, %6,2k.

Eusko Jaurlaritzak ez du informazio hori ematen. Kutsatzeen %50,5 identifikatuta dituztela adierazi arren, orain arte ez dituzte argitara eman jatorriari buruzko datu osoak. Otsailean, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean eginiko eskaera bati erantzunez, urritik urtarrilera bitarteko agerraldiei buruzko datuak eman zituen Gotzone Sagardui Osasun kontseilariak. Datu horiek, baina, argazkiaren zati txiki bat besterik ez dute erakusten: «Agerralditzat jo dituzte toki berean hiru positibo edo gehiago eragin dituzten egoerak soilik, gainerako kutsatze guztiak kanpoan utzita», kexu da EH Bilduko eledun Rebeka Ubera. Horregatik, erantzunak eman beharrean, Osasun Sailaren datuek «zalantza gehiago» eragin dituztela uste du: «Non gertatzen ari dira gainerako kasuak, hiru kutsatzetik beherakoak? Emandako datuen arabera, badirudi kasuen %10-20 soilik daudela identifikatuta; hortaz, zergatik dio Jaurlaritzak trazabilitatea %50ekoa dela?».

Hori guztia ezagutze aldera, beste informazio eskaera bat erregistratu zuen Uberak martxoan, Osasun Sailak informazio «osoagoa» eman dezan, eta, agerraldiez gain, kutsatze eremuak ere zehatz ditzan.

Informazio partziala

Osasun kontseilariak argitaratutako txosten baten arabera, urtarrileko agerraldien %28 ikastetxeetan gertatu ziren; %23, egoitza soziosanitarioetan; eta %19, berriz, lantokietan. «Ustez, protokoloak dauden eremuetan gertatu dira agerraldi gehienak», esan du EH Bilduko legebiltzarkideak.

Mayorren ustez, ordea, «tentuz» aztertu behar dira datu horiek, «interpretazio alboratuak edo okerrak» saihesteko: «Datuei erreparatuta, ondoriozta genezake metroan eta garraio publikoan ez dela inor kutsatu, baina oker geundeke. Arazoa da metroan ez dagoela inongo trazabilitaterik». Non egiten diren probak eta arakatzeak, horra gakoa: «Eremu soziosanitarioan test asko egiten direnez, kasu gehiago detektatzen dira. Eskoletan neurri berean eginen balira, askoz positibo gehiago azaleratuko lirateke ziurrenik, baina kutsatutako haur gehienak asintomatikoak direnez, ez zaie probarik egiten».

Taberna eta jatetxeetan, detekzio sistema are akastunagoa dela uste du Mayorrek: «Jatetxe batean 40 edo 50 pertsona badaude eta norbaitek karga biriko handia badu, beste asko kutsa ditzake, baina ez da erregistratzen nor egon den. Noizean behin egiten da baheketa ireki bat, baina ez da ohikoa: tabernetan kutsatu diren asko ez dira datuetan azaltzen». EHUko ikerlariarentzat, «ulertzen zaila da» zergatik ez den «aplikaziorik edo kodifikatutako erregistro sistemarik» ezarri ostalaritzako eta beste eremu batzuetako kontaktuak identifikatzeko. Are: aztarnarien lana «indartu» eta «zabaldu» beharko litzatekeela uste du Mayorrek. Horretarako bide bat da atzerako arakatzea: azken bi egunetako kontaktuak ez ezik, zazpi egunetakoak aintzat hartzea. Sistema horretan «sakondu» behar dela gaineratu du Uberak.

Beste metodo bat ere proposatu du Mayorrek: PCR probak egitea, positibo baten kontaktu estuei ez ezik, gainerako guztiei ere: «Bulego batean positibo bat detektatzen bada, lankide guztiei egin beharko litzaieke proba, maskara jantzita izan ala ez. Luzera begira, trazabilitatea hobetzeaz gain, proba gutxiago egin beharko genituzke, transmisio kateak garaiz etenda, askoz kutsatze gutxiago gertatuko liratekeelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.