Nerabeak eta euskara: desorekaren sintomak

DBHko ikasleek euskararekin duten atxikimendua ikertu dute Nafarroan. Ikusi dute gaitasuna hutsune handia dela: euskaraz egin nahi, eta ezin. Motibazioan ere nabari dute eragin beharra: umeekin lantzen dute eskolan, baina, koskortu ahala, gutxiago.

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko ekainak 6
Gaztetxoak eta euskara. Kezka kutsuz hartu ohi da gaztetxoek euskararekin duten harremana: ezagutza handitzen ari dela etengabe, gehienek badakitela euskaraz, baina ez dutela erabiltzen. Zer atxikimendu duten gaztetxoek euskararekin, horri buruzko azterketa bat egin dute Nafarroan. Ikasle askok aitortu dute gaztelaniaz aritzeko joera dutela, ohitura dutela erdarara jotzeko. Hain justu, hizkuntza ohituren gaia pil-pilean dago euskalgintzan. Hala ere, ohitura seinale bat dela ikusi dute ikertzaileek. «Ohitura aipatzen denean, sintoma bat aipatzen ari gara, ez sakoneko arrazoia». Bi ildotako arrazoibideak nabaritu dituzte: batetik, atxikimendua, euskaraz egiteko nahia; bestetik, egiteko egokiera, norbere gaitasuna. Bien arteko desorekak «barne tentsioa» sortzen du.

Hiru erakunde hauek egin dute ikerketa: Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak —Nafarroako Gobernuaren menpekoa—, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Berriozarko Udalak. Hurrenez hurren, Yolanda Olasagarre, Carlos Vilches eta Rosa Ramos aritu dira; D ereduko hamabi eskola izan dituzte aztergai. Txosten batean bildu dituzte azken emaitzak: DBHko ikasleen hizkuntza atxikimendua hobetzeko ikerketa eta esku hartzea.

Ikerketa kualitatiboa egin dute; «ikasleen sentimenduak, sentsazioak, emozioak eta bizipenak» izan baitituzte aztergai, Vilchesek dioenez. Eredu horrekin, «ikasleen diskurtso kontaketa» eskuratu ahal izan dute. Jasotako datuen arabera, euskal adarretako ikasleek ez dute ikuspegi txarra euskararekiko: «pozik» daude. Hala ere, baikortasunaren zergatia ez da bera gaztelaniari edo euskarari dagokionez. Gaztelaniaren kasuan, balio funtzionala ageri da: komunikatzeko gai direla, denek ulertzen dutela... Euskararen kasuan, balio sentimentala: zaharra dela, polita... Desoreka zantzuak.

Eskolan, umetan

Euskararekiko jarrera ona daukate nerabe gehienek, baina denek ez dute lotura bera. «Ongi dago familiak euskararen aldeko jarrera agerian uztea, baina ez da nahikoa», ohartarazi du Olasagarrek. Euskara etxean bertan jaso dutenek, oro har, lotura beteagoa ageri dute euskararekin. Eskolan ikasi dutenen kasuan, berriz, irakasleak dira erreferentzia nagusia, batez ere umetako irakasleak: lehen urteetakoa da euskararekiko lotura handiena. «Euskararen ikaste prozesuan lagungarriak diren erreferente sinbolikoak batez ere hezkuntzaren hasierako etapetan txertatu eta landu dira», azaldu du Ramosek. Bigarren Hezkuntzan euskararekin izaniko lotura afektiborik ez dute aipatu nerabeek. Hutsunea da, ikertzaileak dioenez: «Garrantzitsua da Bigarren Hezkuntzan ere motibazioa lantzea; ezinbesteko osagaia da gaitasunean aurrera egiteko, eta, ondorioz, erabilerara jauzi egiteko».

Atxikimenduarekin eta gaitasunarekin lotuta, ikerketan kontzeptu bat sartu dute: barne gatazka. Ikasle askok desoreka dute atxikimenduaren eta gaitasunaren artean. «Atxikimendu altua eta komunikazio gaitasun nahikorik ez duten ikasleek sentimendu ezkorrak adierazten dituzte aurretik zituzten espektatibak ezin dituztelako bete», ohartarazi du Olasagarrek. Euskara ez dute nahi adina erabiltzen gaztetxo horiek, eta frustraziorako bidea dakar horrek, Ramosek dioenez: «Nahiaren eta ezinaren arteko tentsioa oso gogorra da batzuetan, eta deserosotasuna, beldurra, lotsa eta halako hitzak agertzen dira haien adierazpenetan».

Tentsio horrek badauka arrisku bat: atxikimendua apalduz joatea, «ukatzea eta urruntzea». Hori saihesteko, ezinbestekoa da gaitasunean urratsak egitea. Ikertzaileek ahozkoan ikusten dute indarra egin beharra. Olasagarrek dio: «Oso ohikoa da ikasleek ahozko adierazpenetan zailtasunak izatea, eremu soziolinguistikoa edo gertuko hiztun multzoa oso euskalduna dutenen kasuan izan ezik. Beraz, ahozko gaitasunak indartu behar dira, eta ikasle bakoitzaren hiztun profilari begiratu. Hurbil dauzkan helburuak lortzeak motibatuko du ikaslea».

Ezagutza soziolinguistikoa

Gaitasuna hobetzeko helburuarekin batera, ikertzaileek funtsezkotzat jo dute barne gatazka hori kudeatzeko baliabideak eskaintzea. «Gainerakoan, ikasleak baliabiderik gabe daude egunero hartu beharreko hizkuntza erabakietan». Finean, ikuspegi soziolinguistikoa txertatzeaz ari dira: «Hizkuntzei buruz dauden prozesuen inguruko gogoetak egitea eta horien gaineko jakintza izatea. Horrek ikasleak trebeago egingo ditu egunerokoan hizkuntzaren gaineko erabakiak hartzeko». Bestela, izan ere, arriskua sumatu dute nerabeek gaztelaniara jotzeko, nahiz eta euskaraz jakin: euskara non eta nola eskuratu duten, aldea dago ikasleen adierazkortasunean eta aberastasunean. «Hurbilpen moduak bilatu behar ditugu, nahiz eta jakin hasieran ahalegina eskatuko diela batzuei eta besteei. Lan hori egiten ez bada, arrisku handiagoa dago gaztelania erabiltzeko joera nagusitzeko hiztun profil desberdinen arteko komunikazioan».

Finean, estu lotutako aldagaiak dira euskara gaitasuna eta atxikimendua. Eta erabilerarako oinarria dira. Ramos: «Erabilera posible izanen da bakarrik gaitasun eta motibazio nahikoa badago».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna