Albistea entzun

«Bero oldeek arrastoa uzten dute ozeanoan»

Ozeanoak babesteari buruzko nazioarteko kongresu bat egiten ari da EHU egunotan, Bilbon eta Donostian. Irekiera hitzaldian, konfiantza politiko eta inbertsio ekonomiko handiagoak eskatu ditu Luis Valdes adituak itsas zientzien ikerketarako.
Itsas zientzialari bat, lagin batzuk hartzen, Mexikoko kostaldean.
Itsas zientzialari bat, lagin batzuk hartzen, Mexikoko kostaldean. LORENZO ALVAREZ FILIP / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2022ko irailak 8 - Bilbo

Amaitzen ari den uda bero honetan, ozeanoetara begira daude zientzialari asko, ikertu beharreko gaiei gehitu baitzaie ur masa horien berotzea. Arreta hori baliatu du Luis Valdes ikerlariak, zientziaren egitekoa aldarrikatzeko: «Zientziarik gabe, ez dago iraunkortasunik: garapen iraunkorraren zutabeetako bat izan behar du ikerketa zientifikoak». Klima krisiari lotutako albisteetan arnastu ohi den alarmismotik ihes egiteko ere balio du zientziak, haren hitzetan: «Antropozenoan, gizakion jardunak eragin handiagoa du planetan sistema geologikoek baino. Grafikoetan azelerazio handia ikus daiteke... baina ez denetan. Arrantza baliabideen gaineko presioa, adibidez, apaltzen ari da: arrantzaleek ulertu zuten biologoon lana haien mesedetan zela, eta gure konplize bihurtu ziren. Halakoek adierazten dute kapaz garela ekosistemak ondo kudeatzeko, baldin eta zientzian konfiantza badago eta neurri egokiak hartzen badira».

Ozeanoak babesteari buruz EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbon abiatutako nazioarteko kongresua irekitzea egokitu zitzaion atzo Valdesi. Santanderko (Espainia) Ozeanografia Zentroko zuzendaria da egun, baina 35 urtetik gorako eskarmentua du itsasoei buruzko ikerketan, eta Unescoko kide ere bada. Hain justu, zientzia ozeanikoei buruzko munduko txostena aurkeztu zuen atzo, eta, BERRIAri egindako adierazpenetan, ikerketak ondo komunikatzearen eta gizarteratzearen garrantzia nabarmendu zuen: «Oro har, herritarrek eta politikariek ez dituzte zientzialarion artikuluak ulertzen; halako txostenen egitekoa da interfaze gisa jokatzea, eta zientzia ulergarri jartzea».

Txosteneko datuei begira, ondorioztatu du ozeanoen inguruko ikerketaren arloa osasuntsu dagoela: «Ozeano zientzien komunitatea oso ondo egiten ari da bere lana. Politikariek konfiantza izan behar lukete haiengan, eta baliabide gehiago eman». Izan ere, planetaren azaleraren %72 hartzen dute ozeanoek: «Arreta jarri behar diegu, ondorio nabarmenak baitituzte gizakien eta naturaren bizitzan, bai klimaren erregulatzaile moduan, bai zerbitzu ekosistemikoen hornitzaile gisa —oxigeno produkzioa, ur zikloak...—. Ozeanoak oso garrantzitsuak dira, baina oso gutxi inbertitzen da haiei buruzko ikerketan. Garapen iraunkorrerako helburuetan zehaztutakoa betetzeko oso baliabide gutxi ditugu. Frustragarria da».

Ezagutza arlo zabala

Ikerketa eremu zabala dira itsas zientziak, baina, Valdesen arabera, hiru alor nagusi daude. Bat, kutsadura: «Lehen, metal astunetan zentratuago geunden, eta, orain, itsasoko zaborra eta plastikoak ere ikertzen ditugu». Bi, arrantzaren gehiegizko esplotazioa: «Bakailaoa, legatza eta antxoa berreskuratu ahal izan ditugu, zientziari, arrantzaleen konplizitateari eta neurri politiko batzuei esker. Stockak nabarmen hobetzen ari dira». Hiru, klima aldaketa: «Aurrerantzean adiago aztertu beharko dugu nola eragiten duten bero boladek itsas ekosistemetan».

Jardun ekonomiko berrien harira, ordea, azken urteetan aztergai berriak agertu direla erantsi du, itsas hondoetatik mineralak ateratzeari edo nazioarteko uren bioaniztasunari lotuta, besteak beste. Alde horretatik, gogora ekarri du abuztuan goi bilera bat antolatu zuela NBE Nazio Batuen Erakundeak nazioarteko urak babesteko asmoz, baina negoziazioek porrot egin zutela. Eztabaida horietan auzi etikoak kontuan hartzeaz mintzatu da: «Zientzian etika egon behar da, eta ez dago beti». Eta Antartikan eta Artikoan gertatua alderatu du: «Antartikan, edozein herrialdek jar dezake ikerketa egoitza bat, baldintza batzuk betez gero, bere garaian erabaki zelako hura ez zela inorena izango, baizik bakerako eremu bat. Hori bera ezin da gauzatu Artikoan: interes ekonomiko asko dago han. Artikoko baliabide naturalek zergatik izan behar dute Kanadarenak edo Errusiarenak, eta ez gizadi osoarenak?».

Edonola ere, onartu du nazioarteko urei buruzko araudi bat ezartzea «oso-oso zaila» dela. Horren adibide gisa jarri du orain urte batzuk izandako eztabaida bat: «Klima aldaketa arintzeko, geoingeniaritza teknika bat martxan jarri zuten: ozeanoan, klorofila gutxiko guneetan, burdina bota zuten, fitoplanktona produzitzeko eta, hala, uretako karbonoa gutxitzeko. Gune horiek nazioarteko uretan zeudenez, nahasmen handia sortu zen, eta NBEk esku hartu behar izan zuen, halakoak egitekotan, komunitate zientifikoa jakinaren gainean edukitzeko, eremu eta denbora mugatuan egiteko, eta abar».

Valdesen ustez, eztabaida hark agerian utzi zuen NBEren «ahultasuna» halakoak kudeatzeko: «NBEren barruan hamalau entitatek dute loturaren bat ozeanoekin; adierazpen bat adosteko, asteak behar izan genituen. Bozeramaile bat behar dugu ozeanoez hitz egiteko; baita Europako Batasunean ere».

Ozeano urak, beroago

Baina azken asteetan beste arrazoi batek piztu du ikerlarien arreta: ozeanoak nabarmen beroago daude. Bereziki kezkagarriak izan dira Mediterraneo itsasoan erregistratutako tenperaturak, 29 gradura artekoak, baina Bizkaiko golkoko urak ere batezbestekoaren gainetik ibili dira: 25 gradura iritsi dira. «Bero oldeek arrastoa uzten dute ozeanoan», berretsi du Valdesek: «Datuek erakutsi digute uraren tenperaturan nabaritzen direla, batez ere azaleko uretan».

Dena den, berotze horrek ez du eragin bera kostalde eta ur masa guztietan epe ertain eta luzera. «Bizkaiko golkoan eta halako itsaso epeletan, espezieak oraindik sufritu gabe bizitzeko moduko tenperatura tartean daude, normalean ur sakonagoetan bizi baitira, eta bestela pixka bat jaitsi baitaitezke. Baina Mediterraneoan bero oldeak maizago gertatzen dira, eta bortitzagoak eta luzeagoak dira. Beraz, ondorio handiagoak izan ditzakete ekosistemen biologian». Eta lankideei dei egin die: «Alor horretan zientzia asko dago egiteko».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek egindako agerraldia, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

«Harreman asimetrikoak» hausteko eskatu diote Jaurlaritzari

Edurne Begiristain Iosu Alberdi

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek kontsultarako mahai bat proposatu diote Gasteizi, bitartekari lana egiteko

Jonan Fernandez, atzo, gazteen emantzipaziorako estrategia aurkezten. ©IREKIA

Emantzipatzeko laguntzak jasoko dituzte 25 eta 29 urte artekoek

Edurne Begiristain

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatzeko estrategia ondu du. 2030erako 29 urtera jaitsi nahi du gurasoen etxea uzteko adina

Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria agerraldi batean ©Guillaume Fauveau

EEPko ordezkariek Parisen isiltasuna deitoratu dute

Garazi Aduriz Zuñeda

Irailean egin zuten bilkura Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aipatu zuten nagusiki.

Donostiako ospitalaren atarian gaur goizean egindako protesta bilkura ©Javier Etxezarreta / Efe

Donostia ospitaleko 150 langile inguru batu dira gaur ESIko zerbitzuburuen elkarretaratzera

Edurne Begiristain

Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa salatzeko, protesta jendetsua egin dute goizean ospitaleko atarian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...