Noiz sortua: 2020-06-27 00:30:00

Ziurtasunik gabe ekinen diete bidaiei

Hiru hilabetez bisitarik gabe egon ondotik, berriro joanen dira errepidera euskal presoen senide eta lagunak. Urruntasunak «arrisku» eta «ziurgabetasun» handiak ekarri dizkie: bisik ez, ordutegi ezberdinak, eta, kilometroez gain, kutsatzeko arriskua.
Elias Miner senidea eta Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramailea, herenegun, Hernanin.
Elias Miner senidea eta Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramailea, herenegun, Hernanin. GOTZON ARANBURU / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2020ko ekainak 27

Hiru hilabetez euren senide eta lagunak ikusi gabe egon ondoren, berriro ere hasiko dituzte bidaiak euskal presoen senideek. Ilusioz daude, baina baita kezkaz ere. Izan ere, azken hiru hilabeteotan gertatu bezala, sentimendu orokor bat nagusitzen da haien artean: ziurgabetasuna.

«Esan digute eskularruekin eta maskararekin joan behar dugula, baina ez dakigu probak egingo dizkiguten sartzerakoan». Elias Minerrek Imanol anaia du kartzelan, eta joan den urteko azaroan ikusi zuen azkeneko aldiz. «Martxo hasieran joatea egokitzen zitzaigun, eta bertan behera utzi behar izan genuen. Apirilean genuen beste bat, eta bertan behera». Asteburu honetan jasoko du haren anaiak konfinamendua hasi zenetik lehen bisita, bikotekidearena; baina ez traba gutxirekin. «Arazo dezente eduki ditugu, aste erdian jarri digutelako, bi pertsonara murriztuta, segurtasuna mantenduta... Eta komunikazioa arrunta izango da: kristalean. Bisean bisekorik ez daukagu». Hainbertze denboraz ikusi gabe egon ondoren, ezinen du ukitu, ez besarkadarik eman. Joan eginen da, halere; uztailean. Ez, haatik, ziurgabetasun gutirekin. «Argi daukagu joan nahi dugula, baina ez dakigu neurriak nolakoak izango diren».

Granadan dauka anaia Minerrek, eta Espainiako Estatuko espetxe ia gehienetan antzekoa da egoera. Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak azaldu duenez, Espainiako Espetxe Erakundeek agindua eman dute senideak euren probintzia berean ez dituzten presoei bisitak asteburuetan jartzeko, bidaiak errazago egin ahal izateko. «Baina espetxe bakoitzak bere protokoloari jarraitzen dio. Ez dute aintzat hartu Espetxe Erakundeen agindua, eta hainbat senideri aste barruan jarri dizkiete bisitak. Batzuentzat ezinezkoa da aste barruan joatea». Bertze batzuetan, eguna ez ezik, ordutegia ere aldatu diete. Mirentxin Gidarien furgonetak antolatzeko zailtasunak ekarri dizkie horrek: «Bidaiatu dezakegu, baina ez digute koordinatzeko aukerarik ematen».

Errazkinek azaldu duenez, Frantziako espetxeetan kristalik gabekoak dira bisitak, beti. Baina hor ere, orain, segurtasun neurri zorrotzak jarri dizkiete. «Ezin da kontakturik egon, baina ez dago barrerarik: bisitetara joaten den orok sinatu behar du paper bat esanez maskararekin egongo dela momentu oro, eta inongo kontaktu fisikorik izan gabe». Arauak hautsiz gero bisita etengo luketela salatu du Errazkinek, eta presoa hamabortz egunerako bakartuko luketela. «Hiru hilabeteren ondoren aurrean eduki eta ezin ukitu ahal izatea... Egoerak oso gogorrak dira».

Eta, gainera, urrun

Minerrek eta Errazkinek gogoratu dute ez dutela presorik askatu COVID-19arekin loturiko arrazoiengatik, nahiz eta nazioarteko erakundeek gomendio hori egin dieten gobernuei. «Frantzian ia 10.000 preso askatu zituzten, baina euskal preso politikoak aparte utzi zituzten erabaki horretatik. Sei presori zegokien onura horiek hartzea. Espainiaren kasuan, zero: ez dio inongo gomendiori kasurik egin». Hurbilketak ere «gutxi» izan direla salatu dute, eta ez Euskal Herrira. «Itxurakeriazko pausoak», Minerren ustez.

Horrek guztiak berekin ekarri du pandemiaren eragozpenei urrunketarena gehitzea. «Martutenen egon balira, gu orain dela hiru aste hasiko ginen bisitak egiten», salatu du Minerrek. Izan ere, kartzelak bisitak baimentzen hasi ziren, baina ez, ordea, probintzia batetik bertzera mugitzea. «Urruntasunak, beste behin ere, ikaragarri zaildu du guztia», Errazkinen hitzetan.

Orain ere kezkatzen ditu urruntasunaren gaiak. «Baditugu bidea, betiko arriskua, kilometroak, orduak eta hori guztia, baina horri gehitzen zaio espetxe barruan eta bidean bertan kutsatzearen arriskua». Presoena «inoiz baino gehiago gizarte arazo bat» bilakatu dela uste du Minerrek. Espainiako Gobernuari egin dio ohartarazpena Errazkinek: «Asteburuero 400 bat euskal herritar penintsula osoan zehar ibiliko dira bidaiatzen, jaten, lo egiten, bisitak egiten. Ja ez da bakarrik preso eta senideentzako arriskua, baizik eta penintsula guztian gaixotasuna zabaltzearena. Gobernu batentzat, horrelako arrisku bat hartzeak ez dauka inolako zentzurik, pasatu duguna pasatu eta gero». Minerren ustez, soluzio sinple bezain zaila du kontuak: «Borondate politikoa». Errazkin: «Kalera atera behar dugu, presio egiteko».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Hauteskunde Batzordeak bihar aztertuko du Ordiziako egoera

Hauteskunde Batzordeak bihar aztertuko du Ordiziako egoera

Arantxa Iraola - Jon Ordoñez Garmendia

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da Gipuzkoako herri horretan, eta tabernetako jarduna mugatu egingo dute. Beste taberna bat itxi dute, langile batek «positibo ahula» eman duela eta.

PCR probak egiten, aste honetan, Ordizian. ©JON URBE / FOKU

Maiatzaren 20tik ez zen hain datu txarrik positibo berrietan

Mikel P. Ansa

Hego Euskal Herrian azkeneko 24 orduetan 35 kasu positibo berri agertu dira PCR probak eginda. Maiatzaren 20an 31 kasu izan ziren, eta hilabete eta erdian ez da hain emaitza txarrik izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna